Eu

Euskadik eta Nafarroak baterako plan bat sustatuko dute esnetarako ardi latxen sektorearen dinamizaziorako

2017.eko maiatzak 09

Euskadiko eta Nafarroako gobernuetako ordezkariak eta sektoreko agenteak bildu dira gaur Altsasun, egoera aztertzeko eta ildo estrategikoak proposatzeko.

Gaur goizean ekin zaio Esnetarako Ardi Latxen sektorea dinamizatzeko plana diseinatzeko prozesuari, zeina sektoreko agente guztien partaidetzarekin eta haiekin elkarlanean arituta egingo baita. Lehen bilera egin da, Altsasuko Lortia Kultur Zentroan, eta bertan parte hartu dute Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko ordezkariek.

Nafarroako Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazoko sailburu Isabel Elizaldek eta eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuorde Bittor Orozek inauguratu dute saioa.

Nafarroako sailburuak hitz egin duenean, esan du gobernu biek babesten dutela abeltzaintzaren sektore hau, eta azpimarratu du sektoreak garrantzia daukala, bai ikuspuntu ekonomikotik, bai ikuspuntu sozialetik eta ingurumenekotik. “Sektore honek –sailburuaren hitzetan- zeregin estrategikoa dauka, lurraldearen egituratzailea den heinean, eta jarduera ekonomikoa oso bizia ez den lekuetan oreka eta enplegua eragiten du. Ustiategi horiek gabe, baserri guneetan eta, batez ere, medialdeko guneetan etorkizuneko aukerak mugatuak dira”.

Bittor Orozek, berriz, esan du dinamizazio planaren baitan gogoeta integrala egingo dela balio kate osoaren gainean. "Halere, gogoeta ez da planteatu behar soilik lehiakortasunaren ikuspuntutik –azaldu du-; aurrerapausoak eman behar ditugu, baita ere, sektorea gazteentzat erakargarria izan dadin eta sektorean belaunaldien arteko erreleboa bermatzeko, horretarako beharrezkoa den prestigio soziala emanez”.

Gaurko bileraren ondorioekin, 2018an Ardi Latxaren Plan Estrategikoa edukitzea ahalbidetuko digun ibilbide orriaren ildo nagusiak ezarri ahal izango dira. Planaren edukiak gobernu biek ekoizpen eredu hori etorkizunean baserri ingurunean bizi nahi duten belaunaldi berrientzat eta emakumeentzat errentagarri eta erakargarri egiteko eta horren bitartez eredua indartzeko garatu beharko dituzten jarduera zehatzak markatuko ditu.

Lan mahaiak

Jardunaldian hainbat lan mahai eratu dira, sektorearen diagnostiko integrala egiteko. Diagnostiko hau oinarritzat erabiliko da jarraitu beharreko estrategia definitzeko. Zehazki, mahaiek gai hauek aztertu dituzte: ekoizpenaren sektorea; eraldaketaren sektorea; merkaturatzea; balio katea; ekintzailetza eta belaunaldien arteko erreleboa, non emakumeak sektorean duen zeregina ere aztertuko baita; eta kalitate markak.

Ekoizpenaren sektoreaz arduratuko den lan mahaiaren aztergaiak dira esnea saltzen duten ustiategien errentagarritasun txikia, hobekuntza genetikoaren erronkak, bazka autonomia, lurralde oinarriaren kudeaketa, herri lurren erabilera, ekoizpen indizeak, esnearen kalitatea edo arkumearen balorizazioa. Eraldaketaren sektoreari dagokionez, hainbat ikuspuntutatik aztertu da gaia, eta produktu eta formatu berrien bilaketa edo industriaren kontzentrazioa ere aztertuko dira, besteak beste.

Merkaturatzearen gaiaz arduratuko den mahaian, berriz, merkaturatzeko zirkuitu laburren ereduak bultzatzea landu da, bai eta zirkuitu ertain eta luzeetan batera merkaturatzeko ahalmena eta produktuaren homogeneotasuna ere. Balio kateari dagokionez, banaketa aztertu da, berezko produktua ekoitzi eta lantzen duten pertsonetatik zein industria handietatik azken kontsumitzaileengana arte. Eta beste mahai batean, ordea, belaunaldien arteko erreleboaren premia eta horrek dakarren arazoa berrikusi da, bai eta gazteen aholkularitza eta prestakuntza eta sektorean sartzeko dauden modalitateak ere. Bukatzeko, kalitate markek eta zigiluek duten zeregina aztertu da.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak