Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak bilera izango du Europako Batzordeko presidente Jean-Claude Junckerrekin

2017.eko maiatzak 05

Iñigo Urkullu  maiatzaren 10ean –asteazkena- joango da Bruselara, eta bertan Pierre Moscovici europar komisarioarekin eta Guy Verhofstadtekin ere bilduko da

Iñigo Urkullu Lehendakariak lan-topaketa bat izango du maiatzaren 10ean, asteazkena, Europako Batzordeko Jean-Claude Juncker presidentearekin. Egun berean, Lehendakariak gidatutako Eusko Jaurlaritzako ordezkaritzak bilera izango du Pierre Moscovici Gai Ekonomiko eta Finantzario, Zerga eta Aduanen europar Komisarioarekin, eta “Brexit”en inguruko negoziazioak Europako Parlamentuaren aldetik koordinatu dituen Guy Verhofstadtekin. Lehendakariak defendatuko du Euskadik europar proiektuarekin hartuta duen konpromisoa, eta Europa sozialago, integratuago eta pluralagoaren alde azalduko da, benetako subsidiariotasun eta maila anitzeko gobernantzaren bidean aurrera egin dezan.

Europar instituzioetako maila goreneko ordezkariekin ofizialki biltzeko egun horretan, Lehendakariarekin batera egongo dira Kanpo Harremanetarako Idazkari Nagusia, Marian Elortza; Europar Gaietako Zuzendaria, Mikel Anton; eta Eusko Jaurlaritzaren Europar Batasunerako Ordezkaria, Marta Marín.

Bilera horiek Europako etorkizunerako funtsezkoa den une batean egingo dira, hau da, benetako Zutabe Soziala egituratu nahi duen ekimen multzo bat aurkeztu baino egun batzuk lehenago, eta Europar Batasuna BREXITaren osteko negoziazio- eta gogoeta-prozesuaren buru-belarri sartuta dagoenean. Lehendakaria buru izan zen Eusko Jaurlaritzako Brexitaren Jarraipenerako Batzordearen lehenengo bileran, iragan apirilaren 25ean, eta horren ildotik esan zuen beharrezkoa dela erronka hau “aukera” bihurtzea”. Gainera, Erromako Itunaren 60 urtemugaren kariaz, Lehendakariak esan zuen, adierazpen instituzional baten bitartez, “Euskadik konpromiso irmoa hartuta duela europar integrazioaren proiektuarekin”.

Bruselan egingo duen bisita ofizialean, topaketa horiez gain, Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzak harrera-ekitaldi bat egingo die Belgikako euskal komunitateari.

Intereseko informazioa

Jean-Claude Juncker Europako Batzordearen Presidentea da 2014ko azaroaz geroztik. Aurtengo martxoan, Brexitetik hilabete batzuk pasatu ondoren, Junckerrek Liburu Zuria aurkeztu zuen Europako Parlamentuan; horren helburua da Gobernuek definitu dezatela EBren etorkizuna.

Guy Verhofstadt  belgikarra “Bexit” prozesua koordinatzeko izendatu zuen Europako Parlamentuak, aurtengo martxoan. Bere herrialdeko ministroa izan zen 1999tik 2008ra, eta gaur egun Europaren aldeko Demokrata eta Liberalen Aliantza (ALDE) taldearen presidentea da Europako Parlamentuan.

Pierre Moscovici, 2012 eta 2014 bitartean Ekonomia eta Finantza Ministroa izandakoa, Juncker buru duen Batzordearen Gai Ekonomiko eta Finantzario, Zerga eta Aduanen europar Komisarioa da 2014az geroztik, eta Europar Batasunaren politika ekonomiko eta fiskalaren arduraduna ere bai.

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @jonbasterra
    2017.eko maiatzak 05

    Comentario de Twitter:
    RT @Gob_eus: .@iurkullu Lehendakariak bilera izango du Europako Batzordeko presidente Jean-Claude Junckerrekin ➡ https://t.co/WU9YjddRds ht…

  • @CamiladeEpalzaA
    2017.eko maiatzak 05

    Comentario de Twitter:
    RT @Gob_eus: .@iurkullu Lehendakariak bilera izango du Europako Batzordeko presidente Jean-Claude Junckerrekin ➡ https://t.co/WU9YjddRds ht…

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak