Eu

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak ‘Mingaina dantzan’ udalekuak aurkeztu ditu, erabileran eragiteko estrategiak diseinatzeko baliogarria izango den proiektu bat

2017.eko maiatzak 04

Eremu soziolinguistiko ezberdinetako gazteak izango dira ekimen honetan eta erabilera sustatzeko tresnen eraginkortasuna aztertuko da ikerketa baten bidez

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak ‘Mingaina dantzan’ proiektua aurkeztu du gaur Donostiako Miramar Jauregian. Ekimen honi esker euskarari lotutako udaleku erakargarri batzuk sustatuko dira eta erabileran eragiteko baliogarriak izan daitezkeen tresnen inguruko ikerketa bat garatuko da. Udaleku hauetan, eremu soziolinguistiko oso euskaldunetako gazteak euskarak pisu gutxiago duen eremuetako gazteekin batera izango dira. Proiektu pilotua da, eta hortik aterako diren ondorioak baliogarriak izango dira erabilera sustatzeko estrategiak garatzeko orduan.

Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan, EUDEL eta UEMA ere proiektu honen atzean daude. Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordearekin batera, Beasaingo alkate eta EUDELeko euskara ordezkari Aitor Aldasoro, UEMAko presidente Josu Labaka, Ebete enpresako hezitzaile Iñaki Eizmendi eta udalekuak antolatuko dituen Ttakun enpresako ordezkari Iñaki Aristondo egon dira prentsaurrekoan. EiTBko Goazen! telesail arrakastatsuaren protagonistak ere bisitari izango dira udalekuetan, eta ekimenaren gaurko aurkezpenean Inma Fernandez, Haritz Morras eta Lorea Iribar aktoreak izan dira.

Udalekuetan izango diren gazteak Euskadiko eskualde ezberdinetatik joango dira:  Urola Kosta-Urola Erdia, Oarsoaldea, Lea Artibai, Ezkerraldea eta Gasteiz. Beraz, euskararekin harreman ezberdina duten gazteak izango dira ‘Mingaina dantzan’ proiektuan. Udalekuak bi txandatan antolatuko dira. Lehenengoa, Mundakako aterpetxean izango da, uztailaren 3tik 12ra arte. 30 lagun izango dira guztira, Azpeitia, Zumaia eta Barakaldoko ikastegietatik etorritakoak. Bigarren udalekua, Kortezubiko Baratze aterpetxean egingo da. Uztailaren 21etik 30era arte izango da eta, honetan ere, 30 lagunek parte hartuko dute. Oiartzun, Markina-Xemein eta Gasteizko ikastetxeetatik etorritakoak.

Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordeak adierazi duenez, udaleku erakargarriak diseinatu dira eta esperientzia baliatuko da erabileran eragiteko tresnen balioa ikertzeko: “Azken hamarkadotan ikusi dugu euskararen ezagutza asko igo dela eta erabilera ere era nabarmenean hazi dela. Hala ere, erabilera eta ezagutza ez dira neurri berean hazi, eta erabileraren bilakaera hori ezberdina izan da lekuen arabera. Euskal hiztunen ezaugarriak zeharo aldatu dira eta erabileran eragiteko lehen balio zuenak gaur ez du balio. Erabileran aurrerapausoak emateko ahalmena egon daitekeela uste dugu, batez ere gazteen artean, haien ezagutza altua baita. Dena den, erabileran eragin dezaketen politikak diseinatzeko orduan asmatu egin behar dugu. ‘Mingaina dantzan’ proiektua oso eraginkorra izan daiteke horretarako”.

Hizkuntza Politikako sailburuordeak azpimarratu du testuinguru soziolinguistikoa erabileran eragin gehien duen faktoreetako bat dela. Proiektu honen bitartez, egoera soziolinguistiko oso ezberdinetan bizi diren gazteak elkarrekin biziko dira zenbait egunez, eta elkarbizitza honen barruan garatuko da ikerketa: “Badaude euskaraz bizitzeko errazagoak diren eremuak, eta beste batzuetan, berriz, erabilera sustatzea zailagoa izaten da. Udalerri zehatz batzuk aukeratu ditugu, baina beste asko izan zitezkeen aukeratuak, bai euskararen presentzia nabarmena dutelako bai horietan erabilera apalagoa delako. Euskararekin harreman ezberdina duten gazteak izango dira udalekuetan, eta testuinguru honetan euskara sustatzeko metodologien eraginkortasuna neurtuko da”.

EUDELeko ordezkariak aisialdiko programa pilotu honen balioa azpimarratu du eta emaitzen zabalkundea egiteko konpromisoa adierazi du. UEMAko ordezkariak erakunde honetan dauden udalen errealitate soziolinguistikoaz hitz egin du eta proiektu honen ondorioak aintzat hartuko dituztela esan du.

Euskararen erabilera sustatzeko baliabideen eta tresnen esparruan lan egiten duen Ebete enpresak sustatuko du ikerketa. Iñaki Eizmendik egingo den azterketaren xehetasunak azaldu ditu: “Euskararen erabilera sustatzeko tresna ezberdinak daude; proiektu honetan horietako batzuen eraginkortasuna aztertuko da eta, horrez gain, beste baliabide batzuk lehenengoz garatuko dira. Ateratako ondorioak oso interesgarriak izan daitezke erabileran nola eragin aztertze aldera”. Hezitzaileak azaldu duenez, hiru mailatako tresnak erabiliko dira era ludikoan: oinarrizko estrategiak, eusleen kontzeptuari lotutakoak eta erabileran gehien eragiten duten 12 faktore nagusien ingurukoa.

Tttakun Kultur Elkarteak kudeatuko du udaleku hauen antolakuntza. Aipatu elkarteko Iñaki Aristondok azaldu duenez, txandak 10 egunekoak izango dira eta bakoitzean 30 nerabe inguru izango dira, 12 eta 14 urte bitartekoak. Helburu soziolinguistikoak hobeto lortzeko, eremu euskaldunetako 18 lagun eta gaztelania nagusi den eremuetako 12 lagun egongo dira bakoitzean. Aristondok adierazi du aterpetxeak Busturialdea bezalako eremu euskaldun batean izateak ere bere garrantzia duela. Osagaiez beteriko udalekuak izango dira eta, besteak beste, ETB1eko Goazen! telesaileko protagonistek udalekuak bisitatuko dituzte.

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 60.000 euro bideratu ditu aurten ekimen honetara.

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @joneunzueta
    2017.eko maiatzak 04

    Comentario de Twitter:
    RT @AzkueFundazioa: Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak ‘Mingaina dantzan’ udalekuak aurkeztu ditu,
    https://t.co/3FxTahy03F https://t.co

  • @AzkueFundazioa
    2017.eko maiatzak 04

    Comentario de Twitter:
    Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak ‘Mingaina dantzan’ udalekuak aurkeztu ditu,
    https://t.co/3FxTahy03F https://t.co/Igq6btpAXj

Ekitaldiko kargudunak