Eu

Euskadik bertako turismo-eskaintza erakutsiko du Expovacaciones azokan Bilbo-Bizkaiaren standarekin bat eginda

2017.eko maiatzak 04
  • Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Alfredo Retortillok bihar inauguratuko du Expovacaciones turismo-azoka, Euskadiko barneko merkatua bultzatzeko.
  • Bizkaiko standa lehenengo aldiz bateratuko da Euskadikoarekin, agertoki bakarrean aniztasuna eskaintzeko.

Retortillo sailburuak bihar inauguratuko du BECen maiatzaren 5etik 7ra bitartean egingo den azoka honen 38. edizioa. Euskadiko turismo-azokarik zaharrena da, eta 2016an 70.000 bisitaritik gora izan zituen. Barneko merkatuari zuzenduta dago, Euskadiko turismo-enpresentzat hain garrantzitsua den bisitariari, alegia, eta 2016an, esate baterako, turismo-establezimenduetan izandako sarreren % 12,8 izan zen,  381.427 bisitarirekin.

Garrantzi handiko merkatua da, beraz, baina azken urteotan behera egin duenez, Euskadik Expovacaciones azokan izango duen standaren helburuetako bat barneko merkatu hori bultzatzea da. Hain zuzen ere, merkatua sendotzeko helburu horrekin elkartu da edizio honetan Bilbo-Bizkaiaren standarekin, eta bi diseinuak integratuko dira, beraz. Horri esker, agertoki bakarra jarri da eta bertan egingo dira jarduerarik gehienak.

Besteak beste, egingo dira sagardo eta gazta dastaketak, Arabako Errioxa ardoarenak eta txakolinarenak, eta txorizodun taloarenak. Horrez gain, musika-emanaldiak, euskal dantza saioak eta haurrentzako globoflexia ere egingo dira.

Expovacaciones azokako standak 300 m2 ditu, korten altzairuz, burdinez eta harriz eginda dago, eta esperientzia-turismoaren, hiriburuen, Omako basoaren, Gaztelugatxeren eta txotxaren irudiak erakutsiko ditu.

Expovacaciones azoka

Aurtengo azokan 209 enpresa erakuslek eta 14 autonomia-erkidegok hartuko dute parte, eta Japonia izango da herrialde gonbidatua. Kubak, Dominikar Errepublikak, Argentinak, Txilek, Portugalek, Marokok, Andorrak, Frantziak eta Madagaskarrek ere izango dute bere lekua azokan.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak