Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak
Eu

Artolazabal: “bizitza gogoz eta osotasunean bizi behar da, ahalik eta osasun onenarekin eta premiak asebeteta ditugula, zahartze aktibo bat edukitzeko behar bezala prestatu ondoren”

2017.eko maiatzak 04
  • Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak Zahartzaroa, Geriatria eta Gerontologia Euskal Elkartearen XVI. Batzarra eta Nafarroako Geriatria eta Gerontologia Elkartearen IX. Batzarra inauguratu ditu
  • Egun hauetan euskal erakundeak osatzen amaitzen ari diren adineko pertsonentzako egoitza-zentroei buruzko dekretua azpimarratu du Beatriz Artolazabalek
  • “Gure profesionalak izugarrizko lana egiten ari dira adineko pertsonei arreta eskaintzen”

Vitoria-Gasteiz, 2017/05/04

Eusko Jaurlaritzaren Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek gaur adierazi du “ahalik eta denbora luzeena bizi behar dugula; gogoz eta osotasunean, ahalik eta osasun onenarekin eta premiak asebeteta ditugula, zahartze aktibo eta osasuntsu bat edukitzeko behar bezala prestatu ondoren”.

Gasteizko Europa Jauregian burutzen diren Zahartzaroa, Geriatria eta Gerontologia Euskal Elkartearen XVI. Batzarraren eta Nafarroako Geriatria eta Gerontologia Elkartearen IX. Batzarraren irekiera-ekitaldian,  Artolazabal sailburuarekin batera egon dira Zahartzaroako lehendakari Iñaki Artaza, Nafarroako Geriatria eta Gerontologia Elkartearen lehendakari Francisco Uriz, Pertsonen Autonomia eta Garapeneko Nafarroako Agentziako zuzendari gerente Inés Francés, Eusko Jaurlaritzaren Osasun sailburuorde Iñaki Berraondo, eta Arabako Diputatu Nagusi Ramiro González.

Artolazabalek azpimarratu du “gure profesionalak egunero egiten ari diren lan handia; izan ere, adineko pertsonei arreta eskaintzeko lan horretan murgilduta dauden emakume eta gizon guztiei esker —euren eginkizuna edozein dela ere—, gure Herrian adineko pertsona izatea naturalago eta esker oneko bihurtzen da.

“Guztion artean adineko pertsonentzako errespetu- eta duintasun-kota horiek hobetzeko lan egiten dugu. Eta arlo horretan geriatriako eta gerontologiako profesionalak lan bikaina egiten ari dira Euskal Herri osoan jada ezagutzen ditugun kalitate maila bikainak etengabe hobetzen” azpimarratu du Artolazabalek.

Profesional onak

"Adineko pertsonei arreta eskaintzen dieten erakunde sozial eta sanitarioei gure profesionalek emandako aholkularitza eta babes hori funtsezkoa da, eta nik gaur, hemen, bereziki eskerrak ematen dizkiet” gaineratu du sailburuak.

Beatriz Artolazabalek Leonardo Boff filosofo, teologo, apaiz ohi frantziskotar, idazle, irakasle eta ekologistaren hitz batzuk gogoratu ditu, “Maitatzen dugunean zaindu egiten dugu eta zaintzen dugunean maite”…  Zainketa mundu osoan azaleratzen saiatzen ari den zibilizazio-paradigma berriaren kategoria nagusia da… Zainketak funtzio bikoitza dauka; batetik, etorkizunean ager daitezkeen kalteak prebenitzea eta, bestetik, iraganean jasandako kalteak onbideratzea”.

Ekitaldian, euskal erakundeak elkarrekin azken ukituak ematen ari diren adineko pertsonentzako egoitza-zentroei buruzko dekretu berria aipatu du sailburuak. Dekretu horren bidez, “egoitza-zentroek tratu desegokiak eta gehiegikeriak prebenitzera bideratutako neurriak hartu beharko dituzte; erabiltzaileei tratu desegokiko edo tratu txarreko egoerak hautematen eta haiei aurre egiten lagunduko dieten baliabideak emango zaizkie; eta zentrotik kanpo dagoen pertsona batek edo zentroko bertako pertsona batek —profesionala, boluntarioa edo erabiltzailea— jokabide desegokia edo gehiegikeriako jokabidea duela susmatzen den edo antzematen den kasutan, jarduketak bideratzeko protokolo bat edukiko da”.

Artolazabalek hauxe azpimarratu du: “adineko pertsonei eskainitako arretan testuinguru berri batean aurkitzen gara. Testuinguru hori pertsonara, kalitatera eta kudeaketaren etikara zuzendutako arreta-eredura bideratua dago. Hala, kalitatea erabiltzailearekiko konpromisoan oinarritzen da, eta integrala eta baldintzarik gabekoa da”.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)
Beste gonbidatu batzuk
  • Iñaki Artaza; Francisco Uriz; Inés Francés; Iñaki Berraondo; Ramiro González; Peio López de Munain