Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakaria: "herrialde gisa haztea da gure nahia, enpleguaren, kulturaren eta solidaritatearen Europa berrian"

2017.eko maiatzak 10
(*) Azpititulazio-zerbitzu hau sortzen da probetako software bertsio batekiko automatizatutako eran. Barka itzazue akatsak.

Belgikan euskal komunitateak betetzen duen zeregina aitortu du Lehendakariak Bruselara egin duen bisita ofizialaren aurreneko ekitaldian

Arratsaldean Jean-Claude Junckerrekin, Pierre Moscovicirekin eta Guy Verhofstadtekin elkartuko da

Iñigo Urkullu Lehendakariak Belgikako euskal komunitateari harrera eginez hasi du Bruselara egindako bere bisitaldi ofiziala. Euskadik hiri horretan duen Ordezkaritzan bildutako ehunka pertsonaren aurrean, Lehendakariak Europarekin hartutako konpromisoa azpimarratu du, herrialdearen etorkizuneko "giltzarria" dela ziurtatuz. “Herrialde gisa haztea da gure nahia, enpleguaren, kulturaren eta solidaritatearen Europa berrian" adierazi du Lehendakariak. Bestalde, "Euskadiren Europako agendaren” hainbat alderdi aipatu ditu.

Bruselara egindako laugarren bidaia honetan, Urkullu Lehendakariarekin batera honako hauek izan dira: Kanpo Ekintzetarako Idazkari Nagusi Marian Elorza; Europako Gaietarako Zuzendari Mikel Anton eta Eusko Jaurlaritzako Ordezkari Bruselan Marta Marín.

Euskal komunitatearen aurrean izan duen esku-hartzean, sortzaile/fundatzaileek (Schuman, De Gasperi, Adenauer, Agirre, Landaburu eta Irujo) imajinatu zuten Europaz aritu da Lehendakaria: “bere dibertsitateak integratua eta osatzen duten herriei begirunea erakusten diena”. Balio horietan oinarrituta, Euskadiren “Europako agenda” zehaztu du Lehendakariak, honakoak barnean hartzen dituena: politika ekonomiko suspergarriak babestea,eta gazteria lan-munduan integratzea; errefuxiatuen egoeraz kezkatzea; Europaren etorkizunari eta dagozkion gizarte-eskubideei buruzko Liburu Zurian Euskadik egindako ekarpena; nazioak integraziorako tresna izatea edo azaroan Göteborgen (Suedia) egingo den “Bidezko Enpleguetarako eta Hazkunderako Gizarte Gailurrean" Euskadik izango duen presentzia.

Euskal komunitateari: “egunero ordezkatzen gaituzue”

Ehun bat pertsona hurbildu dira Euskadik Bruselan duen Ordezkaritzara. Haiei guztiei zuzendu zaie Lehendakaria "egunero ordezkatzen gaituzue" esanez. Europa “giltzarria” da Euskadirentzat azpimarratu du Lehendakariak, zeinak Europan euskaldunen presentziak duen garrantzia azpimarratu duen: “Europako euskal komunitatea osatzen duzue eta erreferentzia bat zarete gure Herrialderako".

Euskadiren oraingo egoera

Bruselara egindako aurreneko bisitalditik Euskadiren egoera soziopolitikoa aztertu du Lehendakariak, eta "Euskadik enplegua sortzen du orain" baieztatu du. Duela lau urteko datuak konparatuz, orain 40.000 pertsona gehiago daude lanpostu batekin. Urkulluk defendatu duenez hori da jarraitu beharreko bidea, eta langabezia-tasa %10aren azpitik egotea azpimarratu du erronka gisa.

ETAren armagabetzeari dagokionez, terrorismo urteen ondoren “bakearen agertokia sendotzea” berekin ekarri duela adierazi du Lehendakariak. Lehendakariaren hitzetan “bizikidetza berri baten bidetik ari gara aurrera egiten”, giza eskubideen agenda berriari lotutakoa izanik: “errefuxiatuak berriro lekukotu eta kokatzearen helburuak beteko dituen Europaren alde egiten dugu apustu euskal instituzioek”. Zentzu horretan, Frantziako hauteskundeen emaitzak aipatu ditu, “Europaren integrazioari emandako bultzada”, Lehendakariaren hitzetan.

Kontzertu Ekonomikoaren inguruan lortutako akordioari buruz, Lehendakariak ziurtatu duenez, “elkarrizketa politiko eta instituzionaleko giroa bizi du Euskadik, baita egonkortasun-agertoki bat ere”. Akordio horrek “Kontzertu-sistema indartzen du, Euskadi/Estatua aldebiko harremana sendotzen du, baita euskal Autogobernuaren berezitasuna ere", nabarmendu du.

Elkarraldia Juncker Lehendakariarekin

Belgikako euskal komunitateari harrera egin ondoren, hainbat elkarraldi ofizial izango ditu Lehendakariak Europako instituzioetako ordezkari goren hauekin: Europako Batzordeko Lehendakari Jean-Claude Juncker; Gai Ekonomiko eta Finantzario, Fiskalitate eta Aduanetarako Komisario Pierre Moscovici; eta “Brexit” negoziazioetarako Europako Parlamentuko koordinatzaile Guy Verhofstadt.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak