Eu

Gobernu Kontseiluak izatezko bikoteen erregistroa arautzeko erregelamendua aldatzen duen dekretu berria onartu du (Gobernu Bilera 2017-05-16)

2017.eko maiatzak 16

Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek proposatuta, Gobernu Kontseiluak, gaur, dekretu berri bat onartu du. Dekretu horren bitartez, Euskal Autonomia Erkidegoko izatezko bikoteen erregistroa arautzeko erregelamendua onartzen da. Dekretuak 2004ko aurreko dekretua aldatzen du, gaur egun indarrean dagoen arautegira egokitzeko eta bere funtzionamendua hobetzeko.

Aldaketa horren bitartez, bai izatezko bikote gisa eratzeko, bai izatezko bikotearen eraketaren aitorpena indargabetzeko, izatezko bikoteak arautzen dituen martxoaren 7ko 2/2003 Legean finkatutako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, eskaerekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa murriztu eta argitu egiten da.

Dekretu berrian zehatzago adierazten dira burutu behar diren izapideak eta hauek gauzatzeko modua. Gainera, erregulazioari segurtasun juridiko handiagoa ematen dio eta, baldintza zehatz batzuk ematean —aurreko dekretuak biltzen ez zituenak— orain arte zeuden hutsune batzuk ezabatzen ditu. Horri esker segurtasun juridikoa indartzen da eta pertsonen eskubideak bermatzen dira.

Horrela, indargabetze-eskaera pertsona bakarrak aurkezten duenean eta eskaera egiten duen pertsona horrek bikoteko beste kideari jakinarazten saiatu arren jakinarazpena ezin izan duela lortu —bestearen helbidea ezagutzen ez duelako— egiaztatzen badu, EAEko Izatezko Bikoteen Erregistroak berak jakinarazi ahal izango dio bikoteko beste pertsonari (Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako moduan) lehenengoak izatezko bikotea eratzeko aitorpena indargabetzeko hartutako erabakia.

Gainera, indargabetzea eskatzen duen bikoteko kide bat genero-indarkeriaren biktima den kasu zehatzaren aurrean —tratu txar horiek eman direla frogatzen badu—, izatezko bikotearen eraketa indargabetzea gauzatu aurretik, hauxe aurreikusi da: EAEko Izatezko Bikoteen Erregistroa arduratzea izatezko bikotearen eraketaren aitorpena indargabetzeko erabakia bikoteko beste kideari jakinarazteaz. Kasu horietan, gainera, genero-indarkeriaren biktima batek bere aldetik aurkeztu badu izatezko bikotea eratzeko aitorpena baliogabetzeko eskaera, ebazpena erabakitzeko eta jakinarazteko ohiko epe maximoa murriztu egiten da, hiru hilabetetatik bi hilabetetara pasatuz.

Indarreko araudira egokitzeari dagokionean, dekretua Euskal Zuzenbide Zibilaren ekainaren 25eko 5/2015 Legearen onarpenak baldintzatzen du. Izan ere, lege horren Bigarren Xedapen Gehigarriaren arabera —izatezko bikoteen erregimenari dagokiona—, Izatezko Bikoteak erregulatzen dituen martxoaren 7ko 2/2003 Legearen 2. artikulua eta, bereziki, artikulu horren bigarren atala aldatuko da. Hala, EAEko Izatezko Bikoteen Erregistroan inskribatu nahi duen bikote batek, hemendik aurrera egiaztatu beharko duen baldintzetako bat hauxe da: bikoteko kide batek, gutxienez, Euskadiko auzotasun zibila izatea.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko