Berriak Hezkuntza
Eu

8,76 milioi euro ikertzaileen prestakuntza eta hobekuntzarako, doktoratu aurreko kontratuen bidez (Gobernu Bilera 2017-05-23)

2017.eko maiatzak 23

2016-2017 ikasturtean, 412 euskal ikertzailek dute doktoratu aurreko kontratu bat deialdi honen bidez

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza sailburuaren proposamenez, gaurko bileran onartu du 2017-2018 ikasturtean doktore ez den pertsonal ikertzailearen prestakuntzarako Doktoratu aurreko Programan beka berriak deitu eta lehendik zeudenak berritzen dituen agindua.

8.765.580 euroko zenbateko globala duen deialdi honek, ikertzaileen prestakuntza sustatu nahi du, Doktore titulua lortu ahal izan dezaten, eta kalitatezko ikerketa zientifikoari lotutako gaitasun eta trebetasunak eskuratu ditzaten, Doktoretza Programa baten barruan. Deialdiak bere barne hartzen du bai beka berriak ematea, eta baita aurreragoko deialdietan emanikoak berritzea ere. Zehazki, kopuru horretatik 1.824.540 euro laguntza berriak emateko bideratuko dira, eta gainerako 6.941.040 euroak lehendik indarrean zeudenak berritzeko. 

Lineak

Guztira (€)

   Laguntza berriak

1.824.540

   Laguntza-berritzeak

6.941.040

Guztira

8.765.580

Doktoratu aurreko kontratuak

Laguntza hauen onuradun izango dira, unibertsitate lizentziatura edo gradu bat izanik tesi-proiektua egingo duten pertsona fisikoak, betiere egoitza EAEn dutenak. Laguntza horiek doktoratu aurreko kontratuaren ezaugarriak izango dituzte, urtebeteko iraupenarekin, eta ikertzaileak bere ikerketa garatuko duen aplikazio-zentroarekin izenpetuko du. Kontratuaren xedea izango da proiektu zehatz eta berrietan ikerketa-lanak egitea, lanaldi  osoko  erregimenean. Kontratua beste hiru alditan ere luzatu ahal izango da (gehienez 48 hilabete elkarren segidakoak), laguntza berrituz gero.

Laguntza hauek jasotzeko aplikazio-zentroak, eta beraz, ikertzaileekin kontratuak sinatuko dituztenak, unibertsitate edo ikerketa erakundeak izango dira, publiko zein pribatuak, I+Gan ahalmen eta jarduera ezaguna dutenak. Zentro hauek izan dezakete egoitza EAEn (A modalitatea), Estatuan (B modalitatea), edo atzerrian (I modalitatea). Hirugarren modalitate honen kasuan, ikertzaile onuradunak Zientziaren Euskal Fundazioarekin, Ikerbasquerekin, sinatuko du kontratua. Kontratu horretan osagarri bat ere ezartzen da atzerriko zentrora joan-etorriko bidaia bat finantzatzeko urtean.

412 ikertzaile onuradun

2016-2017 ikasturte honetan, 412 euskal ikertzaile dira doktoratu aurreko laguntza hauen onuradun, iazko deialdiari esker: 100 ikertzaile, onuradun berriak dira, eta gainerako 312 ikertzaileek laguntza berritu egin dute.

Doktoratu aurreko programa hau ikerkuntzako giza baliabideak sustatzeko politikan sartzen da, hain zuzen ere Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate Planean (2015-2018koan) eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskadi 2020 Planean; ildo horretatik, programaren helburua da lanbide-jarduera ikerkuntzara bideratu nahi duten goi-mailako tituludunen berariazko prestakuntza bultzatzea. Halaber, zientzia eta teknologia gaietan lekukoa hartuko duen belaunaldi berriaren  prestakuntza sustatzea ere bada programaren xedea.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko