Berriak Osasun eta Kontsumoa
Eu

Osakidetzak Euskadiko lehenengo hiru teslako erresonantzia magnetikoa inauguratu du, diagnostikoak egiteko

2010.eko azaroak 11

 * Gailu berri horri esker gaixotasun neurologikoen (alzheimerra, dementziak, esklerosi anizkoitza), onkologikoen (tumore hepatikoak, behazun bideetakoak, pankreakoa, giltzurrunetakoa, umetokikoa, obulutegikoa, umetoki lepokoa, ondestekoa eta prostatakoa) eta sistema baskularreko gaixotasunen diagnostiko zehatzagoak egingo dira.

* Osakidetzako sare osoarentzat izango da onuragarri. EAE guztiko erresonantzia magnetiko aurreratuena eta potenteena da.

* Ekipo hori abian jarrita, Osakidetzak, Galdakaoko Osateken bidez, prestazio handiko hiru erresonantzia magnetiko (EM) izango ditu, eta 21.500 pazienteri erantzungo die 2011n.

* 1,7 milioi euro inbertitu ditu Osatekek azpiegitura hau eskuratzen. Horrenbestez, Osakidetzaren hornitzaile aurreratuena bihurtu da EM-ko azterketak egiteko, bai teknologiari dagokionez bai merkatuko kuotari dagokionez.

* Osatek enpresa publikoak euskal osasun publikorako 2011rako dituen helburuak zein diren ere adierazi da.

Galdakao-Usansolo, 2010eko azaroaren 11.- Jesús María Fernández Eusko Jaurlaritzaren Osasun- eta Kontsumo-sailburuordeak EAEko hiru teslako lehenengo erresonantzia magnetikoa inauguratu du gaur goizean Galdakao-Usansoloko ospitalean. Ezaugarri horiek dituen gailurik aurreratuena eta potenteena da EAEn.

Esan dugunez, azpiegitura hori eskuratzeko 1,7 milioi euroko inbertsioa egin behar izan du Osatek enpresa publikoak, eta "hainbat patologien diagnostikorako eta pronostikorako aurrerapenak ekarriko ditu eta eraginkorragoa izango da horiek tratatzeko". Sailburuordeak aipatu dituen aplikazio klinikoen artean, azterketa neurologiko aurreratuak egiteko balioko du, bai patologia degeneratiboa duten pazienteena (alzheimerra, dementziak) bai hanturazko patologia (esklerosi anizkoitza) dutenena. "Oso baliagarria izango da gorputzeko eta pelbiseko azterketa onkologikoak egiteko ere, anatomia- eta ehun-bereizmen ezin hobea duelako, eta, hala, tumore-mota askoren diagnostiko zehatzagoak eta goiztiarragoak egin daitezkeelako, hala nola gibelekoak, behazun-bideetakoak, pankreakoa, giltzurrunetakoa, umetokikoa, obulutegikoa, umetoki-lepokoa, ondestekoa eta prostatakoa"

Hiru teslako erresonantzia magnetiko (EM) berriak sistema baskularra aztertzeko zer aplikazio dituen ere eman du aditzera; izan ere, gailuaren software aurreratuari esker azterketa angiografikoak egin daitezke kontrasterik gabe, eta horrela, erreakzio alergikoak eta giltzurrunetako arazoak saihestu.  "Ekipo honek bularreko ebakuntzak eta diagnostikoak egiteko moduko hardwarea eta softwarea ditu, eta, beraz, bularreko minbizia hobeto gobernatzeko aukera ematen du" gaineratu du.

Sailburuordeak gogorarazi du ekipo honi Osakidetza-sareko ospitale guztiek atera behar diotela probetxua, "hiru teslako teknologia hau ospitale guztietara eramatea lortzen dugun arte, errentagarritasun irizpideetan sartzen bada, behintzat".

21.500 paziente 2011n, Galdakao-Osateken EMetan.

Jesús María Fernándezek Pablo Arbeloa Osateken gerente-zuzendaria izan du lagun hiru teslako EM berriaren inaugurazio-ekitaldian.  Hala, Arbeloak azpimarratu du ekipo hau abian jarrita prestazio handiko hiru EM dituela (3T-ko EMa 2010ean, 1,5 T-ko EMa 2007an, eta 1,5 T-ko EMa 2002an) Galdakaoko Osatekek. Ekipamendu horrekin guztiarekin aurreikusi da 2011n Galdakao-Usansoloko unitateak 21.500 pazienteri egingo dizkiela erresonantzia magnetikoak.

Era berean, gailu berriak "eremu magnetiko zabalagoa" hartzen duela adierazi du (ohikoaren bikoitza), bai eta ekipoak paraleloko transmisio-sistema iraultzailea duela -denbora % 40 murrizten du- eta aurretik zeuden antenak baino askoz ere sentikorragoak dituela ere, eta, jakina, diagnosi-metodo berriak eskaintzen dituela (traktografia, espektroskopia, onkologia-hedapena eta abar). "Horrenbestez, bere erako diagnosi-tresna onena da".  

Osateken berrikuntza teknologikoko programa, datozen urteetarako.

1,7 milioi euroko inbertsio hau eginda "EMren azterketak egiteko Osakidetzaren hornitzaile aurreratuena bihurtu da Osatek, bai teknologiari dagokionez bai merkatu-kuotari dagokionez" adierazi du Eusko Jaurlaritzaren Osasun- eta Kontsumo-sailburuordeak.

Osatek Euskal Autonomia Erkidegoan eredu teknologiko izan dadin aurrera egiten jarraituko dutela gaineratu du. "Iaz onartutako berrikuntza teknologikoko programarekin, urtebetean, berrikuntza teknologikoan aurrerakada handia egitea lortu dugu, ekipo hau eskuratuta, eta mota honetako gailuen batez besteko adina gutxitzea ere bai, izan ere, 2009ko azaroan zituzten 8,5 urtetik, 7 urte izatera igaro gara une honetan".

Inbertsioak egiten jarraitzeko asmoa dutela ere adierazi du "Osatekek Osakidetzako profesionalei eta herritarrei zerbitzu ona ematen jarraitzeko aukera izan dezan".

Sailburuordeak adierazi du hiru alderdi nagusitan izango dituela erronkak Osatekek 2011n: Lehenengoa, Arabako Unitateko inbertsioak Arabako Unibertsitate Ospitalearen plan funtzionalak proposatutako betekizunetara egokitzea. Bigarrena, ekipo espezifikoak behar espezifikoetarako erabiltzea komeni den ebaluatzea, batez ere, patologia osteoartikularrei dagokienez, kalitate hobeagoko miaketak egin daitezen kostu gutxiago izanda. Fernández Díazek adierazi duen hirugarren helburua da ekipoak berritzen jarraitzea "gure EMko ekipoak gaztetzen jarraitzeko".

Iruzkin bat
  • 2010.eko azaroak 11

    ESCUCHAD CON ATENCION LA PITADA DE LOS TRABAJADORES DE OSATEK, CON CUYO ESFUERZO SE HA COMPRADO ESTA MAQUINA, CON LA QUE MUESTRAN SU ALEGRIA ANTE LOS PLANES DE LOS NUEVOS GESTORES DE DESGUAZAR UNA DE LAS POCAS SOCIEDADES PUBLICAS QUE HAN DADO BENEFICIOS CONTINUDAMENTE DESDE PRACTICAMENTE SU NACIMIENTO. OSATEK EN LUCHA.

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Beste gonbidatu batzuk
  • Jesús María Fernández Osasun sailburuordea