Berriak Ekonomia eta Ogasuna
Eu

Euskal ekonomiak aurrera egin du % 0,6ra arte, hazkunde-erritmo leuna sendotu du, eta azken bi urteetako erregistrorik onena eskuratu du

2010.eko azaroak 15

 -Gipuzkoa da hiruhileko arteko portaera onena izan duen lurraldea; Arabak, aldiz, urte arteko bilakaera onena mantendu du.  

-EUSTATek gaur bertan argitaratutako datuek pixka bat hobetu dute Eusko Jaurlaritzaren aurreikuspena, batez ere kontsumo pribatuaren sustapenarengatik, aurreikusitakoa baino portaera hobea izan baitu. 

-Lanean daudenen kopurua egonkor mantendu da, zerbitzuen sektoreak urte arteko eta hiruhileko arteko tasa positiboak izan ditu, eta 647 mila enplegatuen zifra berreskuratu du. 

-Industria da sektore dinamikoena, eta kanpoko sektorearen ekarpen positiboa oso garrantzitsua da berriro. Esportazioen urte arteko hazkunde-erritmoa % 9,1ekoa da, eta inportazioena % 8koa.  

Euskal ekonomiak hazkunde-erritmo leuna sendotu du. Hirugarren hiruhilekoan hiruhileko arteko tasa ez da aldatu, eta urte artekoak hamarren bat egin du aurrera, % 0,6ra arte, horixe dela azken bi urteetako erregistrorik onena, atzeraldia hasi zenetik. 

Euskal Estatistika Erakundeak (EUSTAT) gaur argitaratu dituen Kontu Ekonomikoen datuen arabera, Euskadiko Barne Produktu Gordinaren bilakaera, urte arteko tasei dagokienez, oso antzekoa izan da Euroaren Eremuarekin eta 27ko Europar Batasunarekin alderatuz, baina hiruhileko arteko hazkundea baino askoz txikiagoa izan da (% 0,4koa izan da hori). Horrenbestez, ez da aldaketa aipagarririk ikusi bigarren hiruhilekoko egoerari dagokionez. 

Lurraldeka, Gipuzkoa da hiruhileko arteko portaera onena izan duen lurraldea, eta ondoz ondoko hirugarren hilabetez eskuratu du emaitza positiboa (% 0,2). Bizkaiak emaitza nulua izan du, eta Arabak % 0,3ko atzerakada izan du aurreko hiruhilekoarekin alderatuz. 

Aurreko urteko hiruhileko berarekin alderatuta, Araba da oraindik bilakaera onena duen lurraldea; % 2,9ko bilakaera izan du Arabak, % 0,3koa Bizkaiak, eta % 0,0koa Gipuzkoak, urte arteko tasei dagokienez.

Adierazi beharra dago EUSTATek gaur argitaratutako datuak oso hurbil egongo direla Ekonomia Plangintzak egin zuen aurreikuspenetik. Bertan aurreikusi zen urte arteko % 0,5eko hazkundea egongo zela, lortu den maila baino hamarren bat gutxiagokoa. 

Hirugarren hiruhilekoari buruzko datu ofizialak pixka bat hobetzen du Eusko Jaurlaritzaren aurreikuspena, batez ere kontsumo pribatuak sustapen handiagoa duelako. Datozen hiruhilekoetan osagai horren bilakaera ona mantenduz gero, aurreikusitakoa baino sendoagoa izan liteke susperraldia. 

Enpleguari dagokionez, lanean daudenen kopurua egonkor mantendu da, aurreko hiruhilekoari begira, orduan ia 6.000 enplegu berreskuratu zirela, EUSTATen kontu ekonomikoen arabera. Aurreko urteko hiruhileko berarekin alderatuta, lanaren beherakada % 0,2ra arte murriztu da; beraz, iazko urte arteko tasa baino askoz txikiagoa da, iaz % 4 baino gehiagokoa baitzen. Horrenbestez, laster hasiko gara lanpostuak sortzen, EUSTATen BJAk eta EINen EPAk iragartzen duten bezala, hurrenez hurren 12.200 eta 16.000n ezarri baitute azken hamabi hilabeteetako enplegu-sorkuntza. 

Aipatzekoa da zerbitzuen sektoreko enpleguak urte arteko eta hiruhileko arteko tasa positiboak izan dituela, % 1,5ekoa eta % 0,2koa, hurrenez hurren. Zerbitzuen sektoreko enpleguen bolumena 647 milakoa da, krisi-garaian galdutako ia guztiak berreskuratu ondoren. 

Eskaintzari dagokionez, industria da orain sektorerik dinamikoena, industria-ekoizpenaren indizearen hobekuntzarekin bat. Gainera, industriak, ondoz ondoko bigarren hiruhilekoz, urte arteko % 1,4ko tasa positiboa erregistratu du, eta aurreko aldian lortutakoa baino bost hamarren handiagoa da. Lehen sektoreak ere hazkunde garrantzitsuak erregistratu ditu, bai urte artekoak (% 18), bai hiruhileko artekoak (% 5). 

Zerbitzuen sektorearen susperraldi-erritmoa moteldu egin da, eta % 0,7 hazi denez urte arteko terminoetan, hazkundea izan duten hiru hiruhileko lotu ditu. Eraikuntzari dagokionez, etxebizitzen salmenta handitzea ez da nahikoa izan sektorearen urte arteko beherakada -% 6,1era handitzea saihesteko.

Eskariaren ikuspegitik, kontsumo pribatuaren portaera aurreikusitakoa baino hobea izan da, % 1,2ko hazkundearekin, bigarren hiruhilekoan baino hamarren bi gutxiago bakarrik, adierazle ekonomikoek aurreikusitako erosketa-aurrerakina azaltzen zuela. Bestalde, kontsumo publikoa berriro handitu da (% 0,3), elkarren segidako bigarren hiruhilekoz.

 Kanpoko sektorearen ekarpen positiboa berriro izan da oso adierazgarria, nahiz eta aurreko hiruhilekokoa baino txikiagoa izan. Inportazioek beherakada handiagoa izan dutenez, kanpoko saldoa hobetu ahal izan da. Esportazioen urte arteko hazkunde-erritmoa % 9,1ekoa da, eta inportazioena % 8koa. 

Azkenik, nabarmendu beharra dago susperraldi garrantzitsua ikusi dela inbertsioetan, tasa negatiboetan jarraitu arren (-% 2,9 urte artekoa eta -% 0,1 hiruhileko artekoa) hiru puntu baino gehiago hobetu baita aurreko datuekin alderatuz. Agregatu horren barruan, ekipoetan egindako inbertsioa da emaitza onenak izan dituen osagaia, ekipo-ondasunen ekoizpen eta inportazioaren emaitza positiboek adierazten duten bezala. Aldiz, eraikuntza-sektorean egindako inbertsioa da tasa negatiboak mantentzen dituen barne-eskariaren osagai bakarra kapital-eratze gordina izatearen erantzulea, neurri batean.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Carlos Aguirre