Eu

Europako Gizarte Funtsaren laguntzek 2.700 pertsona baino gehiagok enplegua eskuratzeko aukerak hobetu zituzten Euskadin

2017.eko maiatzak 19

-        Gizarte-bazterketako egoeran edo arriskuan zeuden 100 emakumek eta 186 gizonek enplegu bat aurkitu zuten EGIFen laguntzei esker 2016an

 

Guztira 2.777 pertsonak parte hartu zuten iaz Europako Gizarte Funtsak, europar egitura- eta kohesio-funts zaharrenak (EGIFek) batera finantzatutako prestakuntzako, enpleguko eta laneratzeko ibilbideetako ekintzetan Euskadin.

Jarduera horietan parte hartzen zuten pertsona gehienek arazoak zituzten laneratzeko, desgaitasunagatik edo ahulezia bereziagatik. Laguntzak gauzatzeko 4,8 milioi euro bideratu dira, eta horietatik Europako Gizarte Funtsak % 50 finantzatzen du, eta euskal administrazioek gainerakoa.

Aurten ospatzen den Europako Gizarte Funtsaren 60. urteurrenean, eta Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren eta Gobernu espainiarreko Enplegu eta Gizarte Segurantza Ministerioaren baterako presidentziapean, gaur, Bilbon, Euskal Autonomia Erkidegoko 2014-2020 aldirako EGIF Programa Operatiboaren jarraipen-batzordeko kideen urteko bilera egin da.

Bilera baliagarria izan da 2016an egindako jarduketen berri emateko eta programa operatibo horretan ezarritako helburuen betetze-maila ebaluatzeko.

Enplegu-arloko lorpenen artean, nabarmendu behar da guztira 417 enplegu gauzatu direla beste horrenbeste pertsonarentzat (175 emakume eta 242 gizon). Zehazki, gizarte-bazterketako egoeran edo arriskuan zeuden 100 emakumek eta 186 gizonek enplegu bat aurkitu dute laguntzei eta arreta mota horretan espezializatutako erakundeek egiten duten lanari esker.

Bazterketaren esparrutik kanpo, beste 122 pertsona langabek (72 emakumek eta 50 gizonek) enplegu bat lortu dute, hots, % 57,4ko laneratze-tasa artatutako pertsonei dagokienez. Azkenik, inplementatutako gizarte-berrikuntzako ekintzen bidez, beste 9 pertsonak enplegu bat lortu dute diruz lagundutako jarduketetan parte hartu ondoren.

Era berean, jarduketak garatu dira gizarte-ekonomiako enpresetan 138 pertsonaren (36 emakume eta 102 gizonen) enplegua mantentzeko. Pertsona horiek ere arazoak zituzten laneratzeko.

2014-2020 Programa Operatiboa Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak prestatu du EAEko azken urteotako egoera sozioekonomikoaren eta laboralaren analisian oinarrituta. Dokumentuak jarduketa-ildo batzuk jasotzen ditu, Europako Gizarte Funtsaren jarduketa-eremuan eskumenekoak diren helburu eta inbertsio-lehentasunen barruan.

Aurreko programazio-aldian, 2007-2013ri dagokionean, 700.000 pertsona baino gehiagok hartu zuten parte Europako Gizarte Funtsak batera finantzatutako jarduketetan Euskadin. Inbertsio horren bidez, pertsona kopuru handi baten lan-perspektibak hobetu dira, batik bat arazo handienak dituztenenak.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak