Berriak Osasuna
Eu

Osasun Sailak eta Portugaleteko Udalak Osasunsarea sortu dute, bizi proiektu osasuntsuak sustatzeko tokiko osasun sarea

2017.eko maiatzak 19

Ezkerraldea-Enkarterri-Gurutzetako Erakunde Sanitario Integratuko Portugaleteko Lehen Mailako Arretako unitateek (Buenavista, Castaños eta Errepelega), Bizkaiko Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendariordetzarekin eta Portugaleteko Udalarekin batera, tokiko osasun sare bat abiarazi dute: Portugaleteko Osasunsarea. Helburua guztien artean osasuna sustatzeko marko komun bat eratzea da, politiken eta jardueren arteko sinergiak sortuz, partaidetza sustatuz eta portugaletetarren boteretzea ahalbidetuz. 

Sarea gaur goizean aurkeztu da, Portugaleteko udaletxean egindako ekitaldi batean. Bertan, Ezkerraldea-Enkarterri-Gurutzetako Erakunde Sanitario Integratuko Juanmi Campayo Integrazio zuzendariak eta Bizkaiko Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendariordetzako ordezkari Joseba Bidaurrazagak hartu dute parte. Portugaleteko Udalaren ordezkari gisa, berriz, Mikel Torres alkatea eta María José Blanco Gizarte Ongizateko zinegotzia izan dira aurkezpenean. 

Osasunsareak komunitateko eragile aktibo guztien partaidetza bultzatu nahi du ekimenaren sustatzaile gisa arituko den lantalde bat sortzeko. Taldea bi hilabetetik behin bilduko litzateke, ohitura osasuntsuen bitartez herritarren bizi-kalitatea hobetuko duten jarduera programak planifikatu eta martxan jartzeko. Abian jarritako egitasmoek izandako emaitzak ere aztertuko ditu sareak. 

2016an abiatutako aldez aurreko lan bat ere badu jada Osasunsareak. Bertan, Portugaleteko herritarren bizi-kalitatea hobetzeko lehentasunezko zortzi jarduera jasotzen dira, horietako batzuk jada martxan daudenak:

 

  1. Erorketak saihesteko tailerrak auzo etxeetan 65 urtetik gorako pertsonentzat.
  2. Patalogiak dituzten edo sedentarioak diren pertsonei zuzendutako Zugan Pentsatuz proiektua sustatzea.
  3. Lehen Hezkuntzako 6. mailako haurrei zuzendutako Kerik Gabeko Gelak programa egiteko laguntza ematea.
  4. Bihotz-biriketako bizkortzeko oinarrizko ikastaroak eta tailerrak antolatzea udalerriko kolektibo ezberdinenentzat: udaltzainak, irakasleak, elkarteetako kideak...
  5. Adingabeen artean alkohol kontsumoa saihestea helburu duen Iceberg programan parte hartzea. Programa udalerriko ikastetxeetan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza egiten ari diren ikasleei zuzenduko litzaieke. 
  6. Espazio soziosanitarioan elkarlana bultzatzeko proposamena, antzemandako beharrei elkarrekin erantzuteko marko komun bat ezartzeko. 
  7. Genero indarkeriari aurre egiteko  diziplinarteko bilerak.
  8. Erretzeari uzteko ikastaroen eskaintza Udalarekin elkarlanean.
  9. Paziente Bizia programa

 

Osasunsareak ahalik eta hedapen handiena izatea lortzeko, lan lerro honetan lantaldeak sortuko dira. Bertan, herritarrek eta administrazioko kideek hartuko dute parte, eta hurrengo hilabeteetan plangintza ezberdinak jarriko dituzte abian.

Udalak Osasunsarearen inguruko atal bat jarriko du bere webgunean: www.portugalete.org

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko