Eu

Bingen Zupiria sailburua Arte Ederren Museoan izan da, Gondra Barandiaran Fundazioa patrono gisa sartzeko lankidetza-akordioaren sinatze ekitaldian

2017.eko maiatzak 18

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua Gondra Barandiaran Fundazioaren eta Bilboko Arte Ederren Museoaren arteko lankidetza-akordioaren sinatze ekitaldian izan da gaur. Honen bitartez, Museoaren patrono berria izango da Fundazioa eta, horrekin batera, trebakuntza-beken deialdi berria sustatuko da eta Gondra Barandiaran-Museoa lehenengo Udako Ikastaroa antolatuko da.

Gondra Barandiarán Beken IV. deialdia
Gondra Barandiarán Fundazioaren sorrerako helburuetako bat kultura, trebakuntza edota pentsamendu-sorkuntzaren arloko jarduerak egin eta sustatzea da. Horretarako, laguntzak ematen ditu ezagutzaren edozein adarretan trebatzeko. Egiteko horren barruan dago sartuta, hain zuzen ere, fundazioaren eta museoaren arteko akordioa; izan ere, 2014tik, lankidetzan ari dira trebakuntza sustatzeko eta gazteak testuinguru profesionalera hurbilarazteko helburuan, Gondra Barandiarán-Museoa Beken programaren bitartez.

Geroztik, eta orain arte egin diren hiru deialdietan, 23 gaztek jaso dute trebakuntza-beka hau, fundazioak babestutakoa eta, betearazpenari dagokionez, museoak koordinatutakoa. Bekak irauten duen 9 hilabeteetan, gazte horiek trebetasun berriak jaso dituzte museoak kudeatzeko zenbait arlotan, esate baterako, Bilduma, Erakusketa, Argitalpen, Administrazio, Liburutegi edo Artxibo sailetan, besteak beste. Modu horretan, programak benetako lan-ingurune batean ikasteko aukera eskaintzen du, trebakuntzaren bitartez eta etapa akademikoan jasotako ezagutzak osatzen dituzten esperientzia berrien bitartez.

Gaur egun arte, programa honen emaitzak oso onak izan dira: alde batetik, fundazioarentzat eta museoarentzat, programak bi erakundeen sorrerako helburuei egiten dizkien ekarpenengatik; eta, bestetik, bekak jaso dituzten pertsonentzat, euren curriculum profesionala Bilboko Arte Ederren Museoan garatzeko duten aukeragatik; izan ere, museoa esperientzia kultural handiko erakunde historikoa da.

Narratiba berriak. Museografia berriak Udako I. Ikastaroa
Fundazioaren eta museoaren arteko harremana sendotu egin da orain, Gondra Barandiarán Fundazioa Bilboko Arte Ederren Museoa Fundazioaren Patronatura sartzeko lankidetza-akordioa sinatzerakoan; izan ere, Patronatua museoko gobernu-organo gorena da, eta bertan daude bilduta bai erakundeetako ordezkariak –Bilboko Udala, Bizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza– bai pertsona fisiko edo juridikoak, betiere, sorrerako helburua modu egokian betetzen lagundu badezakete, euren ekarpen esanguratsuei esker edo museoaren jarduerari buruz duten ezagutza sakonari esker.

Akordioaren bitartez, fundazioak eta museoak Gondra Barandiarán-Museoa Beken programaren kalitatea mantendu eta hobetzeko konpromisoa hartzen dute, baina, gainera, Gondra Barandiarán-Museoa Udako Ikastaroaren lehenengo edizioa egiteko oinarriak finkatu dituzte. Ekimen horretan, Deustuko Unibertsitatearen lankidetza ere izango dute.

Horrela, museoaren historian lehen aldiz, 2017-2018 ikasturtean, Narratiba berriak. Museografia berriak izenburuko programa akademikoa garatuko da, gaur egungo museografiaren joera berriak aztertu eta ikertzeko, modu monografikoan.

Urtero, nazioarteko aditurik handienak etorriko dira, artelanak erakusteari, aurkezteari eta balioa emateari buruzko gaiak jorratzeko, joerarik berritzaileenen ikuspuntutik. Hainbat gai aztertuko dira sakonean: ikusle-tarte zabal bati egokitutako estrategia narratiboetatik hasi, eta museoko kontserbazio, hezkuntza eta zabalkundeari aplikatutako teknologia berrietaraino.

Astebetean, hitzaldiak eta mahai-inguruak egingo dira, eta, bertan, artistek, arte-historialariek, museo-zuzendariek, arkitektoek, diseinatzaileek eta beste espezialista batzuek artelanak erakusteko moduari buruz duten ezagutza handia eskainiko dute.

Ikastaroan parte hartzeko, matrikula egin beharko da, eta Gondra Barandiarán Fundazioak asistentzia-bekak emango dizkio, gehienez ere, 20 ikasleko talde bati (tartean egongo dira beka-programaren bitartez museoan arituko diren 7 bekadunak), eta graduondoko ikastaroko akreditazio akademikoa ere eskainiko du, Deustuko Unibertsitatearekin sinatutako lankidetza-hitzarmenari esker.

Jarduera berri honen helburua da Bilboko Arte Ederren Museoa hausnarketa zientifikorako eta trebakuntza akademikorako erreferentzia bihurtzea, museografia garaikidearen esparru espezializatuan. Ezagutza-esparru hori sekula ikusi gabea zen espainiar Estatuan, eta erakunde museistiko baten baitan baino ezin da arrakastaz garatu; kasu honetan, Bilboko museoan.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @IreneCuesta
    2017.eko maiatzak 18

    Comentario de Twitter:
    RT @deusto: Hoy se ha presentado I Curso de verano-Nuevas narrativas con F. Gondra Barandiaran y @museo_bilbao https://t.co/fRjCZ9AKiA #dí…

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak