Berriak Osasuna
Eu

Osakidetzak seme-alaben historia klinikora Osasun Karpetaren bitartez sartzea erraztuko die ospitaleetan jaioberrien gurasoei

2017.eko maiatzak 24

Beste kanpaina bat pertsona bakoitzak Osakidetzan duen osasun-karpetako historia klinikora on line sartzeko aukeraren berri emateko eta sarbidea errazteko

  

  • Hirugarren pertsonak 16 urtetik beherakoen, beren kargura dituzten pertsona helduen eta pertsona ezgaituen osasun-karpetara sartzea, horixe da pertsona bakoitzaren Osakidetzako historia klinikora sartzeko kanal honetan garatutako azken funtzionalitatea. 

 

Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburu Jon Darpónek gaur goizean aurkeztu ditu, Osakidetzako Osasun Arretako zuzendari Andoni Arcelayrekin batera, osasun-karpetaren azken funtzionalitateak eta irudi berria, erreminta euskal gizartera hurbiltzeko eta pertsona guztiak bere historia klinikora Internet bidez sartzera bultzatzeko, era horretara bere osasunaren kudeaketan autonomoagoak izan daitezen. Osasun-karpeta, gogoratu du sailburuak, “erreminta interaktibo bat da, eta paziente bakoitzari aukera ematen dio Osakidetzaren webgunetik bere historia klinikora sartzeko eta erradiologiako txostenak eta analisiak kontsultatzeko, dokumentuak igotzeko, medikuarekin hitz egiteko,… etab.” 

Azken urteotan Osakidetza hainbat aplikazio ari da garatzen”, azaldu du Jon Darpónek, ”pertsonen osasunaren zerbitzura jarritako teknologia berrien esparruan, eta helburu bakarrarekin: osasun-arretaren abangoardian egotea eta pazienteen eskaerei erantzuna eman ahal izatea, eta horrekin, aldi berean, Osakidetza zerbitzu modernoa eta irisgarria izatea lortzea. Herritarrek erreminta horien guztien berri izatea eta beren osasunaren onerako horiek erabili ahal izatea nahi dugu”. Horren haritik, eta Osasuneko sailburuak zehaztu duenez, Osakidetzan eta Euskadiko farmazietan erabat hedatuta dagoen errezeta elektronikoaz edo e-rezetaz gainera, mugikorretarako hainbat aplikazio ere eguneratu dira, besteak beste, Osakidetzaren Atari Mugikorra App-a, gainerako aplikazioak biltzen dituena, eta app berriak ere sortu dira, besteak beste, Nire tratamendua, medikazioa zuzen hartzen laguntzeko erreminta, edo Bihotz-geldialdietan erantzutekoa

Oso argiak dira orain erabilgarri dauden erreminta elektroniko guztien helburuak: pertsonek bere osasuna zaintzen konpromiso handiagoa har dezatela sustatzea, eta norberaren eta ingurukoen osasuna kudeatzeko eta osasunaren inguruko ezagutza, informazioa eta prebentzioa errazteko bidea jartzea.

Osasun-karpeta da, oraingoz, biderik ahaltsuena, eskaintzen dituen zerbitzuak eta aukerak kontuan hartuta. Orain arte pertsona bakoitzaren historia klinikora sartzeko bidea zen; gaur egin, berriz, hirugarren pertsonak 16 urtetik beherakoen, beren kargura dituzten pertsona helduen eta pertsona tutelatuen osasunari buruzko informaziora sartzeko aukera ematen du. Laburbilduta, beste ate bat zabaldu da era batera edo bestera Osakidetzarekin zerikusia duen kudeaketa medikoan eta sanitarioan. 

Funtzionalitate honen berri emateko, Osasun Sailak, gaur jakinarazi duenez, “Jaioberriak” programa jarri du abian Amatasun Unitatea duten Osakidetzako ospitaleetan. Era horretara, haur jaioberriei alta ematen zaienean, gurasoei haurraren osasun-karpetara sartzeko gakoak emango zaizkie; izan ere, egiten zaizkien proba guztien emaitzak, txertoen egutegia, etab., karpetan jasota geratuko dira eta edozein unetan ikusi ahal izango dira. Hau da, haurra jaiotzen den unetik aurrera informazio guztia geratuko da karpetan sartuta eta eskuratu ahal izango da, eta ez da orriak galtzeko eta non dauden gordeta ez gogoratzeko arriskurik izango. 

Funtzionalitate hori berdin kudeatu ahal izango da osasun-zentroetan 16 urtetik beherako adingabeen kasuan, eta pertsonaren baimena bakar-bakarrik beharko da senitartekoei edo beste pertsonaren bati bere datu medikoetan sartzen uzten dieten pertsona helduen kasuetan. 

Osasun-karpeta "on line” erreminta bat da, eta eguneko 24 orduetan eta urteko egun guztietan dago eskura, dispositibo elektroniko batetik, hau da, telefono mugikorretik (smartphone), tabletatik edo ordenagailutik sar daiteke Osakidetzako www.osakidetza.euskadi.eus webgunearen bitartez edo Osakidetzaren APPa jaitsita

Osasun-karpetan informazio pertsonala eta konfidentziala dago gordeta, eta karpetara sartzeko, beraz, pasahitz indibidualak behar dira, horiei esker izango ditugu eta gure datuak babestuta.   

Jarraitu beharreko urratsak errazak eta sinpleak dira. Osasun-zentroetako arreta guneetan tramitatuko digute sartzeko kode pertsonalaren (itsasontzi-jokoa) eskabidea, eta, horretarako geure burua identifikatzeko NANa, pasaportea edo gidatzeko baimena aurkeztu behar dugu.  Gure datuak egiaztatu ondoren, eta inprimaki erraz bat bete eta gero, mezu bat jasoko dugu telefono mugikorrean, pasahitzarekin, eta posta elektroniko bat edo gutun bat, erreferentziako zenbaki batekin eta itsasontzi-jokoaren koordenatuekin. Pasahitzaren eta itsasontzi-jokoaren bitartez sartu ahal izango gara segurtasun-gakoa behar duten beste aplikazioetara (esate baterako Nire tratamendua app-ra). Gako bakarra behar da zerbitzu horietara guztietara sartzeko. 

Osasun sailak, bere aurkezpenean, osasun-karpetak eskaintzen dituen zerbitzu guztiak ekarri ditu gogora: ospitaleratze txostenak, erradiologiak, analisiak, zitologiak,… ikusi eta jaistea; ebakuntza baterako itxaron zerrendaren egoera kontsultatzea; botiken tratamendu aktiboaren orrira sartzea; hitzorduak eskatu eta gogoratzea; Osasun Egunkaria sortzea; medikuari zalantzak bidaltzea; medikuaren edo erizainaren mezuak jasotzea; haurdunaldiaren jarraipena egitea; autojarraipenerako programetan izena ematea; arreta zein hizkuntzatan, euskaraz ala gaztelaniaz, jaso nahi dugun aukeratzea; gure datu pertsonalak aldatzea; eta osasunarekin zerikusia duten beste hainbat kudeaketa.Eta, gainera, kanal hau erabiltzearekin loturiko daturik esanguratsuenetako batzuk eman ditu. Urte hasieratik ia 100.000 sarrera izan dira osasun-karpetara, eta abian daramatzan hiru urteetan egindako sarrerei gehitzen badizkiegu, guztira milioi erdi sarrera izan dira, eta dagoeneko 60.000 dira zerbitzuaren abantailak egiaztatu ahal izan dituzten pazienteak. Adinari dagokionez, 40 urtetik beherako emakumeek gizonezkoek baino gehiago erabiltzen dute osasun-karpeta. Ez dago hainbesteko alderik 40 urtetik 60 urtera bitartekoen artean, eta 60 urtetik gora, berriz, gizonezkoek erabiltzen dute gehiago osasun-karpeta. 

Era berean, Jon Darpónek osasun-karpetaren berri emateko kanpaina berria ere aurkeztu du, eta esan duenez “helburua da erreminta honen berri ematea eta sarbidea erraztea, denok baikara Osakidetzara, eta eskaintzen dituen zerbitzu eta prestazioetara, birtualki hurbiltzeko gai”. Komunikazio-kanpaina osatzen dute osasun-zentroetan eta ospitaleetan jarritako olanek, kartelek, triptikoek, prentsan eta markesinetan jarritako iragarkiek, etab. 

Sailburuak osasun-karpeta ezagutzera eta erabiltzera bultzatu ditu herritarrak, eta esan du ziur dagoela “osasun-karpeta zerbitzu erosoa eta kalitatezkoa dela, eta abantaila handiak eskaintzen dituela Osakidetzari eta norberaren osasunari dagokienez”, eta “denok aprobetxatu beharko genituzke” erantsi du. 

 

Bilbon, 2017ko maiatzaren 24an

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @nerea_montalvo
    2017.eko uztailak 19

    Comentario de Twitter:
    Interesante iniciativa de Osakidetza para facilitar la vida del paciente activo.https://t.co/UN6xGcrVMi #osakidetza, #paciente_activo

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak