Eu

Beatriz Artolazabal Sailburuak IV. Gazte Plana 2020ren lanketa iragarri du. Plana azken hiruhilekoan aurkeztuko da

2017.eko maiatzak 22
  • Plan berriak gazteentzako politikak zehaztuko ditu
  • Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailburuak “euskal gazteen emantzipazio adina murrizteko beharra” nabarmendu du Legebiltzarrean.
  • Artolazabalen ustez, "ezinbestekoa da etorkizuneko euskal Gazteria Legearen oinarriak legealdi hau amaitu baino lehen ezartzea"
  • “Gazteriarekiko gure konpromisoa, Herrialdearen garapena bermatzeko, Eusko Jaurlaritzaren lan-ildo nagusienetako bat da”.
  • Euskadiko gazteen egoeraren diagnostikoak hobekuntzak antzeman ditu enplegua edo hezkuntza bezalako arloetan

 Vitoria-Gasteiz, 2017/05/22

Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailburu Beatriz Artolazabalek iragarri duenez, aurtengo azken hiruhilekoan IV. Gazte Plana 2020 aurkeztuko da. Saila aipatua lantzen hasia da dagoeneko, “Euskadiko gazteei beren berezko bizitza-proiektua sortzen laguntzeko xedearekin, beren onurarako eta, ondorioz, Euskadiren onurarako izango diren politika aktiboen bidez”. Artolazabalek Legebiltzar-batzordean parte hartu du, III. Gazte Plana 2014-2016ren balantzea egin eta Euskadiko Gazteen Egoerari buruzko 2017ko Diagnostikoa aurkezteko.

 Beatriz Artolazabalen ustez, halaber, "ezinbestekoa da etorkizuneko euskal Gazteria Legearen oinarriak ezartzea": Jaurlaritzatik egingo dugun lana, gazteen eta beren elkarteen eta Kontseiluen laguntzarekin, eta espero dezagun emaitza legealdia bukatu baino lehenago izatea”.

 Datorren IV. Gazte Planari buruzko lana Gazte Planaren Erakundeen arteko Batzordeak hasi du eta, egun, ekarpenak jasotzeko fasean dago. Fase honetan, Euskadiko gazteek beren kezkak eta ideiak proposatzeko aukera dute, partaidetza-prozesu baten bitartez. “Planean, gazteentzako politikak zehaztuko ditugu ezarritako ardatzetan eta zeharka, gazteei entzuteko jarrera batetik, bai eta begirunea azalduz ere beraiei”, azpimarratu du Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailburuak.

 Beatriz Artolazabalek garrantzi berezia eman dio "euskal gazteen emantzipazio-adina murrizteko beharrari” eta Eusko Jaurlaritzak etxebizitzaren prezioan eta enpleguan (funtsezkoak gazteek aipatu emantzipazioa lor dezaten) eragiteko xedearekin abiaraziko dituen ekintzak baloratu ditu. Honela, “legealdian zehar, eta langabezia % 10etik behera uzteko helburu orokorraren baitan, 20.000 gazteei beren laneko lehen esperientzia ematea bilatuko dutela” aipatu du.

 “Gazteen enpleguari loturiko hiru programa ditu sailak: hezkuntzatik enplegurako trantsizioari edo lan-munduranzko hezkuntza-trantsizioari buruzkoa lehena; Gazteen itzulerari lotua bigarrena eta Gazteen Ekintzailetzari buruzkoa azkena. Horiei, Eusko Jaurlaritzako beste sail batzuek dituzten horiek gehitu behar zaizkie, bai eta Lanbidek kudeatzen dituen beste zenbait programa orokor ere: Lehen Aukera, gazteak kontratatzeko eskualde-mailako edo tokiko planak, Europako Gizarte Funtsaren programa, Gazte Bermea, etab.", Sailburuak gogoratu duenez.

 Artolazabal Sailburuak aipatu duenez, “Prestakuntza Duala kontzeptu gisa indartzeko unea da”, gazteria enpresa eta unibertsitatetan edo zentro politeknikotan presta dadin aldi berean. Etxebizitzari dagokionean, Sailburuak “alokairuzko etxebizitza" aipatu du, "bere bilakaera positiboa delako eta horrela izaten jarraituko duelako".

 “Gazteekiko gure konpromisoa, gure Herrialdearen garapena bermatzeko erreminta gisa, lan-ildo nagusienetako bat da Eusko Jaurlaritzarentzat”, azpimarratu du Artolazabalek, enpleguari, emantzipazioari, gazte bermeari, boluntariotzari eta elkartasunari dagokienean euskal exekutiboak Europako Batzordeak bultzatu dituen politikek markaturiko ildo berbera mantentzen duela gaineratzeko ondoren. “Arazoak konpontzea eta euskal gazteentzat etorkizun itxaropentsu bat sortzea lortu nahi duten politika aktiboen kudeaketan murgilduta gaude".

 Balantzea eta diagnostikoa

“Euskadiko Gazte Planaren Marko Orokorraren”, “Gazteria arloko Euskal Estrategiaren” eta “III. Gazte Planaren” balantzeak agerian utzi duenez, 2014 eta 2016 bitartean garaturiko ekintzen kopuruak gora egin du urtero, 211tik 248ra igaroz. Inbertitutako zenbatekoari dagokionean, iaz bakarrik 164 milioi euro inbertitu ziren.

 Zehaztutako adierazletatik, % 50ak 2016rako ezarritako helburua bete du. Nabarmentzekoa da ere % 40ak 2020rako ezarritako helburuak betetzen dituela ere. Beste % 25 batek, helburuak lortu ez baditu ere, joera positiboa azaldu du eta, horrenbestez, helburuen % 75ak helburuak beteta dituela edo joera baikorra agertzen duela esan genezake.

 “Euskadiko Gazteen Egoerari buruzko Diagnostikoa", bestalde, Gazteen Euskal Behatokiaren datuak eta ikerlanak aintzat hartuta egin da eta IV. Gazte Plana 2017-2020 ekimena lantzeko erabiliko da. Ikerketa, inkesta eta ikerlan ezberdinak euskal gazteen egoerari buruz jaso dituzten datuak bildu ditu diagnostikoak.

 Enpleguari dagokionean, Artolazabalek adierazi du 25 urtetik beherakoen zeregin nagusia ikastea dela. 25 urtetik beherako gazteen % 62,5a ikasten dago. Euskal gazteen arteko langabezia-maila Espainiakoa baino 10 puntu txikiagoa da; baina Europar Batasuneko batez bestekoaren zertxobait handiagoa. 16 eta 29 urte bitarteko gazteen % 23,7a lanik gabe zegoen 2016n; Euskadiko langabezia orokorra % 13,4koa zen bitartean.

 Ikasketa-mailaren eta lana lortzeko aukeren arteko korrelazioa agerian utzi du diagnostikoak. Ondokoa ikus daiteke emaitzak ikasketa-mailaren arabera aztertuz gero: 25 eta 34 urte bitartean izan eta goi-mailako ikasketak dituzten artean, % 73,2aren zeregin nagusia lana da; bigarren hezkuntzaren ondokoen artean, % 59,3ak lan egiten du; eta % 47,6ak baino ez du lanik egiten derrigorrezko ikasketak dituztenen artean.   Nabarmentzekoa da ere euskal gazteen langabeziari dagokionean, emakumeek gizonek baino langabezia-tasa baxuagoa dutela, 2016n: % 21,9 eta % 25,5 hurrenez hurren.

 Enpleguaren kalitateari dagokionean, Artolazabal Sailburuak adierazi du “lanean dauden euskal gazteen batez besteko ordainsaria 1.000 eurokoa dela; lanean dauden guztien erdiak baino ez duela bere heziketarekin zerikusia duen zerbaiten lan egitea; norberaren konturako lana urria dela eta autoenpleguarekiko joera txikia dela ere. 16 eta 29 urte bitarteko soldatapeko gazteen % 57ak aldi baterako kontratua dauka”.

 Hezkuntzari dagokionean, Artolazabal Sailburuak adierazi du 18 eta 24 urte bitartekoen artean neurturiko eskola uzte goiztiarrak beheraka segitzen duela Euskadin, % 7,5era iritsi arte. Horrenbestez, Estatuko batez bestekoa (% 21,9) zein Europakoa (%11, 1) baino beherago dago. Halaber, bigarren hezkuntza ondokoko graduazio-tasa, hau da, Batxilergo edo gradu ertaineko ikasketak bukatu dituzten gazteak neurtzen dituena, azken hamabost urtetako mailarik gorenera iritsi da Euskadin, % 85,9ra, Estatuko zein Europako batez bestekoak gaindituz (% 65,8 eta % 82,3 hurrenez hurren).

 Hezkuntza

Goi-mailako titulazioei (unibertsitate ikasketak edo goi-mailako graduak) dagokienean ere, Euskadik Estatuko zein Europako batez bestekoak gainditzen ditu. EAEko tasa gazteen % 50a da, orain dela hamar urte baino ia hamar puntu gehiago. Espainiako batez bestekoa % 42,3a da eta Europakoa (EB28), % 37,9a. Azken hamar urtetan aldaketarik izan ez duena ondoko datua da: titulua jaso dutenen % 60a emakumeak dira; % 40a, gizonak. Euskal gazteek beraiek oso begi onez ikusten dute euskal hezkuntza-sistema, % 67,3ak positiboki baloratzen baitu.

 Emantzipazioari dagokionean, Euskal gazteak gurasoen etxea beranduen uzten dutenen artean daude Europa mailan. Artolazabalek azaldu duenez, emantzipazioa 30 urtetan kotatuta dago ia, 15 eta 29 urte bitarteko gazteen iduriko emantzipatzeko hoberena den adina, 24 urtekoa, baino ia sei urte beranduago. 30 eta 34 urte bitarteko euskal gazte gehienak emantzipatuta daude: % 75,3a.

 Euskadiko gazte gehienek beren osasuna ona dela uste dute, bost gaztetik batek osasun-arazo kronikoak baditu ere. 15 eta 29 urte bitarteko lau gaztetik hiruk neurrizko jarduera fisiko osasuntsua -edo bizia- egiten dutela adierazi dute.

 Alkohol eta tabako kontsumoari dagokienean, azken urteotan neurriz kanpoko alkohol kontsumoak behera egingo du, nabarmen, gazteen artean; gauza bera gertatu da tabakoarekin. Kannabis kontsumoak dezente egin du behera ere. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak egin duen "Euskadi eta Drogak" multzoko azken ikerketak, nolanahi ere, ondokoa azpimarratzen du: lau gaztetik batek alkohola neurririk gabe edo era arriskutsuan hartu duela, inkesta bete baino aurretiko hilean. Eta 15 eta 29 urte bitarteko gazteen % 25ak egunero erretzen du.

 Sexu harremanen inguruan, 15 eta 29 urte bitarteko gazteen % 12,2ak sexu-harreman arriskutsuren bat izan du azken urtean.  Euskadiko gazteen arteko heriotza-tasa, zioa dena dela, 18 heriotzekoa da 15 eta 29 urte bitarteko 100.000 gazteko. Trafiko-istripuen heriotza-tasa, adin tarte berdinean, 2,2 pertsonakoa da 100.000 gazteko. Gazteen arteko tasa-berberak murrizketa nabarmena izan du ere.

 Aisia eta Kulturari dagokienean, 15 eta 29 urte bitarteko pertsonen aisia-jarduera nagusiak teknologia berrietara lotuta daude. Euskadiko gazteen % 99ak sare sozialen bat dauka: gehienbat, WhatsApp, Facebook, Instagram eta Youtube.

 Eremu honetan, asoziazionismo-tasak eta boluntariotza-lanak areagotu egin dira 15 eta 29 urte bitartekontzat. 2016. urtean, Euskadiko gazteen % 46,2a elkarteren bateko kidea zen. % 11,5ak, bestalde, boluntariotza-lanak egin ditu 2016n. 2012. urtean % 6,5ekoa zen.

 Kulturaren arloan, eta azken hilabeteotan, hamar gaztetatik zortzik kultura edo kirol arloko ikuskizunen batean egon dira eta zinema eta kirol-ikuskizunak dira Euskadiko gazteek kuttunen dituzten ekitaldian, 2016. Urtean. 

Kontsumoari dagokionean, euskal gazteen % 66ak elikagaiak arrazionalki jaten ditu; % 43,2ak kontsumo jasangarria egiten du. Eta kontsumitzeko mota berriak daude; era berrien artean dagoen bigarren eskuko dendatan erostea bezala, esaterako.

 Mugikortasun jasangarriari dagokionean, 15 eta 29 urte bitarteko euskal gazteek garraio publikoa egunero edo ia egunero hartzen dutela adierazi dute. Bizikletaren eguneroko erabilerak gora egin du baita ere, gazteen artean, beren joan-etorriak bermatu ahal izateko. Portzentaje hori % 5,3koa zen 2008n; % 9,6koa 2012n eta, azkenik, % 13,4koa 2016n.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak