Eu

Artolazabal: “Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen dutenen kopurua 2.360 lagunetan murriztu da azken urtean. Guztira 63.146 pertsonek jasotzen dute”.

2017.eko maiatzak 05
  • Azken hilabetean martxoan baino 134 pertsona gutxiagok jaso zuten, eta 2017. urtearen hasieratik kopurua 651 lagunetan murriztu da.
  • Lurraldeen arabera, beherakada handiena Araban eman da; azken hamabi hilabeteetan kopurua % 5,8 murriztu da.
  • “Lanbideren esparruan garatzen ari diren neurrien kudeaketa eta eraginkortasuna hobetzeko lanean ari gara”

 

VG 17 05 05

Eusko Legebiltzarrean, gaur, Eusko Jaurlaritzaren Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek esan du apirilean 63.146 pertsonek jaso zutela Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta; hortaz, aurreko hilean baino 134 lagun gutxiagok.  “2016ko apirilaz geroztik, errenta horren titularren kopurua 2.360 pertsonatan murriztu da”, sailburuak azpimarratu duenez. 2017ko lehen lau hilabeteetan 2016. urtearen amaieran baino 651 espediente gutxiago daude, 2016ko maiatzaz geroztik errenta hori jasotzen dutenen kopurua etengabe jaitsi delako.

 

Lurralde Historikoen arabera, Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen duten pertsonen beherakada erlatibo handiena Araban gertatu da —azken urtean titularren kopurua % 5,8 murriztu da—. Bizkaian eta Gipuzkoan kopurua % 3,2 murriztu da.

 

Artolazabalek berriro azpimarratu du Diru-sarrerak Bermatzeko Errentari eta Etxebizitzako Gastuetarako Prestazio Osagarriari esker, “urtero, Euskadin, 130 mila pertsona baino gehiago pobrezian erortzea saihestu dela”. Legebiltzarraren aurrean egindako agerraldian, sailburuak hauxe azpimarratu du: “Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailetik Lanbideren esparruan garatzen diren neurrien kudeaketa eta eraginkortasuna hobetzen lanean dihardugu. Legealdiaren hasieratik, zerbitzu hori praktikoagoa, arinagoa eta eraginkorragoa egingo duten neurriak bilatzen murgilduta gaude”.

 

Kudeaketa hobetzea

Beatriz Artolazabalek esan du matxoan aurkeztutako eta egun hauetan abian jarritako neurriak “erabiltzaileen izapideak arintzera, bulegoetan lana hobetzera, herritarren arretarako eredu bakar bat eskaintzera, beste administrazio batzuekin koordinazio handiagoa sustatzera eta laguntza horien kontrola hobetzera zuzenduta daudela”. Hobekuntza horri esker, "laguntza jasotzen duten pertsonek izapidea errazago egin ahal izango dute, beharrezko izapideak burutzeko garaian erantzun azkarragoak eta homogeneoagoak jasoko dituzte eta, aldi berean, sistema hau euskal herritar guztiengana zabaltzen lagunduko da, herritar horiek sistema hobeto ezagutu dezaten”.

 

“Abian jarritako neurri-multzoari esker, bidegabeko kobrantza deitutakoak murriztu ahal izango dira, Estatuko Altxortegi Nagusiarekin koordinazio handiagoa dagoelako; bizitegiari eta bizikidetza-unitateei lotutako egiaztapenak azkartuko dira; hatz-marka digitalizatua bezalako teknologia berriak erabili ahal izango dira —horrek kudeaketak eta izapideak arinduko ditu eta Lanbideren erabiltzaileak behar bezala identifikatuko ditu—; kudeaketa hobetuko da, enplegu egoki bat zer den zehatz-mehatz definituz, eta, lan-merkatuan sartzeko zein prestakuntzaren ibilbidean, orientabide-lana errazteko; erakundearen maila bakoitzaren definizioan, bulego bakoitzaren lan-kargen analisia egingo da; lan-kargak banatuko dira, pertsonalaren prestakuntza eta lana hobetuko da, hutsuneak beteko dira eta, gerta daitezkeen erasoen aurrean, protokolo bat ezarriko da” adierazi du Artolazabalek Eusko Legebiltzarrean.

 

Artolazabal sailburuak gaineratu du “neurriak ekintza hauetara zuzenduta daudela: Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren prozedura eta izapidea hobetzera, espediente bakoitzerako beharrezkoa eta nahikoa den dokumentazioa definituz; zerbitzu diferentetako —informatika, aholkularitza juridikoa eta tokiko bulegoak, besteak beste— pertsonak bilduko dituen iruzurraren aurkako talde bat sortzera; erabiltzaileek zerbitzua nola izapidetu behar den hobeto ezagutzeko bideo tutorialak egitera; eta zerbitzuaren kalitate-adierazleak hobetzera, besteak beste”.

 

 

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @Gob_eus
    2017.eko maiatzak 05

    Comentario de Twitter:
    Artolazabal: “El número de perceptores de la RGI disminuye en 2.360 en el último año, hasta las 63.146" ➡ https://t.co/flGfhJ2l6n

Ekitaldiko kargudunak