Berriak Lehendakaritza

Lehendakaria: “Harrotasunez ikusi behar da urteetako lanaren ondorioz Euskadi prestigiatua dagoela Europar Batasunean”

2017.eko maiatzak 17

Euskadi Irratian elkarrizketatu dute Urkullu Lehendakaria

Iñigo Urkullu Lehendakariak ziurtatu duenez, Euskadiko ekonomiaren eredua eta gizarte-politikena erreferente bat dira Europan ere, duela gutxi Bruselara egin duen bisitaldian Europako agintariek aitortu bezala. “Harrotasunez ikusi behar da urteetan egindako lanaren ondorioz Euskadi prestigiatua dagoela Europar Batasunean”, non egonkortasuna bermatzeko Eusko Jaurlaritzak egindako ahalegina ere nabarmendu den, Euskadi Irratian gaur emandako elkarrizketa batean Lehendakariak adierazi duenez. Egonkortasun horren adibide dugu Kupoaren gainean Espainiako Exekutiboarekin lortutako akordioa, gaur gauzatuko den akordioa, alegia, eta arlo fiskalean hamar urtez izandako desadostasunei azkena ematen diena.

Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoaren bileraren garrantzia azpimarratu du Lehendakariak, aldebikotasunaren eta Euskadiren berezitasunaren errekonozimenduaren adierazgarri. Zentzu horretan prest dago Kontzertu Ekonomikoaren inguruan pedagogia egiteko, atzo Valentziako Generalitateko lehendakari Ximo Puigekin gertatu bezala, beste alderdi batzuen artean, legezkoa dela, Konstituziora egokitzen dela eta eskubide historikoetan oinarritzen dela azaltzeko. Horregatik, akordioak talde politikoen bermea ere izatea espero du.

Akordioak lortzeko ahalegina, kasu honetan Espainiako Gobernuarekin, eta ekonomiaren hazkundea eta enpleguaren sorkuntza bultzatuko dituen egonkortasun-agertoki bat taxutzekoa, Europako Batzordeko lehendakari Jean-Claude Junckerrek berak aitortu du, zeinarekin bildu baitzen joan den astean Bruselan. Egonkortasun horrek, Lehendakariak berak azaldu duenez, Europan ere du eragina. Zentzu horretan azpimarratu duenez, Euskadik ospea du gaur egun Europar Batasunean, “harrotasunez ikusi behar duguna”.

Hala, Eusko Jaurlaritzak elkarrizketaren alde apustu egiten jarraituko du, itxi gabe dagoen euskal agenda bete dadin. Oraindik ebazteko dauden gaien artean nabarmentzekoak dira Estatutuan bildutako itxi gabeko transferentziak gautzatzea, autogobernuak eguneratzea edo Espainiako Gobernuak hartu beharreko konpromiso berriak bizikidetzari dagokionez, espetxe-politikaren eremuan, besteren artean. Gainera, beharrezkotzat jotzen du Lehendakariak iraganaren autokritika egitea, eta Kolonbiako prozesuan zehar egindako "keinuak" jarri ditu adibide gisa.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak