Berriak Ogasuna eta Ekonomia

Azpiazu: “Instituzio guztiok argi daukagu zerga-arauek helburu bikoitza bete behar dutela, hau da, jarduera ekonomikoa eta enplegua bermatzea eta zerbitzu publikoak ematea

2017.eko maiatzak 12

Ogasun eta Ekonomiako sailburuari elkarrizketa egin diote Euskadi Irratiko “Boulevard” saioan

Ogasun eta Ekonomiako sailburu Pedro María Azpiazuk erreforma fiskalaren inguruko eztabaida bare baten alde egiten du apustu, kontuan hartuta instituzio publikoak jabetzen direla zerga-sistema bat bilatzeko premiaz, bi helburu beteko dituena: jarduera ekonomikoa bultzatzea eta beraz enplegua sortzea, eta zerbitzu publikoen finantzaketari erantzutea, hau da, osasun-zerbitzuei, hezkuntzari eta gizarte-politikei. Hala ziurtatu du gaur Euskadi Irratiko “Boulevard” saioan emandako elkarrizketa batean.

Azpiazuk ezeztu egin du gai honetan Eusko Jaurlaritzaren eta foru-instituzioen artean gatazkarik dagoenik, eta ziurtatu duenez, hiru aldundiekin dituzten harremanak "onak dira, hala behar baitute izan” interes partekatuak dituztelako. “Guztioi interesatzen zaigu jarduera ekonomikoa egotea eta prestazio sozialei ondo erantzutea, herritarrak instituzio guztion kezka baitira”, ziurtatu du.

Euskal exekutiboaren eta Espainiakoaren artean duela gutxi lortutako akordioari buruz Kupoaren gainean itxi gabe dauden likidazioen eta bosturteko lege berriaren inguruan, sailburuak azpimarratu du adostutako 1.400 milioi euroko diferentzia Gobernuaren oraingo metodoa errespetatuz egin dela, hau da, Legeari jarraituz. Azpiazuk nabarmendu egin du lortutako akordioaren arrakasta, "datozen bost urteotan zehar egonkortasun finantzario nabarmena" ekarriko baitio Euskadiri.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak