Berriak Hezkuntza
Eu

2,8 milioi euro irakasleen hizkuntza gaitasunerako IRALE programarako (Gobernu Bilera 2017-05-23)

2017.eko maiatzak 23

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza sailburuaren proposamenez, irakasleen hizkuntza gaitasunaz arduratzen den IRALE programa finantzatzen eta garatzen duten bi agindu onartu ditu gaurko bileran. Hezkuntza Sailaren programa bat da IRALE, hiru hamarkadatik gorako ibilbidea duena, eta honako helburu hau duena: EAEko unibertsitatez kanpoko ikastetxe publiko zein pribatuetan diharduten irakasleak euskalduntzea, euskaraz alfabetatzea edo haien euskara maila osatzea, hizkuntza honetan duten gaitasuna sendotzeko. Horretarako beharrezko diren giza baliabideak, baliabide ekonomikoak eta antolaketa-baliabideak ezartzen ditu programak.

Batetik, gaurko Gobernu Kontseiluak onartu duen aginduetako batek, 2017. urtean irakasleen lan-ordutegiaren barnean eman beharreko IRALE programako euskara ikastaroetan parte hartzeko irakasleak liberatu nahi dituzten ikastetxeei –pribatu edo ekimen sozialekoei- eman beharreko diru-laguntzen deialdia argitara ematen du. 2.088.000 euroko diru kopurua duen deialdi honek, euskara ikasteko liberatutako irakasleak ordezkatzearen ondoriozko gastuak diruz laguntzea du helburu. Irakasle horiek izango dute urteko, hiruhilekoko edo 5 asteko ikastaroak egiteko aukera. Liberazio bidezko ikastaroak direnez, hauek trinkoak izan ohi dira.

Bestalde, Gobernu Kontseiluak IRALE programarekin loturiko beste agindu bat ere onartu du gaur. Hain zuzen ere, programa horren barnean antolatzen diren jardueretan, zuzenean Hezkuntza Sailak antolatzen ez dituenetan, parte hartzeko deia egiten duen agindua. Deialdi honek 800.000 euroko diru-kopurua du.

Bigarren agindu honen bidez deia egiten zaie, IRALE programaren baitan, irakasleak euskalduntzeko, euskaraz alfabetatzeko edo haien euskara maila sendotzeko garatzen diren jarduerak antolatzen parte hartzeko interesa duten entitateei. Jarduera edo ikastaro hauek 2017ko udan eta 2017-2018 ikasturtean zehar burutu beharko dira. Irakaslearen hizkuntza-gaitasuna lantzeko ikastaroak izan beharko dute, eta irakaslearen lan ordutegitik kanpora garatzekoak.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko