Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Bernabé Unda: “SPRI Taldearen gastuak % 20 murriztuko dira 2012rako”

2010.eko azaroak 12

 Sprilurren egungo 26 sozietateak 12 baino ez dira izango hiru urterako ikuspegian

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburu Bernabé Undak gaur azaldu du Eusko Legebiltzarrean bere helburuetako bat SPRI (Industriaren Sustapen eta Birmoldaketarako Sozietatea) Taldearen gastu-murrizketari dagokionez. Ildo horretan, ziurtatu duenez, "SPRI Taldearen gastuak % 20 murriztuko dira 2012rako".

Eusko Jaurlaritzak "gutxiagorekin gehiago egiteko" garaturiko ekintzen barruan biltzen da helburu hori. Zehazki, sailburuak adierazi duenez, SPRI Taldeak 52 milioi euro jorratu zituen 2008. urtean, eta 2012an, aldiz, 42 milioiko gastua izango du, hau da, % 20 gutxiago edo 10 milioiko aurrezpena.

Sailburuak lehendik ere aurreratu zuen bere proiektua aurreko Industria Batzorde batean, eta gogorarazi duenez, "berrantolamendu honen helburu nagusiak honako hauek dira: gobernagarritasuna hobetzea, autofinantzaketarantz aurrera egitea (gutxiagorekin gehiago egitea) eta azpiegituretara balio erantsi gehiago ekartzea".

Sprilurren, lurzorua kudeatzeaz arduratzen den sozietatean, egiten ari diren jardunak zehaztu ditu Bernabé Undak. Sprilurren mendeko sozietateak murriztu egingo direla aurreratu du sailburuak: egungo 26ek (3 parke teknologiko, 22 industrialde eta Sprilur bera) fusio- eta likidazio-prozesu bat hasi dute 12ra murriztu arte, 3 Parkeak eta Sprilur barne, hiru urterako denbora-ikuspegian (2013).

"12 sozietate horiek", sailburuak adierazi duenez, "hiru Lurralde Zuzendaritzatan eta zortzi eskualdetan bilduko dira, Lurraldearen Antolamendurako Artezpideei jarraiki eta eskualdeak eta lurraldeak orekatuz, banaketa bidezkoagoari esker eta, kasuan kasu, haien arteko aldeak ere konpentsatuz, tokian tokikoagoak diren ikuspegiak gaindituta".

Gainera, lurraldearen kohesio soziala hobetuko da eskualde bakoitzeko arduradun bat izendatuta eta inbertsio publikoa agortuta dagoen edo inoiz ere izan ez den zona edo azpieskualdeetan jardunez.

Iraunkortasuneko eta Energia Eraginkortasuneko Politika bat egikarituko da, Eusko Jaurlaritzaren Sozietate eta Sailekin lankidetzan (Ingurumena, Lurralde Antolamendua, Nekazaritza eta Arrantza, EEE, IHOBE eta URA). Hori guztia 2010-2013ko Lehiakortasun Planaren barruan bilduta.

Langileak murriztu gabe

Bernabé Undak adierazi duenez, doikuntzak ez du eragingo langileen murrizketarik. "Sprilurren egituraketak egiazko berrantolamendu-premiari erantzuten dio", adierazi duenez.

Horrela, zerbitzu korporatiboak zentralizatuko direla aurreratu du, "horri esker egungo bikoiztasun eta gainjartzeak saihestuz". Langileak birkokatu egingo dira, azpikontratazioa ordezkatuz, zerbitzu korporatiboek egingo baitituzte, eta SPRI Taldeko beste sozietate batzuei laguntza emango zaie, egungo plantilla atxikita langileen lanbide-kualifikazioarekiko. Oro har, gardentasun eta irisgarritasun handiagoa izango da kudeaketan, eta eskala-ekonomien ondoriozko aurrezpena ere bai.

Bernabé Undaren Sailak zenbait erabaki garrantzitsu hartu ditu jada, goi-kargura parekatutako bere sozietate publikoetako zuzendarien kopurua murriztu baitu: 23tik 7ra jaitsi dira.

Sailburuak, halaber, aurreratu du talentu ekintzailea indartuko dela enpresa-haztegien bidez, "jada Azkoitian, Irunen, Donostiako Parke Teknologikoan eta Arabakoan egiten ari garen bezalaxe", zehaztu duenez.

Eta zerbitzu aurreratuak eta hobekuntza teknologikoaren transmisioa ere ezarriko dira industrialdeetan eta enpresa-parkeetan parke teknologikoekin eta SPRIren Berrikuntza Zuzendaritzarekin izango den lankidetzaren bidez, baita MITKE programaren (Europar Batasunak % 75ean batera finantzatzen du Interreg 4C bere programaren bidez) eta COPIT industria- eta teknologia-parkeen lankidetza-proiektuaren bidez ere.

Vitoria-Gasteiz, 2010eko azaroaren 12a

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
  • Bernabé Unda
    Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburua (IX legealdia)
Beste gonbidatu batzuk
  • Bernabé Unda