Eu

Arriola sailburuak aldarrikatu du lurraldearen antolamendua eta hirigintza “hiria giza eskalan, ingurunean eta gizartean integratuta, eraikitzeko” erabiltzea

2017.eko maiatzak 11
  • Hiria, mugikortasuna eta ingurune naturala, Lurralde Antolamenduaren Gidalerroen (LAG) berri emateko jardunaldietako protagonistak
  • Bilbon egin da gaur lehenengo jardunaldia, eta datozen asteotan Donostian eta Gasteizen emango zaio jarraipena

 

Nolako hiria nahi dugu? Galdera hori oinarritzat hartuta egin da gaur Bilbon Lurralde Antolamenduaren Gidalerroei (LAG) buruzko hiru jardunaldietako lehenengoa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak antolatuta. Jardunaldien helburua da une hauetan lantzen ari diren Euskadiko LAGen Aurrerapenaren eduki nagusien berri hiru lurralde historikoetako gizarte-eragileei, erakundeei eta herritarrei ematea. Parte hartzeko prozesua Sailaren webgunean eta Eusko Jaurlaritzaren Irekia atarian zabalik dagoen aldi berean egingo dira aurkezpenak. 

Jardunaldien izenburu bateratua “LAGak eta zu” da, eta asmoa da berrikusten ari diren gidalerroen gai sektorial bat sakontzea eragile ezberdinen arteko iritzi-trukea sustatzeko eta ekarpen zuzenagoak egiteko. Jardunaldi horietako lehenengoa ostegunean egin da Bilboko Bizkaia Aretoan (UPV/EHUko paraninfoa). Bertan izan dira Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua eta planteatutako gaiak aztertzeko izen handiko hainbat hizlari. 

Bilboko jardunaldia hiriari eskaini zaio, eta Vicente Reyes diputatua buru duen Bizkaiko Foru Aldundiko Garraioak, Mugikortasuna eta Lurraldearen Kohesioa Sustatzeko Sailarekin batera egin da. Bertan aurkeztu da une hauetan lantzen ari diren Bilbo Metropolitarraren Lurralde Plan Partzialaren (LPP) Diagnostikoa ere.

José Fariña Tojo arkitekto eta urbanistak “Hiri adimentsuetatik haratago” ponentziarekin esku hartu du, eta Madrilgo Unibertsitate Politeknikoko irakasle Inés Sánchez de Madariagak “ Hiria gozatzeko eskubidea, eguneroko bizimodua eta generoa, hiri agenda berrian” gaiaz hitz egin du.

Iñaki Arriolak adierazi du Sailak egin duen apustua “bizitzeko moduko hiriak, eta denontzat lekua izango dutenak, eraikitzeko”. Eta “ingurumenaren, lanaren, etxebizitzaren eta oinarrizko zerbitzuen ikuspegitik herritarrei bizi-baldintza duinak ziurtatuko dizkieten hiriak behar dute izan", esan du. LAGen Aurrerapenaren ildotik, sailburuak azpimarratu du amaiera eman behar zaiola hirigintzaren mugarik gabeko hedapenari, eta hiria giza eskalan diseinatu behar dela. “Lurraldearen antolamendua eta hirigintza erabili behar ditugu hiria inguruan eta gizartean integratzeko, eta horrek esan nahi du erabakigarritasunez jardun behar dela hondatutako hiri-inguruneak birgaitu eta leheneratzeko, gure jarduera-programan jasota dagoen moduan", erantsi du.

Eztabaida-jardunaldiak osatzeko arratsaldez, eta ateak itxita, lan-mahaiak eratuko dira gai bakoitzeko adituekin. Honako hauek dira Donostian eta Gasteizen egingo diren hurrengo jardunaldietako programak:

 

MAIATZAK 17 (DONOSTIA)

 

Tokia: TABAKALERA eraikina – ZINEMA

GAIA:LAGak ETA ZU:KLIMA ALDAKETAREN KONTRA MUGITUKO GARA?

• 9:30 – 10:00: Harrera

• 10:00 – 10:15: Irekiera eta jardunaldiaren aurkezpena: Iñaki Arriola López

(Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua)

• 10:15 – 11:00: José Mª Ezquiaga Domínguez hizlaria.“Mugikortasuna eta Lurraldea"

• 11:00 – 11:45: Marta Olazabal Salgado hizlaria.“Lurralde Antolamendua

klima aldaketaren kontrako tresna gisa”

• 11:45 – 12:15: Kafea.

• 12:15 – 13:00: LAGen Aurrerapenaren aurkezpena.

• 13:00 – 13:30: Galderak eta eztabaida.

• 13:30 – Jardunaldiaren itxiera: Arantza Leturiondo Aranzamendi 

(Lurralde Plangintzaren sailburuordea)

 

MAIATZAK 24 (VITORIA-GASTEIZ)

 

Tokia: UPV/EHUko Letren Fakultatea – GRADUEN ARETOA

GAIA:LAGak ETA ZU:INGURUNE NATURALA ETORKIZUNERAKO INBERTSIO GISA

• 9:30 – 10:00: Harrera

• 10:00 – 10:15: Irekiera eta jardunaldiaren aurkezpena: Iñaki Arriola López

(Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua)

• 10:15 – 10:45: Juan Requejo Liberal hizlaria.“Lurraldea sistema bizidun gisa”

• 10:45 – 11:15: Albert Cuchí i Burgos hizlaria.“Hirigintza noraezean”

• 11:15 – 11:45: Cristina del Pozo Sánchez hizlaria."Hiri-azpiegitura berdearen

plangintza eta diseinua”

• 11:45 – 12:15: Kafea.

• 12:15 – 13:00: LAGen Aurrerapenaren aurkezpena.

• 13:00 – 13:30: Galderak eta eztabaida.

• 13:30 – Jardunaldiaren itxiera: Arantza Leturiondo Aranzamendi 

(Lurralde Plangintzaren sailburuordea)

 

 

Bilbo Metropolitarraren LPPren Aurrerapena urte amaierarako egongo da bukatuta

Vicente Reyes diputatuak adierazi du bere sailaren lehenengo ekintzetako bat izan dela Bilbo Metropolitarraren LPP berrikusteko prozesua abian jartzea, eta Aurrerapena urteko azken hiruhilekoan argitaratzea aurreikusten dela. Prozesu konplexu honetan Bilbo Metropolitarreko Eremu Funtzionala osatzen duten 35 udalerrien datozen hamar urteotarako lurralde-estrategia ezarriko da, eta lehenengo fasean protagonismo berezia izan du udalen, erakundeen, sektoreen eta herritarren parte-hartzeak.

Bilbo Metropolitarraren LPP herritarrei ezagutarazteko estrategiaren baitan, erakusketa ibiltariak antolatu dira; gai zehatzen inguruko lau foro egin dira, eta horietan gai bakoitzeko adituen aurkezpenekin batera herritarrek parte hartzeko dinamikak egin dira; web-orri espezifiko bat sortu da eta gizarte-sareetan profil propioak sortu dira informazio eguneratua eskaintzeko eta herritarren iradokizunak eta ekarpenak jasotzeko. Fase horretan “handia izan da herritarren parte-hartzea”, esan du.

“Herritarren, gizartearen eta erakundeen parte-hartzearen balorazioa erabat positiboa da, baina erakundeek etengabe egin behar dute ahalegina denboran luze joaten diren prozesuetan, kasu honetan lurraldea antolatzeko tresnak lantzean, herritarren arretari eusteko”, erantsi du Vicente Reyesek.   

“Gaurkoa bezalako foro bateratuei esker” –azpimarratu du foru-diputatuak–, “lurraldearen antolamenduan eskumenak dituzten administrazio publikoen arteko jarduerak koordinatu daitezke. LAGetako herritarren parte-hartzea izan da Bilbo Metropolitarraren LPP berrikusteko prozesuari lotuta erakundeek eta gizarteak parte hartzeko abian jarri den prozesu publikoaren erreferentzia”.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Vicente Reyes, Garraioak, Mugikortasuna eta Lurraldearen Kohesioa Sustatzeko Bizkaiko Foru Diputatua