Berriak Hezkuntza
Eu

Cristina Uriarte sailburua eta Mendez de Vigo ministroaren arteko bilera

2017.eko maiatzak 08
  • Uriarte sailburuak euskal beka sistemaren aurka jarduteari uztea exijitu dio Mendez de Vigo ministroari
  • Unibertsitate-Enpresa prestakuntza Duala bultzatzeko eta ikertzaileen kontratazioa malgutzeko, egungo araudia aldatzea eskatu du Uriartek bilkuran

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak eta Iñigo Mendez de Vigo Hezkuntza Ministroak bilera izan dute gaur eguerdiz Hezkuntza Ministerioaren egoitzan, hezkuntza gaiekiko aldebiko hitzordu berrian. Uriarte sailburuak eskatuta, bi agintariek gaur egun aurrez aurrekoan dituzten gai nagusiak izan dituzte hizpide, zenbait arau aldatzeko proposamenak jorratzeaz gain.  

Uriarte sailburuak, Olatz Garamendi Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordea lagun zuela, Espainiako Gobernuaren etengabeko esku-hartzeek eragiten duten ondoeza eman dio aditzera ministroari. Betetze-errekerimenduen bidez, errekurtso judizialen bidez nahiz administrazioaren jarduterik ezaren bidez, Eusko Jaurlaritzaren eskumenak osotasunez garatzea geldiarazten duten Espainiako Gobernuaren jarrerak. Hala nola: Euskadiko beka sistemaren aurka Hezkuntza Ministerioak ezarritako errekerimenduak; Euskadiko Oinarrizko Hezkuntzaren Curriculuma ezartzen duen Dekretuaren aurkako errekurtsoa; edo Enplegu Publikorako Eskaintzen aurrean Espainiako Gobernuak egin izan dituen errekerimenduak, beste zenbaiten artean.

Beka sistema

Estatuko Administrazioak Euskadiko beka sistemaren aurka ezarritako errekurtsoak zinez dira esanguratsuak, eta bereziki kezkagarriak. Urtero, 127.000 familia baino gehiagok jasotzen dituzte baldintza berdintasunean eskolatzea bermatzen duten laguntza hauek. Euskadin bekak jaso ahal izateko adostu diren baldintzen kontra ezarritako errekurtsoek, euskal finantziazio sistema zalantzan jartzen dute, eta baita Kontzertu Ekonomikoa bera ere. 30 urtez beken autogestioa izan ondoren, eta errekurtso judizialen bidez, Espainiako Gobernuak beka sistema homogeneizatu egin nahi du Estatu guztian, beka motak eta hauek eskuratu ahal izateko baldintzak inposatuz, horrela Eusko Jaurlaritza bekatara diru gutxiago bidera dezan behartuz, eta hauek jaso ditzaketen familia kopurua mugatuz. Errekurtsoetan lehena 2016ko abenduko sententziaren bidez erabakia izan da, eta Eusko Jaurlaritzak kasazio-errekurtsoa aurkeztu dio.

Era berean, kezkagarria da hezkuntza arloan Eusko Jaurlaritzak burutzen dituen jardueren aurkako errekerimendu-dinamika hori ere, agerian uzten baitu hartu asmo duen auzitarako joera. Curriculumei aurkezturiko errekerimenduez gain, nabarmentzekoak dira Enplegu Publikorako Eskaintzak direla-eta aurkezturikoak ere. Eusko Jaurlaritzak bere burua antolatzeko duen autonomia defendatzen jarraitzen du. Horregatik, Cristina Uriarte Sailburuak birjartze-tasa ezabatu beharra berretsi dio Mendez de Vigo ministroari, horrela, unean-unean beharrezko diren pertsonal premiei aurre egin ahal izateko.   

Unibertsitatea-Enpresa harremana

Bileran zehar, Uriarte sailburuak araudi aldaketak burutu beharra mahaigaineratu dio Hezkuntza Ministroari, gizartean gertatzen ari diren aldaketek eskatzen dituzten beharretara egokitu ahal izateko.

Alde horretatik, unibertsitate eremuan prestakuntza duala garatzeko apustu irmoaren beharra azaldu dio Eusko Jaurlaritzak ministroari. Egungo araudiak jasotzen ez duenez, Unibertsitateen Lege Organikoan xedapen bat gehituta aukera hori jasotzea eskatu dio Cristina Uriartek. Unibertsitate-Enpresa prestakuntza mota bultzatzea ahalbidetuko duen lege-esparrua.

Araudian egin beharreko aldaketak ikertzaileen kontrataziorako ere nahi ditu Uriarte sailburuak. Bilkuran, ikertzaileak kontratatzeko araudia malgutzea eskatu dio Hezkuntza Ministroari, Zientzia, Teknologia eta Ikerketa Legean jasotako  gainerako ikertzaile figurei dagokionaz gain.

Hitzorduaren amaieran, Cristina Uriarte sailburuak Euskadik hezkuntza arloan dituen eskumenak errespetatzea exijitu dio Iñigo Mendez de Vigo ministroari, eta hezkuntza gaietarako Estatua eta Autonomia Erkidegoaren arteko aldebikotasun handiagoa bultzatzeko prestutasuna ere azaldu dio azkenik.

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @Gob_eus
    2017.eko maiatzak 08

    Comentario de Twitter:
    Cristina Uriarte sailburua eta Mendez de Vigo ministroaren arteko bilera ➡ https://t.co/GZCciGNxcI https://t.co/O3ogcyrLqt

  • @Gob_eus
    2017.eko maiatzak 08

    Comentario de Twitter:
    Reunión entre la consejera Uriarte y el ministro Méndez de Vigo ➡ https://t.co/4TwJX4vpRU https://t.co/SGK5WS0m2B

Ekitaldiko kargudunak