Berriak Hezkuntza
Eu

Eusko Jaurlaritzak kanpaina berri bat jarri du abian, Confebaskekin batera, ikastetxeen bitartez Euskadiko Lanbide Heziketa Duala sustatzeko

2017.eko maiatzak 11
  • Dagoeneko 1.800 enpresak baino gehiagok parte hartu dute, % 80 enpresa txiki eta ertainak. 2017-2018 ikasturterako kanpainak, lehen aldiz, egin beharreko urratsak biltzen dituen Enpresentzako gida lasterra hartzen du barnean.
  • Sektore eta tamaina guztietako enpresei zuzentzen zaie
  • Hau da hautatutako goiburua: ‘Euskadiko Lanbide Heziketa Duala: Gaurko irtenbidea etorkizuneko zure erronketara. Enpresa, orain da unea’

Eusko Jaurlaritzak, Confebaskek eta Euskadiko Lanbide Heziketako ikastetxeek 25 urtetik gorako prestakuntza-arloko lankidetza estua baliatu nahi dute ‘Etorkizuneko Lanbide Heziketatzat’ jotzen dena euskal enpresen artean bultzatzen jarraitzeko: eredu duala, ikasleak enpresak edo sektoreak behar dituen gaitasun espezifikoetan prestatzen dituena eta, gainera, gazteei lan-irtenbide zabala eskaintzen diena.

Dagoeneko 1.800 euskal enpresak eta Lanbide Heziketako ikastetxeetako 2.000 ikaslek baino gehiagok parte hartu dute programak indarrean daraman 5 urteetan. Ikasturte honetan, 1.200 gazte baino gehiago ari dira Lanbide Heziketa Duala egiten ia 800 enpresatan. Horrek esan nahi du programa 2012. urtean abian jarri zenetik ikasle kopurua hamar aldiz handiagoa dela eta parte hartzen duten enpresena zazpi aldiz handiagoa. Eta datu garrantzitsu bat dago gainera: % 80 ETEak dira. Horrek frogatzen du edozein tamaina eta jardueratako konpainiei zuzentzen zaien prestakuntza mota dela.

Enpresentzako gida lasterra

Aurtengo kanpainak, lehen aldiz, parte hartzeko interesa duen enpresa batek egin behar dituen urratsak biltzen dituen ‘gida laster’ bat hartzen du barnean. Parte hartzera animatuz gero jarraitu beharreko protokoloaren lehen ideia izateko aukera ematen duen dekalogo xume eta irakurterraza.

Eusko Jaurlaritza, Confebask eta ikastetxeak elkarrekin lantzen ari diren Lanbide Heziketa Dualeko euskal ereduak hainbat modalitate eskaintzen ditu prestakuntza kasu zehatz bakoitzera egokitzeko. Irekita dauden aukeren artean, enpresan 2 edo 3 urteko heziketa-zikloak aintzat hartzen dira, behar den espezializazioaren arabera.

Euskadiko Lanbide Heziketa Dualaren abantailak

Abantaila garbiak eskaintzen ditu. Gazteentzat, lan-egoera errealetan ikasteko aukera ematen dielako eta gutxienez urtebeteko lanbide-esperientzia eskuratzen dutelako; kontratuaren edo hitzarmenaren araberako ordainsaria eskaintzen dielako; eta industria-adar batzuetan % 90 gainditzera iristen den lan-integrazioa.

Enpresentzat, Lanbide Heziketa Dualak beren behar zehatzetara eta enpresaren kultura partikularrera egokitutako langile kualifikatuak prestatzen dituelako; belaunaldien arteko txandakatzea ahalbidetzen duelako; inplikazio-maila eta elkarrekiko lankidetza areagotzen duelako; eta beste bide batzuek baino denbora laburragoa behar duelako egokitzeko/prestatzeko.

Maila handiko gogobetetasuna eta lan-munduratzea

Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketako Sailburuordetzak egindako inkesta baten arabera, parte hartzen duten enpresen gogobetetasun-maila ia % 100ekoa da. Zehazki, programa horretan parte hartu duten enpresen % 98ren iritziz ikasleek positiboki eta eraginkortasunez erantzun diote esperientzia horri; % 99,6k ‘oso ontzat’ jotzen dute Lanbide Heziketa Dualaren euskal eredua eta enpresen % 99,3k berriz parte hartuko lukete programaren hurrengo deialdian.

Gainera, Lanbide Heziketa Dualaren euskal ereduak lan-munduratzeko maila handia eskaintzen du. Lanbide Heziketa Dualeko gradudunen % 78k hurrengo egunean aurkitu zuten lana eta % 90ek, gutxi gorabehera, prestakuntza egin zuten enpresa berean jarraitu zuten.

2020. urterako helburua eredu hori hedatzea eta areagotzea da. Horretarako, gutxi gorabehera 7.000 ikasle gazte ikas-ekinezko erregimeneko modalitate dual horretan prestatzeko prest dauden 5.000 enpresa inguru txertatu behar dira; Euskadin Lanbide Heziketan urtero titulua lortzen duten ikasle guztien % 60 izango lirateke gutxi gorabehera.

Kanpaina

Asmo horrekin, Confebaskek eta haren kide diren ADEGI, CEBEK eta SEA elkarteek, Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketako Sailburuordetzaren eta Euskadiko Lanbide Heziketako ikastetxe sarearen eskutik, zabalkunde-kanpaina berri bat abian jarri dute euskal enpresen artean, goiburu honen pean: Euskadiko Lanbide Heziketa Duala: Gaurko irtenbidea etorkizuneko zure erronketara. Enpresa, orain da unea’.                               

Aldi berean, ADEGI, CEBEK eta SEA hainbat ekimen garatzen ari dira maiatzean, enpresei zuzenean azaltzeko zer-nolako abantailak dituen Lanbide Heziketa Dualaren programan sartzeak. Izan ere, Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketako sailburuorde Jorge Arévaloren hitzetan, eredua “oso ongi bideratuta, egituratuta eta kontrolatuta dago, eta, gainera, gizarte-eragileekin adostu izanaz gain, bi helburu garbi erdietsi nahi ditu: pertsonen enplegagarritasuna —gazteena batik bat— eta enpresen lehiakortasuna hobetzea”.

Interesa duten enpresak harremanetan jar daitezke ADEGI, CEBEK edo SEA elkarteekin edo Euskadiko Lanbide Heziketako edozein ikastetxerekin. 

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @rammurgia
    2017.eko maiatzak 29

    Comentario de Twitter:
    El Gobierno Vasco inicia junto a Confebask y a través de los centros educativos una nueva campaña para la promoc... https://t.co/kV4iH0y7ZC

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak