Eu

Bingen Zupiria sailburuak aldarrikatu du Euskadiren protagonismoa Europako kanpo kultura-politikan, Bruselan izandako foro batean

2017.eko maiatzak 22

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak nazionalitateek eta eskualdeek kanpo kultura-politikan izango duten paperari buruz hitz egin du gaur, Bruselan antolatutako foro batean. Ekitaldia Europar Batasuneko Eskualdeen Batzordearen egoitzan izan da. Ekitaldia Europar Batasuneko Kultura Ministroen Kontseiluak bihar egingo duen bileraren harira gauzatu da, batzar horretan kanpoko kultura-kooperazioari loturiko Europako estrategia berria onartuko baita. Izan ere, estrategia berri horrek “eskualdeen parte-hartzea” aitortuko du.

Eusko Jaurlaritzak eta Etxepare Euskal Institutuak koordinatu dute foroa, Emilia-Romagnako eta Friuli Venezia Giuliako gobernuekin batera; guztion ardurapean dagoen Regional Initiative for Culture and Creativity/RICC sare europarraren baitan. Foroaren xedea da Europako eskualdeen papera indartzea kultura-diplomaziaren arloan Europak onartuko duen estrategia berriaren aurrean, bai eta testu komun bat aurkeztea Ministroen Kontseiluak bihar onartuko duen erabakiaren aurrean. Zupiria sailburuaren alboan, Eusko Jaurlaritza ordezkatuz, Euskadiren Europar Batasuneko ordezkari Marta Marin eta Etxepare Euskal Institutuko zuzendari Miren Arzalluz egon dira. Forora kultura-politikaren eta Europako eta nazioarteko kanpo-ekintzaren arloetako 150 ordezkari baino gehiago bertaratu dira, bai eta Europako erakundeetako eta nazioarteko organismoetako ordezkariak ere.

Kulturaren eta kultura-diplomaziaren arlorako Europar Batasunaren estrategia berriak “eskualde europarren” parte-hartzea erraztuko du eta, horrenbestez, Euskadi bezalako lurraldeek kulturaren arloko proiektu ezberdinetan parte hartzeko aukera izango dute. Bere hitzaldian, Eusko Jaurlaritzak bide horretan sakontzeko duen interesa azpimarratu du sailburuak, eta Eusko Jaurlaritzaren eta Euskadik gidatzen dituen mugaz gaindiko kultura-izaerako proiektu ezberdinetako kanpo-ekintzarako zenbait erreminta balioetsi ditu (ordezkaritzak, Etxepare Euskal Institutua, lankidetza-hitzarmenak…). “Aukeraz beteriko bide bat da eta Euskadik, ikuspegi erabat europazale batetik, bide berri horretan egon nahi du, beti ere beste nazionalitate, komunitate edo eskualde batzuen eskutik”.

Euskadik funtsezko papera dauka Europako nazionalitate eta eskualdeek kanpo kultura-lankidetzako estrategian izango duten posizioari dagokionean; izan ere, prozesu honetan liderra da Europa mailan. Etxepare Euskal Institutuak eta Eusko Jaurlaritzako Kanpo Ekintzako Zuzendaritza Nagusiak (bere baitan dagoen Europar Batasuneko ordezkaritzaren bidez) Europako erakundeen aurrean elkarrekin egin duten lana funtsezkoa izan da azken urteotan konkistaturiko zenbait lorpen lortu ahal izateko.

Zupiriak nabarmendu duenez, estrategia berriak dio “aniztasun kulturalak” Europar Batasuneko lehentasunetako bat izan behar duela eta balio horretan nazionalitate, komunitate eta eskualdeek duten papera aldarrikatu du. "Europar Batasuneko goiburuak berak aniztasuna bere altxor handienetako bat dela adierazten du; eta honela gogoratu zigun Jean Monetek. Nazionalitate, komunitate eta eskualdeak ez gara arazo bat Europar Batasunarentzat, aliatu bat baizik kanpo kultura-ekintzaren funtsezko osagaitzat eta lurraldeen arteko zubiak eraikitzeko osagaitzat hartzen duen estrategia horretan”, aipatu du.

Era berean, euskal gizartean kulturak aurrera egiteko elementu bezala izan duen eraginaz hitz egin du sailburuak:  “Orain dela gutxira arte, askotan, pairatzen genuen gatazka bortitzagatik ezaguna zen Euskadi gure mugez haraindi; gaur, kulturan interesa duen herrialde gisa ikusten gaituztela esan genezake. Euskal erakundeek sustatu duten Guggenheim Bilbao proiektuak ekarpen izugarria egin dio hautemate-aldaketa horri, baita Donostia 2016 Kultura Hiriburutzak edota Santa Maria Katedralaren berreskuratzeak ere. Jakin badakigu, kultura aurrera egiteko gakoa izan daitekeela”.

Zentzu horretan, Euskadik kulturaren arloan edo Kultura eta Sormen Industriei (KSI) dagokienean mugaz gaindiko proiektuak sustatzeko izan duen papera ere aldarrikatu du Sailburuak. Honela, Zupiriak azpimarratu duenez, Euskadi aitzindari izan da Europar Batasuneko Estatu kideetako kultura institutuak biltzen dituen EUNIC sareko kide elkartu gisa kokatu baitu Etxepare Euskal Institutua. Euskadi RICC (Regional Initiative for Culture and Creativity) sareko presidentekide dela ere azpimarratu du Sailburuak, bai eta Europako Batzordeak diruz lagundu eta Estatu bat eta bost eskualde barne hartzen dituen Creadis 3 proiektuko buru dela ere.

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @AzkueFundazioa
    2017.eko maiatzak 22

    Comentario de Twitter:
    Bingen Zupiria sailburuak aldarrikatu du Euskadiren protagonismoa Europako kanpo kultura-politikan, Bruselasen https://t.co/Us0PbTa7qU

  • @ZupiriaB
    2017.eko maiatzak 22

    Comentario de Twitter:
    Egin dezakegun kultura ekarpenaz mintzatu naiz Bruselan. Kultura zubiak eraikitzeko, gure herria berrasmatzeko... https://t.co/QnLvy5CHWo

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak