Berriak Lehendakaritza
Eu

Terrorismoaren Biktimen Partaidetzarako Euskal Kontseiluak legegintzaldiko lehen bilera egin du

2017.eko maiatzak 08
  • Zigor-arloko Zuzenbideko katedradun José Luis de la Cuesta berretsi dute kontseiluaren burutzan
  • Eusko Jaurlaritzaren Bizikidetza eta Giza Eskubideen Plan berria eta biktimen arloan aurtengo aurreikusitako Jarduera Programa aurkeztu ditu Jonan Fernándezek 

Terrorismoaren Biktimen Euskal Kontseiluak legegintzaldi honetako lehen bilera egin du gaur arratsaldean Lehendakaritzan. Lehen bilera da, halaber, organo horren osaera eta egitekoak zabaldu zirenetik eta bilera horretan berretsi dute Zigor-arloko Zuzenbideko katedradun eta Kriminologiaren Euskal Institutuko zuzendari José Luis de la Cuesta kontseiluaren burutzarako. 

Bileran, bestalde, Jonan Fernandezek kontseiluari aurkeztu dio Eusko Jaurlaritzaren Bizikidetza eta Giza Eskubideen Plan berria eta biktimen arloan aurtengo aurreikusitako Jarduera Programaren berri eman du. 

2010ean sortu zen kontseilua, terrorismoaren biktimen elkarteen eta administrazio publikoen arteko harremanak bideratzeko eragiten dieten arlo guztietan. Kontseiluaren egitekoak eta osaera zabaltzea erabaki zen iaz, terrorismoaren biktimen elkarteen proposamenak kontuan harturik. 

15 kidek osatzen dute gaur egun Terrorismoaren Biktimen Partaidetzarako Euskal Kontseilua: kontseiluburuak, administrazio publikoen 7 ordezkarik (Eusko Jaurlaritzaren 5 kidek eta EUDELen 2k) eta gizarte zibilaren beste 7k (AVT, COVITE, ASERFAVITE, ZAITU, APAVT, Fernando Buesa Fundazioa eta Elkarte Bakezaleen Foroarenak). 

Hiru foru aldundien ordezkariak ere bileretan egoteko aukera dute; ahotsa izango dute horiek, baina botorik ez. 

Kontseiluaren zereginak dira, besteak beste, terrorismoaren biktimen arloan jardun ohi duten erakunde eta elkarteentzako laguntzak eta diru-laguntzak banatzeko irizpideak proposatzea Eusko Jaurlaritzari; eta parte hartzeko bideak sortzea, biktimei era pertsonalizatuan aditzeko, laguntzeko eta aholkua emateko, eta horien iradokizun eta kezkak integratzeko eta horien erreklamazioak bideratzeko.

 

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @eajpnvparlament
    2017.eko maiatzak 09

    Comentario de Twitter:
    RT @Gob_eus: Terrorismoaren Biktimen Partaidetzarako Euskal Kontseiluak legegintzaldiko lehen bilera egin du ➡ https://t.co/FrYLFUymZ3 http…

Ekitaldiko kargudunak