Nerabeek onartzen dute afektibitate- eta sexu-dibertsitatea, familia-dibertsitatea eta genero-dibertsitatea, eta LGTBI kolektiboekiko errespetua erakusten dute, baina oraindik bada fobia sotilik
- Oro har, ia ez dira ematen dibertsitatearen aurkako adierazpen publikoak edo hitzez egindako adierazpen zuzenak
- Maiatzaren 17an Homofobiaren, Transfobiaren eta Bifobiaren aurkako Nazioarteko Eguna ospatzen da
- Nerabeek beti ez dute inguruan LGTBI kolektiboen ikuspegi integralagoa edukitzen lagunduko dieten hurbileko erreferenterik
Euskadiko nerabeek existitzen diren afektibitate- eta sexu-dibertsitatea, familia-dibertsitatea eta genero-dibertsitatea onartzen dituzte eta LGTBI kolektiboen (lesbianek, gayek, transexualek, bisexualek eta intersexualek osatuak) aurrean errespetua erakusten dute. Oro har, ia ez dira ematen dibertsitatearen aurkako adierazpen publikoak edo hitzez egindako adierazpen zuzenak. Gainera, familia- eta harreman-dibertsitatea gero eta barneratuagoa dago. Hala ere, oraindik irauten dute fobia sotilagoek eta hautematen zailagoek. Nerabe batzuek jarrera fobiko arrazionalak erakusten ez dituzten arren, lesbianen eta gayen aurrean, adibidez, deseroso senti daitezke, edo sexu bereko pertsonen arteko maitasun-adierazpenen aurrean atsekabea erakuts dezakete. Hala ere, generoko rolen edo heteronormatibitatearen inguruko eztabaidatzea handitzen doan neurrian, aurreiritzi, gaitzespen-jarrera edo jokabide errespetugabe gutxiago hautematen dira.
Horiexek dira Enpleguko eta Gizarte Politiketako eta Hezkuntzako Sailek gaur aurkeztu duten Eusko Jaurlaritzaren ‘Lesbofobia, Homofobia eta Transfobia hezkuntza-sisteman’ izeneko azterketatik ateratzen diren ondorio batzuk. Ikerketa EDE Fundazioak egin du, Berdindu Zerbitzuak —afektibitate- eta sexu-dibertsitatearekin eta familia-dibertsitatearekin, eta genero-identitateekin lotutako gaietarako informazioko eta arretako Jaurlaritzaren zerbitzu publikoa— egindako eskaerari erantzunez. Aurkezpena bat dator, datorren maiatzak 17an, asteazkena, ospatzen den Homofobiaren, Transfobiaren eta Bifobiaren aurkako Nazioarteko Egunaren aldarrikapenarekin.
“LGTBIfobiaren aurkako borroka pertsona guztien berdintasun-printzipioaren, duintasunaren eta giza eskubideen aldeko defentsa da”, adierazi du, gaur, Eusko Jaurlaritzaren Gizarte Politiketako sailburuorde Lide Amilibiak, dokumentua aurkezteko egin den prentsaurrekoan. “Dibertsitatea gure aberastasuna da, eta LGTBI pertsonenganako edozein motatako diskriminazioren eta indarkeriaren aurkako ahalegin guztiak, gero eta gizarte inklusiboago, justuago eta errespetutsuago baten, eta azken batean, berdintasunezkoago baten aldeko urrats kolektiboak dira”.
“Hezkuntza Berriztatzeko zuzendari Lucia Torrealdayk, berriz, nabarmendu du eskola leku ezin egokiagoa dela gai hauei heltzeko, bai aniztasun afektibo-sexualari, familia-aniztasunari eta baita genero-identitateari ere. “Gai hauek sentsibilizazioz jorratzen dituen eta prebentzioan lan egiten duen lekurik edo arlorik baldin bada, leku hori eskola da –ziurtatu duenez-, bai Hezkuntza Sailak eta baita ikastetxeetan lanean ari diren irakasleek gai honekiko duten sentsibilitateagatik. Bide horretan lanean jarraitu beharra daukagu. Horregatik, ezinbestekoa da hezkuntza-komunitatea LGTBfobiaren aurkako eragile aktibo bihurtzea, prebentzioaren bidetik, eta gaiari arreta egokia eskainiz”.
Hala ere, ikastetxeen lana bakarrik ez dela nahikoa azpimarratu du. “Gizartearen inplikazioa behar da, komunikabideena, eta nola ez, familiena ere bai”. Torrealdayk hizpide izan ditu arlo honetan aurrera egiten jarraitzeko ikastetxeek eskura dituzten plan eta tresnak ere. Hala nola, Hezkuntza Sisteman hezkidetza eta genero-indarkeriaren prebentzioa lantzeko Gida Plana eta Ikasle transei edo genero portaera ez normatiboa dutenei eta haien familiei laguntzeko Protokoloa nabarmendu ditu.
Pertsona lesbianen, gayen, bisexualen, transexualen eta intersexualen errealitatea asko hobetu da azken urteetan: euren eskubideak sustatzen dituzten legeak, gizartean harrera hobea dute, gehiago hartzen dituzte kontuan, etab. Baina oraindik badira jarrera eta jokabide LGTBIfobikoak egoten jarraitzen laguntzen duten sozialki errotutako estereotipoak, aurreiritziak eta ideiak. Azterketa honetan jarrera horiek euskal hezkuntza-sisteman aztertu dira. Horretarako, euskal eskola-ingurunean, eta, batez ere, nerabeen artean, afektibitate- eta sexu-dibertsitatearen, familia-dibertsitatearen eta genero-identitate diferenteen aurrean iritziak, balioak, jokabideak eta jarrerak bildu dira.
Homosexualitatea eta lesbianismoa moda bat edo itxurakeria-jarrera bat dela; gay edo lesbianen bikoteetan, batek gizonaren papera eta besteak emakumearena egiten duela; itxurarengatik eta keinuengatik pertsona bat gay edo lesbiana den jakin daitekeela; eta antzeko iritziak nerabe batzuen buruetan egoten jarraitzen dute, azterketaren ondorioen arabera. Bestalde, bisexualitatea moda batekin eta itxurakeriako jarrera batekin lotzen dute zenbaitek.
Pertsona transexualen inguruan, azterketaren arabera, pertsona horien izaerak nahasketa eragiten du. Horregatik, transexualen inguruko ideiak kontraesankorragoak dira: bitxiak eta, aldi berean, ausartak direla pentsatzen da. Azkenik, intersexualitatea ia ez da ezagutzen. Hortaz, ez dago aldez aurretik pentsatutako iritzirik.
Erreferenteak
Nerabeek beti ez dute LGTBI kolektiboen ikuspegi osoagoa edukitzea ahalbidetuko dieten hedabideen bitarteko erreferenterik. Nerabeek euren ideiak osatzeko erreferente zabalduenak telebistako telesailetako eta programetako pertsonaiak dira, hauek, oro har, estereotipatuak dauden arren eta kolektiboen errealitateari erantzuten ez dioten arren. Lesbianen kasuan telebistan horrelako erreferente gutxi daude, transexualen erreferenteen azpitik. Horregatik ikusezintasun handiagoa hautematen da.
Oro har, neskek jarrera positiboagoa erakusten dute (sexu bereko pertsonen arteko maitasun-jarrerak edo genero-urratzeak hobeto onartzen dituzte), eta kolektiboak diskriminatzen edo epaitzen dituzten hitzezko jarrerak mutilek baino gutxiago erabiltzen dituzte. Bestalde, mutilek diote benetan zaila izango zitzaiela beren lagun mutilei gay direla esatea, lagun horiek baztertu edo barregarri utziko lituzketela uste dutelako.
Izan ere, azterketan parte hartu duten LGTBI nerabeek kasuren batean gaitzespen motaren bat jasan dituela adierazi dute.
Dena dela, generoko rolak edo heteronormatibotasuna zalantzan jartzea areagotzen den neurrian, aurreiritzi, gaitzespen-jarrera edo jokabide lotsagabe gutxiago hautematen dira. Esparru honetan nerabe askok emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren aldeko jarrera dute, eta rolen banaketa tradizionala zalantzan jartzeko gai dira. Oro har, nerabeek existitzen den afektibitate- eta sexu-dibertsitatea eta familia-dibertsitatea onartzen dituztela dirudi, eta LGTBI kolektiboenganako errespetua erakusten dute.
LGTBIfobia
LGTBIfobia deskriba daiteke LGTBI kolektiboko kideen, bertakoak diruditen edo irudimenaren bidez hauekin lotzen diren pertsonenganako beldur eta gaitzespen bezala. 1990eko maiatzaren 17an, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) homosexualitatea buruko gaixotasunen zerrendatik kendu zuen. Erabaki hori gertakari garrantzitsua izan zen, eta oso urrats handia sexu-orientazioa eta -identitatea gure gizartean dagoen dibertsitatearen berezko elementu gisa onartzen hasteko. Hamar urte baino gehiago badira maiatzaren 17an LGTBI pertsonenganako edozein motatako gorroto edo indarkeriaren aurkako Nazioarteko Eguna ospatzen dela.
*Azterketa hau Enpleguko eta Gizarte Politiketako Saileko Familia Politikako eta Aniztasuneko Zuzendaritzak eta Hezkuntza Saileko Hezkuntza Berrikuntzako Zuzendaritzak sustatu dute. Eskola Segurua: eskolan lesbofobia, homofobia eta transfobia aurreikustea eta horri aurre egitea ekimenaren esparruan kokatzen da. Ikerketa EDE Fundazioak osatu du, Berdindu Zerbitzuak —afektibitate- eta sexu-dibertsitatearekin eta familia-dibertsitatearekin, eta genero-identitateekin loturako gaietarako informazioko eta arretako zerbitzu publikoa— egindako eskaerari erantzunez. Zerbitzu honen helburu da pertsona lesbiana, gay, transexual, bisexual eta intersexualei eta hauen inguruko guztiei informazioa eta babesa ematea, hala eskatzen badute.