Berriak Lehendakaritza
Eu

Maiatzaren azkeneko astean Kolonbia bisitatuko du Urkullu Lehendakariak izaera ekonomikoa eta enpresariala duen bidaia batean

2017.eko maiatzak 23

Iñigo Urkullu Lehendakariak, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapiarekin batera, Kolonbiara joango da bidaian oso izaera ekonomikoa eta enpresariala duen bidaia ofizial batean. Lehendakariak elkarraldiak izango ditu bertako instituzioekin, Kolonbian dauden euskal enpresen (70 inguru) ordezkariekin baita herrialde horretara bidaiatuko diren 25 enpresako ordezkariekin ere, aste horretan zehar Eusko Jaurlaritzatik koordinatutako hainbat jardueratan parte hartzeko.

Kolonbia lehentasunezko kide gisa idenfitikatzen da Euskadi 2020ren Internazionalizazio Esparru Estrategian. Lehenengo herrialdea da Hegoamerikan euskal enpresa gehien biltzen dituztenen artean; guztira, merkataritzako, produkzioko eta zerbitzuen sektoreko 69 enpresa daude bertan kokatuta. Lehendakariaren bidaia funtsezko une batean izango da Kolonbiarentzat, Bake Akordioa sinatu ondoren, hain zuzen ere, zeinak azkena ematen baition 52 urte baino gehiago iraun dituen gerrari, kontuan izanik horrek aukera berriak ekarriko dizkiola Kolonbiako ekonomiari.

Bidaia ofizialaren edukia

Lehendakaria buru izango den ordezkaritza maiatzaren 29an abiatuko da Bogotara. Lehendakariarekin batera, ondokoak bidaiatuko dira: Arantxa Tapia sailburua; Kanpo Ekintzetarako Idazkari Nagusi Marian Elorza, eta Industriako sailburuorde Javier Zarraonaindia. Kolonbiako hiriburuan egingo duten egonaldian, Eusko Jaurlaritzako ordezkaritzak elkarraldi instituzionalak izango ditu Kanpo Harremanetarako Ministro María Ángela Holguín-ekin, eta Merkataritza, Industria eta Turismoko Ministro María Claudia Lacouture-rekin.

Enpresa-elkarraldiei dagokienez, batetik, Bake Akordioaren ondoren herrialdean zabaltzen diren aukera ekonomiko desberdinak aztertuko ditu ordezkaritzak. Bestetik, euskal enpresek beren “ezagutza” partekatuko dute Kolonbiako instituzioekin, besteren artean ondokoekin: Industria Ministerioaren Produkzioaren Eraldaketarako Programa (PTP), Procolombia, Innpulsa edo Telekomunikazio Ministerioa, beren planak eta ekimenak aurkeztuko dituztenak.

Bestetik, Lehendakariak hitzaldi bat emango du Javeriana Unibertsitatean, kontinenteko garrantzitsuenetakoan, arlo desberdinetako akademikoen aurrean. Gainera, Bakegintzari eta Bizikidetzari lotutako eremuari helduko die Lehendakariak eta Kolonbiako Gobernuak.

Bestalde, elkar ulertze memorandu bat sinatuko du Lehendakariak, besteren artean, lehiakortasunaren, industriaren, berrikuntzaren eta ingurumenaren arloetan, euskal enpresa gehienak kokatuta dauden eskualdearekin: Cundinamarca, herrialdearen hazkundearen eragilea, Kolonbiako BPGren %30eko partaidetzarekin.

Gainera, elkarraldi bat dago aurreikusita Kolonbiako euskal komunitatearekin: bisita gidatu bat egingo dute Bogotako Euskal Etxera, baita “Gernika” muralera ere, izen bera duen parkean kokatutakora.

Gainera, Arantxa Tapia sailburua, Zarraonaindia sailburuordea, Ingurumeneko sailburuorde Elena Moreno, baita IHOBEko zuzendari Jesús Losada eta URAko zuzendari Ernesto Martínez de Cabredo ere izango dira ACODAL Nazioarteko 60. Kongresuan. Ingurumenaren nazioarteko oraingo agertokian proiekzio handiena duten elkarraldietako bat da, eta maiatzaren 31tik ekainaren 2ra egingo da Indietako Cartagenan. Aurten, protagonismo berezia izango du Euskadik Kongresuan, Ingurumenaren Euskal Klusterra-ACLIMA baita elkarraldiaren baterako antolatzailea edizio honetan, non herrialde desberdinetako (Kolonbia, Frantzia, Espainia, Israel, Estatu Batuak, Alemania, Herbehereak, Hego Korea…) 2.000 inguru pertsonak izango duten aukera eztabaidatzeko eta ekimenak aurkezteko uraren, saneamenduaren, energia berriztagarrien edo hondakinen kudeaketaren inguruan. Kongresu honetarako helburuetako bat da azken hamarkadetan Euskadik ingurumenaren arloan egin duen ibilbidea azpimarratzea, baita klima-aldaketaren aurkako borrokan ere, eta Europan duen posizio estrategikoa nabarmentzea. Bestalde, Kolonbiako instituzioekin lankidetzan aritzeko bideak ezartzea da asmoa, ingurumena gailentzen ari den sektore ekonomikoa baita gaur egun, negozio berriak sortzeko aukera-iturri bihur daitekeena.

Basque Country proiektatzea

Lehendakariak legegintzaldian zehar egindako laugarren irteera izango da hau. Aldi berean, Europar Batasunetik kanpoko herrialde batera egindako aurreneko bidaia instituzionala izango da. Atzerrira egindako bisitaldi horiekin, Eusko Jaurlaritzak, Lehendakari buru dela, Basque Country Estrategia proiektatzen jarraitzea du helburu, elkarraldi instituzionalen, politikoen, ekonomikoen eta kulturalen bitartez, baita beste herrialde batzuekin aliantzak eratzeko ere.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @gananzia
    2017.eko maiatzak 25

    Comentario de Twitter:
    El Lehendakari visitará Colombia la última semana de mayo en un viaje de carácter económico y empresarial https://t.co/s5jj02Mq9k

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak