Eu

Bizkaiko Mugikortasunaren Agintaritzak egin duen lehen bileran onetsi du 2018 – 2028 aldirako Bizkaiko Garraio Publikoaren Plan Estrategikoa, eta besteak beste garraiobide ezberdinetan egon daitezkeen gabeziak, gainjartzeak edo bikoizketak aztertuko ditu.

2017.eko maiatzak 15
  • eratu da modu formalean.
  • Barik eta partzuergoko titulu guztiak kudeatzeko “Leihatila bakarra” sortzea onetsi da. Hala, Herritarrei Laguntzeko Bulego (HLB) guztiek lurralde historikoko garraiobide guztien erabiltzaileen eskariei erantzuna eman ahal izango die.

Inplikatuta dauden alderdi guztiek Lankidetza Hitzarmena sinatu ondoren, gaur goizean egin dute Bizkaiko Mugikortasun Agintaritzaren (BMA) lehenengo bilera; organo hori lurraldeko garraioaren arloko erakundeen arteko lankidetza organoa da. 

Bilera horretan lankidetza organo berriak bi erabaki garrantzitsu hauek hartu ditu: 2018 – 2028 aldirako Bizkaiko Garraio Publikoaren Plan Estrategikoa idazteko agindua ematea eta Herritarrei Laguntzeko Bulego Integral berriak martxan jartzea.

Abian jarri berri den Bizkaiko Mugikortasun Agintaritza berria Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia eta Bilboko Udalaren arteko esfortzu eta lankidetzari esker sortutako erakundea da. Zenbait urtez zain egon behar izan gara Bizkaiko garraio publikoa hobetuko duen administrazio publikoen arteko lankidetza organoa sortu ahal izateko beharrezko babes politikoa izan arte.

Gaur goizeko ekimenarekin hasierako faseari bukaera eman zaio eta beste fase berri bat hasi da; honetan, garraio publikoaren koordinazioan aurrerapenak egingo dira baliabideak optimizatzeko, bikoizketak saihesteko eta lurralde eta gizarte kohesio eraginkorragoaren alde egiteko.  Garraio publikoaren zerbitzu eta azpiegituren planifikazio eta koordinazioari eragiten dieten erabakiak lankidetza organo horretan eztabaidatuko dira eta erabakiak aho batez hartuko dituzte ordezkatutako erakunde guztiek, bakoitzak bere eskumenak mantenduko baititu.

Bizkaiko Mugikortasunaren Agintaritzak lan egingo du Tarifak Bateratzeko Sistema Ezartzeko aurrerapenak egin daitezen, Euskadiko Garraio Agintaritzak (EGA) ere defendatutakoarekin bat eginez. Horrez gain, zerbitzua eraginkorragoa izateko eta garraio publikoari bideratutako inbertsioak lehenesteko ere lan egingo du. 

Hauek dira BMA osatzen duten kideak: Eusko Jaurlaritzako hiru ordezkari: Antonio Aiz (Garraio sailburuordea), Janire Bijuesca (Garraio Planifikazioaren zuzendaria) eta lmanol Leza (EuskoTreneko zuzendari nagusia); Bizkaiko Foru Aldundiko hiru ordezkari: Vicente Reyes (Garraioak, Mugikortasuna eta Lurraldearen Kohesioa Sustatzeko foru diputatua), Vidal Martínez, (Garraioko foru zuzendaria) eta Aitor Cobo, (Finantza foru zuzendaria); Bilboko Udaleko bi ordezkari: Juan Maria Aburto (Bilboko alkatea) eta Alfonso Gil, (Mugikortasun eta Iraunkortasuneko zinegotzia), eta BGPko ordezkari bat: Manuel Tejada (zuzendari kudeatzailea).

 

Garraioak, Mugikortasuna eta Lurralde Kohesioa Sustatzeko Bizkaiko Lurraldeko foru diputatua, Vicente Reyes, izango da erakundeen arteko lankidetza organoaren presidentea.

Aurreikuspenen arabera, etorkizunean bidaiarien hiri garraio kolektiboari lotutako zerbitzuak ematen dituzten Bizkaiko udalerriak eta Estatuko administrazioa ere atxiki ahal izango zaizkio Hitzarmenari.  Organoak aurretik hala erabakitzen baldin badu, enpresa publiko erakundeei dagozkien saioetan hitz egiteko aukera izango dute hauek: Sustapen Ministerioaren mende dagoen eta Trenbide Azpiegiturak Administratzen dituen ADIF enpresa, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren mende dagoen Euskal Trenbide Sarea (ETS) eta garraio operadoreak.                  

  • 2018 – 2028 aldirako Bizkaiko Garraio Publikoaren Plan Estrategikoa

BMAk 2018 – 2028 aldirako Bizkaiko Garraio Publikoaren Plan Estrategikoa sortzeko agindu du. Azterketa horretan lurraldeko garraio publikoak gaur egun duen egoeraren diagnosia egin beharko da hiru ikuspuntu hauetatik: ekonomikoa, teknikoa eta juridikoa. Horretarako, garraiobide ezberdinen balizko gabeziak, gainjartzeak eta bikoizketak aztertu beharko dira.

Plan handia da, eta horri esker lurraldeko mugikortasuna hobetzeko neurri berriak ezarriko dira. Horien artean, lehentasuna emango zaie garraioaren azpiegituretako inbertsioei eta bateratutako tarifa sisteman sakonduko da. Horretarako, ordainketa komunaren eredua, zonakatzea, garraio-aldaketak eta kolektiboak homogeneizatzea landuko dira besteak beste.

Neurriak definitu behar dira, besteak beste hauetarako: pertsonen garraio publikoko sistema optimizatu eta arrazionalizatzeko, garraioaren azpiegiturak aztertzeko eta beharrezko inbertsioei lehentasuna emateko, garraio kolektiboa sustatzeko, ibilgailu pribatua ahalik eta gutxien erabiltzea sustatzeko edo berariaz autobus edo bizikletentzat diren ibilbideak definitzeko.

  • Herritarrei Laguntzeko Bulego Integralak

BMAk hartu duen beste erabakietako bat “leihatila bakarra" ezartzeko aurrerapausoak egitea da Barik txartela eta partzuergoko titulu guztiak kudeatzeko. Horretarako, pixkanaka-pixkanaka Herritarrei Laguntzeko Bulego (HLB) berriak sortuko dira garraio publikoari begira interesgarriak diren lekuetan. 

HLB berriak operadoreek gaur egun dituzten informazio puntuei gehituko zaizkie, horiek funtzionatzen jarraituko baitute. Erabiltzaileei arreta emango die eta ez dute kontuan hartuko non egin dituzten birkargak, nondik bidaiatzen duten eta gorabeherak gertatu diren lekuak. Metroko ohiko bulegoek edo Bizkaibuseko kabinek ematen dituzten zerbitzuak osatzeko zerbitzua izango da hain zuzen ere.

“Lehiatila bakarraren” eredua San Mameseko bulegoa da; bertan sistemako operadore guztietako gorabeherak lantzen dira eta in situ ebazten dira zenbaitetan, eta beste batzuetan BGPra bidaltzen dira bertan ebazteko edo dagokion erakundera bideratzeko. Gaur egun lortu nahi dena da sistema horrekin lan egiten duten operadore ezberdinen HLB guztiek modu berean lan egitea. Horretarako, BGPk aplikazio berri bat sortuko du, hain zuzen ere HLB guztiak batera lanean egoteak sortzen dituen erronkei aurre egiteko. Hala, sistemaren HLB guztietako jarduketa komunak aplikazio batean integratuko dira, eta erregistro bakarrean egongo dira arreta eta gorabehera guztiak, Barik aplikaziokoekin batera. Gainera, etorkizuneko HLBetan erabiltzaileei arreta emateko telefono zenbaki bakarra egongo da.

Modu horretan, herritarrek Bizkaiko garraio publikoaren inguruan duten pertzepzio bateratua handitzea lortu nahi da, egin beharreko kudeaketak eta informazio bilaketak “puntu” bakarrean gauzatzeko aukera ahalbidetuz.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak