Eu

Gobernu Kontseiluak adingabeen arrisku eta babesgabetasun egoerak hautemateko BALORA tresna eguneratzen duen dekretua onartu du (Gobernu Bilera 2017-05-09)

2017.eko maiatzak 09

Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek proposatuta, Gobernu Kontseiluak, gaur, Euskal Autonomia Erkidegoan haurrak eta nerabeak zaintzeko eta babesteko udaleko eta lurraldeko gizarte-zerbitzuetan arrisku- eta babesgabetasun-egoeren larritasuna balioesteko tresna (BALORA) eguneratzea onartu du.

Onartutako dekretuaren helburua da, arrisku- edo babesgabetasun-egoera bat dagoela zehazteko tresnaren eguneratzea onestea eta, halaber, egoeraren larritasuna zehazteko elementuak eta adierazleak finkatzea. Horri esker, arrisku-egoera arina edo neurrizkoa, egoera larria edo babesgabetasuneko egoera baten aurrean gauden zehaztuko da. 2011. urteaz geroztik bazegoen BALORA tresna arautzen zuen dekretu bat, baina haurrak eta nerabeak babesteko gaur egun indarrean dagoen arau-esparruaren ondorioz, hura eguneratu beharra zegoen.

Eguneratze honi esker, gainera, tresna hobetuko da. Izan ere, ezartze-prozesua, erabilera-maila, inpaktua eta orain arte erdietsi nahi ziren helburuen lorpenak profesionalek azaltzeko aldez aurreko balorazioa egin da. Balorazio-prozesu hori burutu ondoren, haurrak eta nerabeak zaintzeko eta babesteko gizarte-zerbitzuetako arduradunek, teknikariek eta profesionalek, oro har, BALORA tresna era positiboan erabiltzen eta baloratzen zutela agerian jarri zen. Halaber, gehienen ustez, tresna horrek arrisku- eta babesgabetasun-egoeran zeuden haurren, nerabeen eta familien inguruan erabaki profesionalen kalitatea hobetzen lagundu zuen. Gainera, irizpide teknikoak bateratzen, eta udaleko eta lurraldeko gizarte-zerbitzuen barruan eta haien artean akordio maila handiagoak lortzen lagundu zuela, eta BALORA bere garaian sortu zeneko helburuei erantzuten ari zitzaiela uste zuten eta hala adierazi zuten. Iritzi horiek bildu ondoren, tresna eguneratu ondoren, bere garapena hobeto zehaztu ahal izango da.

Adingabeak babesteko arloan euskal administrazio publikoen esku-hartzea diferentea da adingabearengan eragina duen egoera zehatzaren (arriskua edo babesgabetasuna) eta arrisku-egoeraren larritasunaren arabera. Horregatik sortu zen BALORA. Tresna hori babesgabetasuneko egoeren larritasuna zehazteko, eta egoera horiek arrisku-egoera arin edo neurrizkoak edo larriak diren, edo babesgabetasun-egoera baten aurrean gauden zehazteko oinarrizkoa da. 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko