Berriak Hezkuntza
qrcode

Hezkuntzako Mahai Sektorialaren bilera

2017-05-04
  • Legealdi honetan, gutxienik 3.000 plaza eskainiko dira urtero deituko diren EPEen bidez, egonkortasun handiagoa lortzea helburu
  • Behin-behinekotasun tasa %26,9koa da irakasleen artean

Hezkuntzako Mahai Sektorialaren bilera berria izan da gaur eguerdiz Eusko Jaurlaritzaren egoitzan. Hezkuntza arloan den negoziazio mahairik garrantzitsuena da hau, 25.000 irakasle ingururi eragiten diona.

Joan zen apirilaren 5ean deituriko bilera honetan, Hezkuntza Saileko arduradunak izan dira ELA, LAB, STEE, CCOO eta UGT sindikatuetako ordezkariekin batera. Gaurko bilkurak legealdi honetan izan diren beste hitzordu batzuei jarraipena ematen die: abenduaren 23ko eta urtarrilaren 25eko mahai sektorialak, beste zenbait planifikazio-mahairekin batera. Hezkuntza Sailak etengabe izan du elkarrizketarako jarrera sindikatuekin, nahiz eta zenbait unetan deituriko sindikatu batzuek parte hartzeari uko egin.   

Eguneko gai ordenak garrantzi handiko gaiak jaso ditu, administrazioak negoziaziorako duen borondatearen erakusle: legealdi honetarako aurreikusten diren EPEez jardun da, irakasleen behin-behinekotasun (interinitate) mailaren egoera errealaz, baita Lan-Akordio berria lantzen hasteko plangintzaz ere. Gainera, Hezkuntza Sailak beste hainbat informazio ere helarazi du, sindikatuekiko harremanari dagokion gardentasun ariketa eginez.

Enplegu Publikorako Eskaintzak

Bileran, Hezkuntza Saileko arduradunek urtero EPEak aurkezteko duten konpromisoa berretsi dute, 2015, 2016 eta 2017an deitutakoen ondoren. Alde horretatik, Eusko Jaurlaritzak legealdi honetan zehar irakasleentzako 3.000 plazatik gora eskaintzeko asmoa azaldu die sindikatuei.

Datorren ekainean hasiko da legealdi honetako lehen EPEa, Maisu-maistren Kidegorako 740 plaza eskaintzen dituena.

Eusko Jaurlaritzak beharrezko ikusten du Enplegu Publikorako Eskaintzak bultzatzea hezkuntza sistemari egonkortasuna eman eta irakaskuntzaren kalitatean eragina izan dezan. Era berean, eskaintza hauen bidez euskal hezkuntza sistemako irakasleei lan-egonkortasun handiagoa eman nahi zaie, bai eta milaka familiari lanean nahiz eguneroko bizitzan segurtasuna ere.

Behin-behinekotasuna

Hezkuntza Sailak zinez uste du irakasleen egonkortasun portzentajeak hobetu daitezkeela, eta horrexegatik egin du, hain zuzen ere, aurretiazko diagnostiko objektibo bat. Diagnostiko horretatik ondorioztatu daiteke egun behin-behinekotasuna %26,9an kokatzen dela. Zenbait sindikatuk eginiko kalkuluek gaizki-ulertuak sortarazten dituzte. Eusko Jaurlaritzaren helburua da legealdi honetan portzentaje hori arian-arian jaistea.

Bestalde, Lan-Akordio berria lantzen hasteko plangintza ere izan da bilkurako mintzagaietako bat. Nabarmendu daitezkeen puntuen artean, Lanbide Heziketako plangintza jorratu da, bai eta lizentzia eta baimenen inguruko gaiak ere.

Hezkuntza Sailak Mahai Sektorialean izan diren sindikatuei bertan parte hartzen jarraitzeko eskaera egin die, eta irakasleen zereginarentzat nahiz hezkuntza sistema osoarentzat mesedegarri izango den edozein hobekuntza lortzeko elkarrizketa eta elkarlana zein diren beharrezkoak onartzea.  

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)