Berriak Osasuna
Eu

Osakidetzak ekintza berriak sustatu ditu, profesionalak eskuen behar bezalako higieneari buruz sentsibilizatu eta osasun arretako infekzioak prebenitu eta murrizteko

2017.eko maiatzak 05

 “Haien segurtasuna, zure eskuetan” lelopean, Osakidetza bere sare osoan milaka liburuxka banatzen ari da, esku-higienea nola eta noiz egin behar den kontzientziatu eta aholkuak emateko.

 Era berean, hainbat hedapen- eta informazio-jarduera egiten ari dira egunotan, baita tailer eta saio klinikoak ere.

 

Gaur, maiatzak 5, Osakidetzak bat egingo du, beste behin ere, Osasun Arretako Esku Higienerako Munduko Egunarekin. Egun hori Osasunaren Mundu Erakundeak sustatzen du “Salbatu bizitzak: eskuak garbitu” kanpainaren baitan. Ekimenaren helburua da esku-higieneari buruz kontzientziatzea eta neurri erraz hori hartzeak duen ardura nabarmentzea. Horren bidez, osasun-profesionalen eskuen bitartez infekzioak zabaltzea ekidin daiteke, hori baita osasun-arretan zehar bereganatzen diren infekzioen transmisio-bide ohikoena. 

Testuinguru horretan, Osakidetzak −urteak daramatza alor horretan lanean eta bere erakunde sanitario guztietan erreferentziazko profesionalak ditu esku-higienean eta pazienteen segurtasunean− profesionalak sentsibilizatzea du aurten bere jardueren ardatza, osasun-arretarekin lotutako infekzioak prebenitu eta murrizteko. Horrez gain, gogorarazi nahi du esku-higieneak frogatu duela, jarduera erraza eta eraginkorra izanik, berebiziko neurria dela gaixoei arreta ematen dieten langileen eskuen bitartez gaixoen artean infekzioak transmititzea ekiditeko, arreta-alor guztietan. 

Horretarako, “haien segurtasuna, zure eskuetan” izenburupean, Osakidetzak erakunde sanitario guztietako profesionalei banatu dizkie horren inguruan kontzientziatu eta aholkuak emateko milaka liburuxka. Bertan ohartarazten da eskuak garbitzeak duen garrantzia, baita noiz eta nola garbitu behar diren ere, osasun-arreta seguruagoa eskaini ahal izateko. Hala, liburuxkan eskuak garbitzeko 5 une eta 6 urrats biltzen dira, irudi grafikoekin lagunduta. 

Horrez gain, egunotan zehar erakunde sanitario guztietan ari dira langileentzat jarduerak garatu eta informazioa hedatzen, bitarteko ezberdinen bidez −mezu elektronikoak, argibide-taulak, horma-irudiak, intraneta, informazio-puntuak, sare sozialak−. Horren helburua da eskuak behar bezala garbitzeari eta hori zein unetan egin behar denari buruzko informazioa helaraztea. Aldi berean, saio klinikoak eta tailerrak ere egiten ari dira. 

Osasun-arretari lotutako infekzioak prebenitu eta murriztea Osakidetzaren lehentasunezko helburua izan da, eta oraindik ere bada, eta Pazientearen Segurtasunaren Estrategiaren baitako jarduteko ildoa da. Ildo horretatik, Osakidetzak urteak daramatza pazientearen segurtasunaren alorrean lanean eta, horri esker, eskainitako arretak aintzatespen handia jaso du, bere kalitate eta segurtasunagatik. Pazientearen segurtasuna lehentasunezko ildoetako bat da Osasun Sailarentzat eta Osakidetzarentzat, eta paziente guztientzat segurtasun-maila gorena lortzen jarraitzea da horien konpromisoa.

 

Oharra: Osakidetzaren Erakunde Sanitario guztietan banatzen ari diren informazio-liburuxka erantsi da.

  

Gasteizen, 2017ko maiatzaren 5ean

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko