Berriak Hezkuntza
Eu

2017ko Musikaldiak Euskadiko 46 musika eskolatako 3.800 ikasle bilduko ditu maiatzaren 20an

2017.eko maiatzak 04
  • Euskal Herriko Musika Eskolen Elkarteak bi urtez behin antolatzen duen jaia da, zeinaren bitartez, ikasle zein irakasleek euskal musika, dantza eta kulturaren alde egiten duten lana erakusten duten.
  • Musikaldiak Bilboko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza du, eta hiriko hamabost eszenatokitan garatuko da; milaka pertsona inguru bilduko ditu kalejira, dantza, musika-talde, banda eta orkestretan.
  • Jaialdia 10:00etan hasiko da Gas Plazan eta Plaza Barrian amaituko da, 17:00etan hasiko den erromeria batekin. Ekitaldi kulturalaz 5.000 pertsonak disfrutatzea espero da.

(Bilbo, 2017ko maiatzak 4).- Bilbo izango da maiatzaren 20an ospatuko den Musikaldiaren egoitza. Musikaldia Euskal Herriko Musika Eskolen Elkarteak bi urtez behin antolatzen duen jaia da, elkartea osatzen duten ikasle zein irakasleen arteko topaketa, hain zuzen ere. Bilboko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza duen ekitaldi honek Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 46 eskoletako 3.800 ikasle Alde Zaharraren eta Areatzaren inguruan bilduko ditu, musika eskoletan egiten duten lana gizarteari erakusteko helburuarekin.

Bilboko Udaleko Kultura Zinegotziak, Nekane Alonso; Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailburuordeak, Maite Alonso; BilbaoMusikako Zuzendari Kudeatzaileak, Ana Madariaga; EHMEko (Euskal Herriko Musika Eskolen Elkartea) ordezkaria, Saioa Bergado eta Bilboko Udal Musika Eskolako zuzendariak, Iñigo Eskubi, ekintzen egitaraua aurkeztu dute gaur goizean Bilboko Udaletxean egindako prentsaurrekoan.

Jarduna 10:00etan hasiko da Gas Plazan antolatu den inaugurazio ekitaldiarekin. Bertan Imanol Urbieta, pedagogo eta haurrentzako abesti ugariren egile zarauztarra, EHME 2017ko ohorezko bazkide izendatuko dute. 10.30etan Musikaldia 2017ko “Abian da Festa” abestia estreinatuko da eta jarraian, 10:45ak aldera, hainbat kalejira irtengo dira Musikaldian goiz osoan zehar egongo diren eszenatokietara.

La Concordia tren geltokiaren aurrean goiz osoan zehar Jam Sessionak egiteko eszenatoki bat jarriko da. Bidebarrieta Liburutegian ahots topaketa bat izango da eta Prim kalean, “La Burrería” eraikinaren ondoan, Bilboko eskolen lehenengo eta bigarren hezkuntzako ikasleen erakustaldia antolatu da. Abesbatzek Euskal Museoan eta Santos Juanes elizan jardungo dute. Pianoaren soinua, aldiz, Donejakueko Katedralaren estalpean eta San Nikolas plazatxoan entzungo da eta egungo soinuak, berriz, Bilborock eta bestelako eszenatokietan.

Jaia, Plaza Barrian amaituko da, 17:00etan hasiko den erromeria batekin. Bertan, parte hartzaileek honako errepertorioa dantzatzeko aukera izango dute, besteak beste: ingurutxo, jauzi, bralea, Axuri beltza, gabota, zortziko, mutildantza, pasodoble, mazurca, chotis, polca, vals, biribilketa, fox, habanera, jota, porrue eta larrain dantza. Herri eta hirietako plazetan dantzak dibertitzeko eta elkar ezagutzeko aukera ezin hobe zireneko  antzinako giroa berriro bizitzeko aukera paregabea izango da.

MUSIKALDIA 2017 ZENBAKITAN

Maiatzaren 20an 5.000 pertsona inguru bilduko dira Bilbon. Musikaldia hogeiren bat eszenatokitan egingo da, kalean (Plaza Barria, Gas Plaza, La Concordia geltokia, Erriberako Merkatua, Prim eta Iturribide kaleen elkargunea, Unamuno plaza, Arriaga plaza, Arriaga Antzokiaren alboa), zein gune itxietan (BilbaoMusika, Bidebarrieta Liburutegia, Bilborock, Euskal Museoa, Joan Santuen eliza, Katedraleko arkupeak, Mugika Eskola Publikoa, Sarriko Kontserbatorioa). Musikaldiak 440 pertsona inguru bilduko ditu kalejiretan, 270 pop, jazz eta rock taldeetan, 850 abesbatza taldeetan, 500 baino gehiago musika talde tradizionaletan, 1.050  formato handiko talde eta orkestretan, 250 kamera taldeetan, 150 pianista baino gehiago, 275 dantza klasiko, moderno eta tradizionaleko  taldeetan eta 50 abeslari. Edizio honetan espazioek historian zehar era guztietako musikarekin erlazionatutako emakumeen izenak daramatzate, Santa Ceciliatik hasita, Alma Mª Schindler, Clara Wieck, Katia eta Marielle Labèque, Ella Fitzgerald, María Callas, Violeta Parra, Janis Joplin, Patti Smith edota Alicia de Larrocharekin jarraituz, Inma Shara, Ainhoa Arteta, Alicia Alonso eta María Joao Piresera iritsi arte.

MUSIKALDIAREN LOGOA ETA SINTONIA OFIZIALA

BilbaoMusikako musika eskolako idazkari eta zuzendaritza taldearen kide den Mikel Albisturrek konposatu du edizio honetako sintonia, “Abian da Festa” izenekoa.

Beste alde batetik, urrian, BilbaoMusikak Musikaldiaren logotipoa aukeratzeko lehiaketa bat jarri zuen martxan. Sorkuntza, originaltasun eta kalitate irizpideak kontuan hartuta, Pablo Barredoren proposamena izan zen garailea, irudi berri, adierazgarri eta arte espresio onena izanagatik.

MUSIKALDIA, EUSKAL MUSIKA, DANTZA ETA KULTURAREN JAIA

Musikaldia, EHMEak (Euskal Herriko Musika Eskolen Elkartea) xede argi batekin sortu zuen: bazkide diren Musika Eskolen ikasle eta irakasleen arteko topaketak ahalbidetzea eta musika, dantza eta euskal kulturaren alde egiten duten lana gizarteari erakustea. 1997. urtean, Pasaian lehenengo Musikaldia egin zenetik, mota eta estilo musikal guztietako milaka ikaslek hartu dute parte Euskadi Musika Eskolen jaialdi honetan. Jaialdiak, honako lekuetan izan dira: Errenteria (2015), Oñati (2013), Gasteiz (2011), Mungia (2009), Erandio (2007), Elgoibar (2005), Getxo (2003),Lezo (2001), Hondarribia (2000), Santurtzi (1999), Gernika (1998) eta Pasaia (1997).

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Nekane Alonso (Bilboko Udala); Ana Madariaga (BilbaoMusika); Iñigo Eskubi (BilbaoMusika Musika Eskolako zuzendaria)