Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
Eu

Lanbidek 44 bulego zabalduko ditu eskualdeetan

2010.eko azaroak 15

Urtarrilaren 2an Euskadiko INEM bulegoak desagertuko dira

Datorren urtarrilaren 2tik aurrera Lanbidek 44 bulego ( 30 hasieran) irekitzeari ekingo dio. Bulego hauek orain arte INEMek egiten zuen lana egingo dute. Euskal enplegu zerbitzuak 785 milioi euroko aurrekontua eta 575 (750 lagun arte zabaldu ahalko da) langile izango ditu, lanik gabe dauden lagunek, laguntza jaso arren, lana bilatzeari utz ez diezaioten. Lan eta Gizarte gaietarako sailburuak, Gema Zabaletak, “pertsonak erantzunkidetasunaren bidez aktibatu” nahi dituztela dio. Bere hitzetan, langabeziagatik jasotzen diren laguntzak kudeatzeko garaian aldaketa handia izango ditu horrek, formazioaren bidezko lan bilatze aktiboa zuzenean lotuta egongo baita laguntzen kobratzearekin berarekin. Horrela bada, inork lan eskaintza edo formazio eskaintza bati arrazoi sendorik gabe ezezkoa ematen badio, ez du diru-sarrerarik izango.

Langabeen “erantzunkidetasuna” eta “aktibazioa” ardatz nagusien jiran arituko da urtarrilaren 2tik aurrera Lanbide, hau da, martxan jarriko den egunetik aurrera. Euskal enplegu zerbitzu berri honek INEM ordezkatuko du Euskadin. Lanbide pixkanaka hedatuko da Euskadin eta hasieran behintzat, hainbat eskualdeetan zehar 30 bulego izango ditu, “gertuko lan beharrak ezagutzeko eta eskualdeetako agenteen parte-hartzea lortzeko”. Hala ere, etorkizunean 44 bulego izango dira. Aurreikuspenen arabera 21 bulego izango dira Bizkaian (horietako 5 Bilbon), 14 Gipuzkoan (horietako 3 Donostian) eta 9 Araban (horietako3 Gasteizen). Honetarako guztirako 575 langile izango dira lanean eta etorkizunean 750 izan ahalko dira. Aurrekontua, berriz, 785 milioi eurokoa izango da (325 milioi oinarrizko errentarako eta etxebizitza gastuetarako prestazio osagarrirako, 226 milioi politika aktiboetarako eta 150 milioi kontratazio sarietarako).

Lan eta Gizarte gaietarako sailburuak Lanbideren instituzio itxura berria ezagutara eman ditu xehetasun hauek guztiak emandako prentsaurrekoan. Gema Zabaletaren hitzetan, horrelakoa izango da Lanbide enpleguaren politika aktiboen transferentzia Euskadira ekartzean.

“Langabetuak eskubideak ditu baina baita betebeherrak ere” hitz horiekin azaldu nahi izan du Zabaletak Lanbide sortzeak ekarriko duen filosofia aldaketa. Lanbideren helburua ez da langabetuak laguntzak jasotze hutsa izango, langabetuak “lanpostua enkofratzeko lan egitea” nahi baitute. Hori horrela izanik, arrazoi sendorik gabe lan eskaintza edo formazio eskaintza bati ezetz esaten dionak ezingo ditu langabeziagatik jasotzen diren laguntzak jaso. “Lanbideren bihotza eta haren erronka nagusia lan aktibazioa da” azpimarratu du Zabaletak  .

Zabaletak nabarmendu duenez antolaketa modua ez da lurraldekakoa izango, “herrialdekoa” baizik, nahiz eta eskualdeetan ezarri. Lanbide sortzeak “sarrera ate bakarra” emango die denbora luzean lanik gabe dauden langabetuei, langabezia saria jasotzen dutenei edo oinarrizko errenta dutenei. Gainera, Lanbide ezartzean gakoa izango da Administrazio kontseilua eratzea, eta Administrazioak zein gizarte eragileek rol paritarioa jokatuko dute. Horrela, Gobernuek izango duten ordezkaritza, sindikatuen edo enpresarien parekoa izango da, eta horrek hartu beharreko erabakiekiko adostasuna bilatzea ezinbesteko bilakatuko du. Zabaletren ustez, estatuko enplegu zerbitzuetan ohikoa ez den "berrikuntza" dauka talde honen osaketak. Administrazioaren ordezkaritzari dagokionez, Hezkuntza eta Industria sailak izango dira bertan, Lanbidek lortu nahi duen balio erantsiko formazioak adierazgarriak baitira.  .

Gazteak eta pizgarriak

Aurreikuspenen arabera, Lanbideren zerbitzuak beharko dituzten bost pertsona profilekin ari da lanean saila:

- Lanbidera gerturatzen diren pertsonen ehuneko 38 lan bila arituko dira, sariak jaso ala ez
- ehuneko 32k sariak jaso nahiko dituzte. Hala ere, ez dira lanik bilatzen arituko
- lan bila ar idirenen artean, ehuneko 15ek bere lan helburua “zehaztu” beharrean izango da
-ehuneko 10 administrazio izapideren bat egitera baino ez da joango
-ehuneko 5 “zaurkortasun berezi” egoeran izango da eta arreta berezia eskatuko du.

Gazteen sektoreari arreta berezia eskainiko zaio, Lanbidek “talka-plana” eskainiko die horiei: formazioa, enpresetan praktikaldiak, hizkuntzak ikasteko laguntzak eta enpresek gazteak kontratatzeko pizgarriak.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Gemma Zabaleta, saillburua