Berriak Osasuna
Eu

Darponek emaginen funtsezko papera azpimarratu du ama esnearen Euskal Bankua eta umetoki lepoko minbizia bahetzeko programa abian jartzeko eta garatzeko

2017.eko maiatzak 11

Eusko Jaurlaritzaren Osasun sailburu Jon Darponek, gaur goizean, Euskadiko Emaginen Elkartearen III. jardunaldi zientifikoa inauguratu du Bilbon “Ohiturak eta berrikuntzak” izenburupean

Osasun sailburu Jon Darponek, gaur goizean, gaur bertan Bilbon egiten ari den Euskadiko Emaginen Elkartearen III. jardunaldi zientifikoa inauguratu du. Jardunaldi honen bitartez, emakumeei zerbitzu eta arreta hobea eskaintzen jarraitzeko ezagutzak, esperientziak eta jardunbide egokiak bateratu nahi dituzte.

Jon Darponek aitortu eta eskertu du, emakumeen bizitzaren arlo diferentetan eta arreta espezializatua behar dutenean, emakumeekin eta emakumeentzat emaginek egiten duten lanaren garrantzia. Horren haritik, ama-esnearen euskal bankua eta umetoki-lepoko minbizia bahetzeko programa garatzeko emaginek beteko duten funtsezko lana azpimarratu du. Bi ekimen garrantzitsu horiek aurki jarriko dituzte martxan Osasun Sailak eta Osakidetzak Euskadin.

Hala, ama-esnearen Euskal Bankua, duela gutxi Eusko Legebiltzarrean iragarri bezala, aurtengo azken hiruhilekoan jarriko da martxan, jaioberriari elikagai onena eskaintzeko; are gehiago, umea goiztiarra edo premia bereziak behar dituena bada.

Ama-esnearen euskal banku berria Galdakao-Usansoloko Ospitaleko Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroan kokatuko da eta Euskadi osoari emango dio zerbitzua. Medikuaren aginduz, 32 aste baino gutxiagoko haurdunaldiaren ondoren jaio diren ume goiztiarrei edo 1.500 gramo baino gutxiago pisatzen duten umeei elikadura eta tratamendu egokiak eman ahal izango zaizkie. Beti ere, ume horien amek nahikoa esne eman ezin badiete edo mediku neonatologoek hala eskatzen duten kasuetan (gaixotasun kirurgiko abdominala, kardiopatiak eta beste gaixotasun arriskutsu batzuk).

Gaur egun, Euskadin jaiotako 10 umeetatik bat goiztiarra da. Horietatik % 15 inguruk, jaiotzen den unean, 1.500 gramo baino gutxiago pisatzen ditu (2015eko datuak).

Ama-esnearen euskal bankua emakume guztiengana heldu ahal izateko, Osasun Sailak eta Osakidetzak komunikazio-kanpaina bat jarriko dute abian. Horretarako, Osasun sailburuak emaginei eskaera zabaltzeko laguntza eskatu die, ume goiztiar batzuei eskaini diezazkieketen onurak azalduz amak esne-emaile izatera animatzeko.

Era berean, Eusko Jaurlaritzaren Osasun sailburuak honakoa azpimarratu du: umetoki-lepoko minbizia goiz hautemateko prebentzio-programa berriak arrakasta izateko emaginen inplikazioa funtsezkoa dela, zitologiak emaginek egiten baitituzte.

Umetoki-lepoko minbizia behatzeak osasun arloko desparekotasunen —behatze oportunistaren bidez hauteman dira— gainean zuzenean eta modu positiboan eragingo du. Izan ere, beste sistema horren bitartez eskuratze-desparekotasunak hauteman dira, emakumeen kultur mailaren arabera. Gainera, zitologia bidezko aldizkako behatzeak eta giza papiloma hautemateak eginez gero, umetoki-lepoko minbizia eta heriotza-tasa izugarri murrizten direla adierazten duten nahikoa ebidentzia daude.

Umetoki-lepoko minbizia goiz hautemateko programa datorren urtean abian jartzea espero da, hiru urtez behin, 25 eta 35 urte bitarteko emakumeei zitologia likidoa eginez.  35 urte betetzen dituztenetik 65 urte bete arte, 5 urtetik behin, lehendabizi, giza papiloma hautemateko proba egingo da eta, emaitza positiboa bada, zitologia likidoa egingo da.

Azkenik, Osasun Sailak emaginaren figuraren alde egindako apustua erakutsi du Jon Darponek eta hauxe adierazi du: “Osakidetzaren funtsezko pieza zarete, emakumeei arreta eskaintzeko eta ulertzeko ondoen prestatuta zaudetelako”. Gainera, haien lan bikaina azpimarratu du. Horri esker, emaginen eta, oro har, erizainen lana ordezkaezinak dira osasun-sistemetan.

Horregatik, sailburuak iragarri du Euskadi erizaintzako zainketen praktika hobetzeko estrategia berriak garatzeko oinarriak ipintzeko lanean ari dela, erizaina aukeratzea, emagina aukeratzea eta erizaintza bitartez osasuneko produktu eta medikamentu jakin batzuk agintzea bezala. Ministerioari, berriro, “erizaintzako preskripzioaren” 954/2016 ED aldatzeko eskatu diogu. Gure eskaera kontuan hartzen ez badute, Eusko Jaurlaritzak ezarritako helegitea mantentzeaz gain, Osasun Sistema Nazionaleko Lurralde arteko Kontseilura eramango dugu. 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak