
Lide Amilibia Sailburuordeak teknologia berrien erabilera seguruari buruzko ‘Safer Internet Day 2017’ sariak banatu ditu
- Guztira hamabi ikastetxe eta aisialdi-talderen 41 proiektu aurkeztu dira, 344 adingaberen partaidetzarekin
- Eusko Jaurlaritzak adingabeek Interneten erabilera segurua eta arduratsua egitea sustatu nahi du
Vitoria-Gasteiz, 2017/05/19
Safer Internet Day 2017 lehiaketaren bigarren edizioaren ikus-entzunezko proiektu hoberenen sari-banaketak amaiera eman dio Eusko Jaurlaritzak biztanleria gaztearen artean teknologia berrien erabilera segurua eta arduratsua sustatzeko ekimen honi. Bigarren edizio honetan guztira hamabi ikastetxe eta aisialdi-talderen 41 proiektu aurkeztu dira, eta 344 adingaberen partaidetza izan du. Bideo horiek guztiak eskuragarri daude Zeuk Esan-en web-orrian, www.euskadi.eus/zeukesan.
Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiketako sailburuorde Lide Amilibiak proiektu irabazleen sariak banatu ditu. Bi proiektu irabazleen izenak, bat kategoria bakoitzeko, Zeuk Esan-en web-orrian argitaratuko dira 13:00etatik aurrera.
Lehiaketa Lehen Hezkuntzako 3. mailaren eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 4. mailaren artean ikasi duten adingabeei zuzendu zaie, pertsona heldu baten laguntzaz. Haren xedea da gazteenen artean Interneten erabilera segurua eta arduratsua sustatzea, ikus-entzunezkoak sortuta edizio honetako europar goiburupean, Izan zaitez aldaketaren parte: Internet seguruago baten alde elkartzen gara!
Lehiaketaren azken helburua da ikasleek Internet, gailu mugikorrak eta sare sozialak erabiltzeko moduari buruzko gogoeta sustatzea, eta ikus-entzunezko labur batean Internet seguruago baterako jardunbide egokiak jasotzea. Horregatik baloratu dira, kalitate teknikoaren edo artistikoaren gainetik, mezua, gogoetak sortzeko gaitasuna, hizkuntzaren erabilera, berdintasunezko partaidetza eta aurkeztutako proposamenaren originaltasuna.
Lehiaketa hau zuzenean lotuta dago Eusko Jaurlaritzak Safer Internet Day-rekin duen inplikazioarekin, Europako Batzordeak bultzatutako jardunaldia eta Interneten eta teknologia berrien erabilera arduratsu eta segurua sustatu nahi duena, bereziki haur eta nerabeen artean. Safer Internet Day urtero egiten da bigarren hilabeteko bigarren asteko bigarren egunean. Hau da, otsaileko bigarren asteartean, 2017 honetan, otsailaren 7an, lehiaketari irteteko pistola-tiroa eman zitzaion eguna.
Interneten erabilera segurua sustatuz
Lehiaketa honetaz gain, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak zenbait ekimen bultzatu ditu duela urte batzuetatik hona, adingabeak Interneteko mehatxuen aurka babesteko: egON LINE izeneko gida pedagogiko bat jarri da abian DBHko 1. eta 2. mailetako ikasgeletan teknologia berrietako hezkuntza lantzeko eta gida hau editatu da: ‘Internet eta teknologia berriak. Hitz egingo al dugu familian?’. Hor, oinarrizko jarraibideak eskaintzen zaizkie gurasoei haien seme-alabak teknologia berrien erabilera arduratsu eta seguruan heztean kontuan izan behar diren alderdiei buruz. Duela gutxi, gainera, Kirolaren Euskal Eskolarekin eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiekin lan egin du ‘Kirol-erakundeetan adingabeekin teknologia digitalen erabilera arduratsurako gida’ elkarrekin prestatzeko, eta lau informazio-saiotan aurkeztuko da maiatzaren 22an, 23an, 24an eta 25ean hurrenez hurren Gernikan, Donostian, Vitoria-Gasteizen eta Bilbon.
-
2017-05-19
Comentario de Twitter:
RT @EnpleguGizaEJGV: #internet #basquecountry https://t.co/azsJLtuoq2 Lide Amilibia entrega premios ‘Safer Internet Day 2017’ uso seguro t… -
2017-05-19
Comentario de Twitter:
#internet #basquecountry https://t.co/azsJLtuoq2 Lide Amilibia entrega premios ‘Safer Internet Day 2017’ uso segur… https://t.co/5EAR6to04J -
2017-05-19
Comentario de Twitter:
RT @EnpleguGizaEJGV: #internet #basquecountry https://t.co/azsJLtuoq2 Lide Amilibia entrega premios ‘Safer Internet Day 2017’ uso seguro t…