Urdulizko Ospitaleak zerbitzuen kartera zabaldu du, eta bihar irekiko dira Larrialdiak
- Pazientearen segurtasuna lehenesteko prestatu diren eta langile gaituak eta azken belaunaldiko ekipamendua izango dituzten instalazioek 1.800 m2 dituzte, eta gaur izan dira bertan Iñigo Urkullu Lehendakaria eta Osasuneko sailburua
- Ospitaleko zerbitzuak zabaltzeko bigarren fase honetan etxez etxeko ospitaleratze-zerbitzua ere jarri da martxan, eta datozen egunotan jarriko dira abian kanpoko kontsultetako espezialitate gehiago, digestio-endoskopiarako zerbitzua eta kirurgia anbulatorio handirako ebakuntza-gelak
Urdulizko Alfredo Espinosa Ospitaleak bere eskaintza zabaltzen jarraitzen du, eta oraingoan larrialdi-zerbitzuak batuko zaizkie joan den uztailean inauguratu zenetik Uribe eskualdeko 175.000 bizilagunei eman dizkien zerbitzuei. Bihartik, hau da, maiatzaren 9tik, aurrera, beraz, abian izango da larrialdietako zerbitzua, eta urteko 365 egunetako 24 ordutan egongo da zabalik Arrieta, Bakio, Barrika, Berango, Fruiz, Gamiz-Fika, Gatika, Getxo, Gorliz, Laukiz, Leioa, Lemoiz, Maruri-Jatabe, Meñaka, Mungia, Plentzia, Sopela eta Urdulizeko bizilagunen osasun-premia larriei erantzuteko.
Ospitaleko zerbitzu berria abian jarri aurreko egunean instalazio berrietan izan dira eta zerbitzu berrietan lan egingo duten profesionalekin elkartu dira Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkullu, Osasuneko sailburu Jon Darpón, Osakidetzako zuzendari nagusi María Jesús Múgica eta Urdulizeko alkate Javier Bilbao.
Iñigo Urkulluren esanetan, 38.000 metro koadro dituen eta eskualdeko biztanleei osasun-zerbitzu berriak eskaintzen jarraitzen duen azpiegitura sanitario honek agerian uzten du Eusko Jaurlaritzak eta Osasun Sailak “batetik, Osakidetza zerbitzu publikoa, unibertsala eta kalitatezkoa izatearen alde eta, bestetik, egunez egun hobetzen eta sendotzen jarraitzearen alde egindako apustua”.
Lehendakariak berak esan duen moduan, bihartik, maiatzaren 9tik, aurrera abian egongo diren larrialdietarako zerbitzuez gainera, bigarren fase honetan etxez etxeko ospitaleratze zerbitzua ere jarri da abian, eta datozen egunotan kanpoko kontsulten zerbitzua zabalduko da espezialitate berriekin. Era berean, digestio-endoskopiarako zerbitzua eta kirurgia anbulatorio handirako ebakuntza-gelak ere jarriko dira martxan, eta oftalmologiarekin hasiko dira. Eusko Jaurlaritzako lehendakariak bere esku-hartzean adierazi duen moduan, 6 milioi eurokoa izan da bigarren fase honetan azken belaunaldiko ekipamenduan eta teknologian egindako inbertsioa.
Aurrerago, eta mediku- eta kirurgia-ospitaleratze zerbitzuak, kirurgia-blokea eta erreanimazio unitatea (EU) martxan jartzen direnean, Urdulizeko Ospitalea bete betean arituko da funtzionatzen. Prozesua mediku-onkologia eta eguneko mediku-ospitalea abian jartzen direnean amaituko da.
Gaurko bisitaren amaieran Iñigo Urkullu lehendakariak azpimarratu du larrialdietarako zerbitzuko instalazioak prestatu direla “pazientearen segurtasuna lehenesteko”, eta pertsonal gaitua eta azken belaunaldiko ekipamendua izango dituztela haurrak nahiz helduak artatzeko.
Larrialdietarako zerbitzu berriak 2 triaje-postu (paziente larriari lehentasuna emateko lehenengo balorazioa); 8 anbulatorio-kontsulta; ebakuntza-gela; bihotz-biriketako erreanimazio-gela; tratamendu-gela; behaketa-gela; X izpien gela; traumatologia-gela; sendaketa-gela; eta boxetako 19 espazio ditu, guztira 1.800 metro koadro langile gaituek artatuta.
32.000 KONTSULTA ETA 20.000 PROBA BAINO GEHIAGO EGIN DIRA
Joan den uztailean inauguratu zenetik, Urdulizko Alfredo Espinosa Ospitalean 32.000 kontsulta eta 20.000 proba baino gehiago egin dira.
Ospitaleak 38.000 metro koadro ditu 8 solairutan eta 3 eraikin-bloketan banatuta, eta bloke bakoitzak lurpeko bi solairu ditu, eta uztailetik pixkana abian jartzen joan den prestazioei larrialdietako zerbitzua eta etxez etxeko ospitaleratze-zerbitzua batu zaizkie orain, eta laster abian jartzekoak dira kanpoko kontsultetako hainbat espezialitate, endoskopia-zerbitzua eta kirurgia anbulatorio handirako ebakuntza-gelak.
Aipatutako zerbitzu berriez gainera, honako kontsulta hauek daude Urdulizko Ospitaleko zerbitzuen karteran:
-Kardiologia
-Arnasa-aparatua
-Erreumatologia
-Kirurgia orokorra
-Neurologia
-Endokrinologia
-Oftalmologia
-Barne-medikuntza
-Traumatologia
-Otorrinolaringologia
-Ginekologia
-Dermatologia
-Urologia
Eta beste honako prestazio hauek ere eskaintzen dira: erradiologia, ekografiak, TACak, telemandoa, mamografiak, erradiologia konbentzionala, ortopantomografiak, bai eta bularreko minbizia garaiz detektatzeko beharrezko probak edo bestelako proba osagarriak ere: ekokardiografiak, holterrak, EKGak, espirometriak, metakolina-testak, audiometriak, bertigo-probak, proba optikoak, kolposkopiak, histeroskopiak, flujometriak… etab.
OSATEKek Urdulizko Ospitalean eskaintzen duen zerbitzuari dagokionez, abian jarri zenetik orain arte 5.000 erresonantziatik gora egin dira. Horietatik gehienak sistema muskulu-eskeletikoarenak, garezurrarenak eta bizkarrezurrarenak, eta zerbitzua astelehenetik ostiralera eman da, etenik gabe, goizeko 7:00etatik gaueko 22:30 bitartean.
-
2017-05-08
Comentario de Twitter:
RT @osakidetzaEJGV: #Urduliz-ko Ospitaleak 🏥 zerbitzuen kartera zabaldu du, eta bihar irekiko dira #Larrialdiak ➡ https://t.co/BLW3EygO0D h… -
2017-05-08
Comentario de Twitter:
RT @osakidetzaEJGV: #Urduliz-ko Ospitaleak 🏥 zerbitzuen kartera zabaldu du, eta bihar irekiko dira #Larrialdiak ➡ https://t.co/BLW3EygO0D h… -
2017-05-08
Comentario de Twitter:
RT @osakidetzaEJGV: #Urduliz-ko Ospitaleak 🏥 zerbitzuen kartera zabaldu du, eta bihar irekiko dira #Larrialdiak ➡ https://t.co/BLW3EygO0D h…