NIK Patrika Digitala
Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak
qrcode

Maiatzak 17. LGTBIFOBIAREN AURKAKO EGUNA

2017-05-17

1990eko maiatzaren 17an, Osasunaren Munduko Erakundearen (OME) Batzar Orokorrak gaixotasun mentalen zerrendatik kendu zuen homosexualitatea. Harrez geroztik, maiatzaren 17a oso egun esanguratsua bilakatu da lesbiana, gay, trans, bisexual eta intersexualentzat, data hori ardatz katalizatzaile bilakatu baita kolektibo horren eskubideen alde eta gaur egun oraindik ere nozitzen duen diskriminazioaren aurka.

Begi-bistakoa da legeen aldetik aurrera egin dugula gai honi dagokionez, eta aurrerapen horiei esker, berdintasunezko ezkontza onartu zela, 2005ean, edo, orain dela gutxiago, Euskadin transexualak genero-identitateagatik ez baztertzeari eta haien eskubideak aitortzeari buruzko Legea (ekainaren 28ko 14/2012), adibide batzuk aipatzearren.

Ukaezina da, gainera, gizarteak aurrerapausoak eman dituela gai horrekiko kontzientziazioan, eta horren ondorioz, oro har, jarrera irekiagoz hartzen dela aniztasun sexuala. Baina ez dezagun gure burua engaina: oraindik ere LGTBIfobia dago gure gertukoenen artean ere. Halaxe dela egiaztatzen dute Barne Ministerioak zein Eraberean euskal sareak 2015. urtean izandako gorroto-delituei buruz argitaratutako azken txostenek, biek nabarmentzen baitute gure autonomia-erkidegoan oraindik ere izaten direla zenbait egoera diskriminatzaile eta gorroto‑delitu LGTBIfobian oinarrituak (Eraberean Tratu‑berdintasunaren aldeko eta diskriminazioaren aurkako sarea da).

Hala,  gure inguruan oraindik ere agertzen dira zenbait seinale, horren erakusle: aurreiritzi sexuala, ierarkizatzen eta diskriminatzen  dituena hetero-arautik kanpoko sexualitateak; transexualen kolektiboaren patologizazioa; jokabide homofoboak gure ikastetxeetan; eta emakume lesbianoen ikusezintasuna, legitimitate sozialik gabe eta haien eskubideak askatasunez bizitzeko aukerarik gabe uzten dituena.

Horra, gugandik oso gertu, LGTBI kolektiboarengan eragina duten zenbait maila defizitario; egoera askoz ere dramatikoagoa delarik nazioarteko esparruaz ari bagara. Ezin dugu ahaztu, bestalde, badirela 70 herrialde baino gehiago non sexu bereko pertsonen arteko harreman sexualak zigortzen dituzten, eta 11 herrialdetan heriotza-zigorra ezarrita dutela arrazoi horrengatik.

Eragile sozial guztion eginbeharra da, beraz, bestelako gizartea sortzea, errespetutsuagoa, justuagoa eta integratzaileagoa. Horretarako, gure lan-agendetan konpromiso esplizitua hartu behar dugu LGTBI kolektiboarekiko, aurrera egin dezagun kolektibo horrek sufritzen dituen mota desberdinetako diskriminazioen aurka.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)