Berriak Osasuna
Eu

Jon Darpón: “Osasun sistemak eta farmaziaren alorrak erantzukizunak partekatzea funtsezkoa da gure osasun publiko eta kalitatezkoaren iraunkortasuna eta, beraz, babesa bermatzeko”

2017.eko maiatzak 24

Osasun sailburuak Farmaziak osasun-sistemaren kalitatea eta eraginkortasuna bermatzeko egiten duen lana azpimarratu du, eta egungo komunitate-farmaziaren ereduaren alde agertu da.

 

 

Gure osasun publiko unibertsal eta kalitatezkoak iraun dezan eta, hortaz, berau babesteko, osasun-sistemaren eta gainerako eragileen arteko elkarlanean eta elkarren erantzukizunean sakondu behar da, baita medikamentuak errezetatzeko arrazoizko erabilerarako irizpideak txertatu ere. Aipatu eragile horien artean daude farmazia-industria eta farmaziak. Hori adierazi du Jon Darpón Sierra Eusko Jaurlaritzaren Osasun sailburuak gaur Bilbon, Euskadiko Familia eta Komunitate Farmazien Elkarteak antolatutako Jardunaldi Zientifikoaren irekiera-ekitaldian.

 

“Osasunerako eskubidearen unibertsaltasuna –adierazi du− euskal osasun-sistema eusten duen printzipioetako bat da eta, hortaz, gure lehentasun nagusia da Euskadiko Osasun Sistema babestu eta indartzea, eta bere izaera unibertsal, publiko eta kalitatezkoari eustea”. Gaineratu duenez, horrek sistemaren iraunkortasuna, oraingoa eta etorkizunekoa, bermatzea esan nahi du –horixe da osasun-sistema guztiek aurre egin beharreko erronka nagusietako bat−, “baina hori ezin da pertsonen oinarrizko eskubideen kaltetan egin, osasunaren kasuan esaterako”, azpimarratu du; “gure sistemaren antolaketaren inguruan hausnartu eta erabakiak hartu behar dira, eta hori egiten ari gara, baita sistemaren zerbitzu-eskaintzaren eta behar dugun berrikuntza teknologiko eta farmazuetikoaren inguruan hausnartu eta erabaki ere, eta hori guztia nola finantzatu pazienteen onerako”.

 

Ildo horretatik, adierazi du farmazia funtsezko elementua dela osasun-sistemaren kalitate eta eraginkortasun globalerako, eta zeharka presente dagoela bere Saileko ildo estrategiko guztietan. Izan ere, Osakidetzak beti bermatu izan du pazienteek berrikuntzarako aukera izatea, eta horretan jarraituko du. Horretako, osasuneko emaitzei lotuago dauden finantziazio-eredu berrien aldeko apustua egin du, sistemaren berrikuntza eta iraunkortasuna bermatzeko.

 

 Jon Darpón sailburuak gogorarazi duenez, iraunkortasunari buruz hitz egiten denean, zahartzean eta kronikotasunean baino ez da arreta jartzen, eta saihestu egiten da horren mugatzaile nagusia garapen teknologikoa eta farmazeutikoa dela. Ildo horretatik, osasun-sistemaren eta gainerako eragileen arteko elkarlanean eta elkarren erantzukizunean sakontzearen alde agertu da; eragile horien artean daude farmazia-industria eta farmaziak. Horrez gain, medikamentuak errezetatzereakoan arrazoizko erabilerarako irizpideak txertatzearen alde agertu da. “Medikuaren agindu eraginkor eta kalitatezkoaren bidez, pazienteak medikamentu onenak izango ditu, eraginkortasun, segurtasun eta kostuari dagokienez, eta horrek osasunaren emaitzetan hobetzea esan nahi du”, ziurtatu du.

 

Sailburuak egungo komunitate-farmaziaren ereduari eustearen aldeko apustua berretsi du –horretarako, berau osasun-sistemaren gainerako eragileekin integratzea hobetuko da− baita balioa emango duten eta kostuari dagokionez eraginkorrak izango diren farmazia-arretarako programen bidez berrikuntzarekin jarraitzearen aldeko apustua berretsi ere. Hala, gogorarazi du Euskadi aitzindaria izan dela programa mota horien garapenean, Farmazeutikoen Elkargo Ofizialarekin eta Farmazia Bulegoekin 90eko hamarkadako lehenengo urteetatik aurrera. Garai hartan, osasun-hezkuntzarako programak jarri ziren abian, osasun publikoaren alorreko kanpainak eta berariazko hitzarmenen bidez laguntza-izaerako programak, hala nola, metadona-banaketa –egun 270 farmazia daude adskribatuta eta 12.900 erabiltzaile baino gehiago ditu−; GIBaren proba azkarrak −50 farmaziak parte hartu dute eta 17.000 proba egin dira programak iraun dituen 9 urteetan−; udalen etxez etxeko laguntza-zerbitzuek artatutako pazienteek medikamentuak hobeto erabiltzeko programa −800 pertsonari ematen zaie zerbitzua, 690 farmaziak parte hartzen dute eta 140 euskal udalerritan eskaintzen da−. Halaber, gogorarazi du hitzarmen berri bat sinatu berri dutela paziente kroniko eta polimedikatuen Jarraipen Farmakoterapeutiko Integralerako Programa garatzeko.

 

Osasun Saila Farmaziaren alorrean aplikatzen ari den eraldaketa digitalerako estrategiari dagokionez, sailburuak azpimarratu du gaurko egunez 115 milioi banaketa egin direla errezeta elektronikoaren bitartez, eta paziente, profesional eta farmaziek oso balorazio positiboa egin dutela. Horrez gain, hobekuntza funtzionalak garatzeko lanean ari dira, eta horien artean dago errezeta elektronikoa gainerako autonomia erkidegoetan erabiltzeko aukera. Horren helburua da Euskadiko herritarrek beren osasun-txartelarekin medikamentuak Estatuko gainerako farmazietan jasotzeko aukera izatea eta gainerako erkidegoetako herritarrek gauza bera egin ahal izatea Euskadiko farmazietan. Era berean, zahar-egoitza eta zentro soziosanitario guztiak errezeta elektronikoaren sistemara eta OSABIDE historia kliniko elektonikora gehitzeko lanean jarraitzen dute.

 

  

Bilbon, 2017ko maiatzaren 24an

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @Gob_eus
    2017.eko maiatzak 24

    Comentario de Twitter:
    .@jdarpon, en la inauguración de la Jornada Científica organizada por la Sociedad de Farmacia Familiar y Comunitaria➡https://t.co/BnCOxpxfR0