Berriak Ekonomia eta Ogasuna
Eu

Carlos Aguirre Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak Ekonomia eta Eskualdeko Politikako Foroa inauguratu du

2010.eko azaroak 11

 - Europako Funtsen kudeaketaz arduratzen diren berrogeita hamar pertsona inguru bilduko ditu Ekonomia eta Eskualdeko Politikako Foroak Bilbon, programa eragileen egungo egoera aztertzeko.

- Euskadiren kasuan, Europar Batasunaren kohesio-politikak (2007-2013) 445 milioi euroko laguntzak azaltzen ditu (egitura-funtsak), eta guztira 1.000 milioi euroko inbertsioa eragin ahal izango dutela espero da. 

- Carlos Aguirre sailburuak azaldu du EAEko programa eragileko funts gehienak (% 72) I+G+b programetako inbertsioak sendotzeko erabiltzen direla. 

- "Europa ahalegin handia egiten dabil krisitik irteteko estrategia berriz pentsatzeko -esan du Carlos Aguirrek-, eta hazkunderako beste eredu bat prestatu du, zentzuzkoa, iraunkorra eta integratzailea, Europa 2020 estrategia izenekoa, eta bat dator, erabat, Euskadirako diseinatu denarekin" 

 Carlos Aguirre Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak Ekonomia eta Eskualdeko Politikako Foroa inauguratu du. Bertan, Europako Funtsetaz arduratzen diren berrogeita hamar pertsona baino gehiago egongo dira, gaur eta bihar, indarrean dauden programa eragileen egoera aztertzeko eta 2014-2020 aldirako programa berrirako erkidegoko aurrekontua berrikusteko.

 

Carlos Aguirrek Europar Batasunak krisitik irteteko ekonomia-eredu berria definitzeko erabili duen Europa 2020 estrategia aipatu du. Sailburuak adierazi du funtsezko ideiak bat datozela, erabat, euskal ekonomiarako diseinatu den hazkunde-eredu berriarekin. "Hazkunde zentzuzko, iraunkor eta integratzailea, baliabide gutxiagorekin erronka handiagoei -esaterako industria-lehiakortasun berriari edo gizarte-kohesiorako politika berriei- aurre egitearen muga eta baldintzak onartzen dituena". 

 

Carlos Aguirrek gogorarazi du Europar Batasunaren kohesio-politikak 423 milioi euroko egitura-funtsak eman dizkiola Euskadiri 2007-2013 aldirako (271 milioi EGEFetik eta 152 milioi Europako Gizarte Funtsetik), eta seguruenik 1.000 milioi euro baino gehiagoko inbertsioak eragin direla horrela. Sailburuak esan duenez "inbertsio horiek aukera ematen digute Europar Batasuneko eskualde aurreratuenekin elkartzeko, eta jakintzaren eta berrikuntzaren ekonomia garatzen laguntzen dute".

 

EAErako EGEF funtsen % 77 "Jakintzaren ekonomia, berrikuntza eta enpresa-garapena" izeneko 1. ardatzaren barruan dauden inbertsioetarako dira. Jardueren hartzaile nagusiak ETEak dira, eta teknologia- eta antolaketa-berrikuntzaren arloan dituzten beharrizanei erantzuteko daude diseinatuta, bai eta nazioartekotzea bultzatzeko ere.

 

"Energia-baliabideak eta garraio-zerbitzuen eskuragarritasuna" izeneko jarduera-ardatza da bigarren garrantzitsuena, programaren % 20 hartzen baitu. Ardatz honetako proiektu nagusia Bilboko metroaren 3. linea eraikitzea da.

 

Gaur arte, 4.000 milioi eurokoa izan da Europar Batasunak Euskadiri emandako laguntzen zenbatekoa. Espainia Europar Batasunean sartu zenetik, kohesio-funtsek aukera eman dute ekonomia garatzeko, narriatutako guneak berreskuratzeko eta EAEko azpiegitura ospetsuetako asko eraikitzeko.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Carlos Aguirre