Berriak Lehendakaritza
Eu

Eusko Jaurlaritzak eta UPV/EHUko GGEE Katedrak txosten bat aurkeztu dute “Pertur kasua” gaiaren egungo egoerari buruz

2017.eko maiatzak 17

 Euskal Exekutiboaren eta UPV/EHUko Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Katedraren artean sinatutako hitzarmenean kokatzen da txostena

Txostena aurkeztuz errekonozimendu instituzionala eman nahi zaio Eduardo Moreno Bergaretxe familiari jasandako bidegabeko kalteagatik

Eusko Jaurlaritzak eta UPV/EHUko Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Katedrak txosten bat aurkeztu dute gaur goizean Eduardo Moreno Bergaraetxe “Pertur” –1976an desagertua–kasuaren egungo egoera juridikoari buruz. Txostenean, gertakarien deskribapen bat, kasuaren analisi juridiko bat eta nazioarteko zuzenbidean duen lekua biltzen dira. Txostena aurkeztuz errekonozimendu instituzionala eman nahi zaio “Perturren” familiari jasandako bidegabeko kalteagatik.

Pertur kasuari buruzko txostena gaur goizean aurkeztu da Eusko Jaurlaritzak Donostian duen egoitzan. Ondokoak izan dira aurkezpenean: Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendari Monika Hernando; GOGORAko zuzendari Aintzane Ezenarro; lanaren idazleetako bat den Bertha Gaztelumendi; eta txostenaren zuzendari eta katedraren arduradun Jon Mirena Landa. Euskal Exekutiboaren eta UPV/EHUko Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Katedraren artean sinatutako hitzarmenean kokatzen da txostena.

Txostenaren edukia

Eduardo Moreno Bergaretxe, Pertur, 1976ko uztailaren 23an desagertu zen, desagertzearen inguruko zirkunstantzien frogarik egon gabe. Lau urteko jarduketen ondoren, Auzitegi Nazionalak kausaren behin-behineko largespena xedatu zuen 2012an.

Gertakarien deskribapen xehekatu bat eta analisi juridiko bat egin eta gero, azken gomendio batzuk biltzen ditu txostenak. Horietan adierazten da, gaur egun, bi egiletza-hipotesi daudela irekita; horiei buruz ez dago daturik, ordea, bata edo bestea egiantzekoagoa agertzeko aukera ematen duenik. Dena den, “oso urritzat” jo da ikerketaren bilakaera. Adierazten denez, egitateak "ez dira iraganekoak", "desagertzea gaur egungoa da", gaur den egunean oraindik ez baitakigu Eduardo Moreno Bergaretxe non dagoen. Horrek esan nahi du (termino teknikoetan) “delituak jarraitzen duela”. Zentzu horretan adierazten denez "egia bilatzen jarraitzeko egintza-eza justifikatzeko ahalegin oro onartezin gertatzen da termino juridikoetan, bai eta giza terminoetan ere”.

Txostenak agerian utzi nahi du, batetik, kasuaren “injustizia”, eta bestetik, daturen bat izan lezaketen pertsonei atentzioa ematea, era anonimo batez izanda ere, informazio hori helarazi ahal izan dezaten, familiaren sufrimendua neurri batean arintzearren. Azken helburua litzateke gertatu zenaren egiaren berri izatea edota Eduardo Moreno Bergaretxeren gorpua non den jakitea.

Lankidetza-hitzarmena

2016ko uztailean, Eusko Jaurlaritzak, Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiaren bitartez, eta Euskal Herriko Unibertsitateak hitzarmen bat sinatu zuten UPV/EHUko Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Katedra sortu, garatu eta sostengatzeko. 2016rako jardueren programan jaso zen ikerketa-proiektu bat garatzea giza eskubideen urraketaren kasu adierazgarri bati buruz, gure herrialdearen duela gutxiko memoriaren aldian. Pertur kasua aukeratu zen, beste arrazoi batzuen artean, 2016a zelako hura desagertu zeneko 40. urteurrena.

Hala, Euskal Herriko Unibertsitateko Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Katedrak lehen txosten hau landu du, Katedrarekin lankidetzan Idazkaritzak bultzatu nahi duen sail bateko aurreneko pieza osatzen duena. Sailaren izenburua hau da: “Giza Eskubideak. Kasuen txosten monografikoak eta ikerketak"

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak