Eu

Eusko Jaurlaritzak gizarte politiketan duen eskarmentua aurkeztu dio Frantziako “Institut des Hautes Études de Protection Sociale” institutuari

2017.eko maiatzak 17
  • Madrilgo Frantziako Enbaxadak proposatuta
  • Lide Amilibia Sailburuordeak, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusi Mikel Antonek eta Lanbideko zuzendari Borja Belandiak, Juan Maria Aguadorekin batera, gizarteratze, gazteria, zahartze aktibo eta hirugarren sektorearen arloetan gauzaturiko esku-hartzeak azaldu dituzte
  • Euskadik proposamen ezberdinak helarazi dizkio Europako Batzordeari, Eskubide Sozialen Europako Zutabea zehazteko

 

Madril 17 05 17

Eusko Jaurlaritzako ordezkaritza batek Euskadik gizarte politiken arloan izan duen esperientzia aurkeztu dio gaur goizean “Institut des Hautes Études de Protection Sociale” institutuari, Madrilgo Frantziako Enbaxadan, 1988-1991 epean Frantziako Gizarte Gaietako ministro izandako Claude Evinek -IHEPSko presidente egun- agertu duen interesari erantzunez. Frantziako Enbaxadako Enpleguko eta Gizarte Gaietako kontseilari Jean François Renuccik goi-mailako euskal ordezkaritzak Madrilera egin duen bisita antolatu du.

 

Lide Amilibia sailburuordeak eta Lanbideko zuzendari Borja Belandiak ondoko gaien inguruan egindakoa azaldu dute ordezkaritza frantziarraren aurrean: Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta eta Lanbide eta aipatua eguneratu eta hobetzeko plana; gazteria eta enplegua, Gazteria Plan berri bat egiteko beharra azpimarratuz; Boluntariotzari eta elkartasunari loturiko ekimenak; gizarte politika, familia, hirugarren sektorea eta zahartze aktiboaren inguruan egindakoak; eta Euskadik Eskubide Sozialen Europako Zutabeari egin dizkion proposamenak.

 

Madrilen Frantziako enbaxadore den Yves Saint Géoursek gizarteratzeari, gazteriari, zahartze aktiboari eta hirugarren sektoreari dagokionean Euskal Herriak garatu dituen jarduketen inguruko azalpenak eskertu dizkio Eusko Jaurlaritzako ordezkaritzari. Ondokoek osatu dute aipatu ordezkaritza: Gizarte Politiketako Sailburuorde Lide Amilibia, Madrilen euskal ordezkari den Juan Maria Aguado, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusi Mikel Anton eta Lanbideko zuzendari Borja Belandia.

 

“Gizarte Politikak”

Frantziako enbaxadore Yves Saint Géoursek Claude Evin ministro ohiak sustaturiko IHEPSko goi-mailako ordezkaritzaren bisita antolatzea eta koordinatzea agindu zion Enbaxadako Enpleguko eta Gizarte Gaietako Kontseilari Jean François Renucciri. Eusko Jaurlaritzak Madrilen duen egoitzan 2015eko azaroan eginiko laneko gosari batean egona zen Renucci. “Gizarte eta enplegu politikak Euskal Herrian" izeneko gosari haren arduradunak bi izan ziren: Lide Amilibia eta garai hartako Lanbideko zuzendari Adolfo Alustiza. Christiane Labalme IHEPSko zuzendariak berak, "hainbat aldiz aipatuta entzun ditudan gizarte babeseko euskal politikak xehetasunez ezagutu nahi zituen”.

 

IHEPSko ordezkaritza ondokoek osatu zuten: IHEPSko presidenteorde Dominique Libault (gizarte babesari dagokionean gaurko eta biharko Frantziako gurua), Institutuko Zuzendari Christiane Labalme eta IHEPSk goi-mailako funtzionarioen eta enpresa pribatuetako eta Frantziako sindikatuetako buruzagien artean aukeraturiko beste 45 pertsona.

 

Enbaxadaren egoitzan eginiko ekitaldia Mikel Antonek eta Eusko Jaurlaritzak Madrilen duen ordezkari Juan Aguadok ireki zuten, Lanbideko zuzendari Borja Belandia eta Lide Amilibia sailburuordea aurkeztuz. Hauek, “Gizarte eta Enplegu Politikak Euskal Herrian. Egungo egoera eta etorkizunerako erronkak” izenburuko hitzaldia eman zuten eta, ondoren, ordezkari frantziarren galderei erantzun zieten.

 

Ondokoak izan ziren topaketan azterturiko gaiak: betiON Telelaguntzako Zerbitzu Publikoaren testuinguruan zaintzaileak zaintzea ahalbidetuko duen Pilotatze bidezko zaintzaileak zaintzeko lan-ildoa; Zahartze Aktiboa eta belaunaldien arteko elkartasuna, boluntariotza sustatuz adinekoen artean eta gizarte osoarentzat beharrezkoak diren beren jardueren planifikazio egokia garatuz; ZLTP Zaintzaileak Laguntzeko Telelaguntza Plan berritzailea; Jakiten, telefono bidezko zaintzaileentzako kontsulta- eta aholkularitza-zerbitzua; eta Gizarte Zerbitzuetako Euskal Sistemaren kontsolidazioa, gizarte babeseko beste sistema guztiekin duen harremana berregituratzeko, osasun sistemarekin bermatu beharreko koordinazioari dagokionean bereziki.

 

Europako Batzordeak, Jean-Claude Juncker bere presidentearen bidez, gizarte babeseko eta gazteen enplegua sustatzeko euskal politiken inguruko interesa agertu du ere. Orain dela hilabete batzuk, Euskadik bere proposamenak helarazi zizkion Eskubide Sozialen Europako Zutabeari.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Juan Aguado, Dominique Libault, Claude Evin. Jean François Renucci, Yves Saint Géours,