Berriak Hezkuntza

Cristina Uriartek Berritzegune Nagusia bisitatu du, Bilbon

2017-05-12

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak Berritzegune Nagusiaren egoitza bisitatu du gaur goizez, Bilboko Rekalde auzoan. Berritzeguneak prestakuntzan eta hezkuntzaren berrikuntzan laguntzeko zentroak dira. Zeregin nagusia dute, euren inguruneko ikastetxeei aholkularitza eta formazioa ematea, nahiz ikastetxe horiei berrikuntzan, esperimentazioan eta ikerketan beharrezko duten laguntza ematea. Berritzegune Nagusiaz gain, egun Euskadin 18 Berritzegune daude, Hezkuntza Sailaren baitakoak guztiak, EAEko geografian sakabanaturik. Horietako bakoitza bere eskualdeko ikastetxeei laguntza emateaz arduratzen da.

Gaurko bisitan zehar, Berritzegune Nagusiko arduradunekin eta bertan ari diren profesionalekin solasaldia izan du Uriarte sailburuak, eta bertatik bertara ezagutu ahal izan du zentro hauek egiten duten lana zein den, bereziki datorren astean Getxon izango den Getxolinguae 2017 jardunaldiaren prestakizunak zertan diren. Berritzegune Nagusiak antolatzen duen jardunaldi honek irakurtzeko gaitasuna izango du gai nagusi aurten: “Irakurtzeko gaitasuna ikasgelan lantzeko eta ebaluatzeko estrategiak” leloarekin. Euskadiko ikastetxeetan hizkuntza irakasle ari diren 200 lagunetik gora elkartuko dira datorren maiatzaren 17an Getxon, Uriarte sailburuak berak irekiko duen jardunaldian. Era berean, eta zentro hauek egiten duten lanaren adibide honako hau ere, gaur goizez Donostian burutzen ari den “Ebaluazioa berrikuntzaren eragile” jardunaldia ere Berritzegune batek antolatua izan da, Zarauzkoak hain zuzen ere. 

Berritzeguneen zereginak

Zonaldeka edota lurraldeka antolaturik, unibertsitatez kanpoko irakaskuntzan berrikuntza eta hobekuntza eskaintzen duten zerbitzuak dira Berritzeguneak. Dagozkien eskola barrutiak dinamizatzen dituzte, irakasleen etengabeko gaurkotzeaz eta formakuntzaz arduratzen dira, eta era berean, hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleei erantzun ematea ere Berritzeguneei dagokie.

Egun, Euskadiko Berritzeguneetan hezkuntzako 340 profesional inguru ari dira lanean. Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza nahiz Bigarren Hezkuntzako aholkularitza lanak egiten dituzten irakasleak dira, edo baita hizkuntza normalizazioaz, informazio eta komunikazio teknologiez nahiz hezkuntza-premia bereziez arduratzen diren aholkulariak ere. Horiei guztiei gehitzen zaizkie irakasle-laguntzaileak, fisioterapeutak, gizarte egokitzapenerako teknikariak, logopedak, ikasle ijitoen koordinatzaileak, autisten koordinatzaileak, edo entzumen urritasuna duten ikasleen koordinatzaileak ere. 

Iruzkin bat
  • @Gob_eus
    2017-05-12

    Comentario de Twitter:
    La consejera Cristina Uriarte ha visitado el Berritzegune Central, en Bilbao ➡ https://t.co/mgHn4Nj6Vr https://t.co/ZvxYnDMPij

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)