Eu

Kontrolerako osoko bilkura (2017/5/5)

2017.eko maiatzak 05

Iñigo Urkullu lehendakariak eta Eusko Jaurlaritzako sailburuek erantzuna eman diete legebiltzarkideek Kontrolerako Osoko Bilkuran eginiko galderei eta interpelazioei.

 
Galdera, Maddalen Iriarte Okiñena EH Bildu taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, Espainian Sanjurjo jeneral kolpistari egindako omenaldietan Espainiako agintari zibil eta Armadaren buruen parte-hartzeari buruz

Iñigo Urkullu Lehendakariaren ustez, Sanjurjo jeneral kolpistaren omenaldiaren testuinguruan Melillan ospatutako ekitza “sentsibilitate faltaren” erakusgarri bat da frankismoaren biktimekiko, haietako askok gaur egun oraindik errekonozimenduaren zain jarraitzen dutela kontuan hartuta, gogorarazi duenez. Lehendakariarentzat, ekitaldi horrek urratu egiten du Memoria Historikoaren Legearen muina.

“Frankismoaren biktimek jakin beharra dute euskal instituzioak haien alde daudela”, ziurtatu du Urkulluk, eta Eusko Jaurlaritzak memoria historikoarekin hartua duen konpromisoa nabarmendu nahi izan du. Lehendakariak azpimarratu duenez bizikidetzaren aroan bizi gara, eta beraz, baztertu egin beharra dago edozein indarkeria-motaren gorespena. 

Galdera, Alfonso Alonso Aranegui Euskal Talde Popularreko legebiltzarkideak lehendakariari egina, egonkortasun politikoaren garrantziari buruz

Iñigo Urkullu Lehendakariak azpimarratu du Eusko Jaurlaritzak "uste osoak bultzatuta” bilatu dituela egonkortasuna eta akordioa, “ez, ordea, premiak bultzatuta”, eta betiere ekonomiaren hazkundearen eta enpleguaren sorkuntzaren mesederako. Horixe izan da jarrera “aurreko legegintzaldiaren lehenbiziko egunetik” baita oraingo honetan ere, jabetu egiten baikara “ehun ekonomikoa ere eskatzen ari dela egonkortasuna eta lankidetza”.

Egonkortasun horrek, ziurtatu duenez, ahalbidetu du Aurrekontuak onestea, Kupoa adostea eta Kontzertua eguneratzea, “bide onetik emandako pauso positiboak”. Lehendakariak gogorarazi duenez, Euskadi hazten ari da eta enplegua sortzen ari da; beraz, "merezi du atea zabalik edukitzeak elkarrizketari eta akordioari". Zentzu horretan aitortu du lau urteren ondoren Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren arteko “elkarrizketari eta negoziazioari ate bat" zabaldu zaiela ere. “Nire nahia da ate hori uste osoarekin zabaldu izatea, asko baitira aurre egin behar dizkiegun erronkak aurrera egiten jarraitzeko”, adierazi du.

Interpelazioa, Larraitz Ugarte Zubizarreta EH Bildu taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, PPrekiko akordioei buruz

Iñigo Urkullu Lehendakariak adierazi du Eusko Jaurlaritzaren helburua dela “Euskadiren interesak defendatzea”, eta halaxe egin du EAErentzako Aurrekontuak "denbora errekorrean” onestean, baita Espainiako Gobernuarekin negoziatzen jardun duenean ere, besteren artean, azken hamar urteotan zehar Kupoaren gaineko akordio bat lortzeko, posible izan ez dena, Euskadin izan diren gobernu desberdinek ahaleginak egin dituzten arren.

Urkulluk azpimarratu duenez, azken hilabeteotan lortutako akordioak positiboak dira Euskadirentzat eta berriro dio beste talde batzuekin elkarrizketa irekia izatekoa dela euskal Exekutiboaren jarrera. EH Bilduri, bere aldetik, “koherentzia“ eskatzen dio, bai Legebiltzarrean bai Gipuzkoako Aldundia kudeatzen zutenean “ez baitute eragozpenik izan” euren botoak PPri batzeko edo Espainiako Gobernuarekin akordioak ezartzeko.

Galdera, Leire Pinedo Bustamante EH Bildu taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, EAEn indarrean jarri beharreko zerga-erreformari buruz 

Iñigo Urkullu Lehendakariak ziurtatu du araudi fiskala "ahalik eta adostasun instituzional eta politiko handienarekin” eguneratuko dela, aurreko erreformarekin egin zen bezala, eta betiere jarduera ekonomikoa, berrikuntza eta enplegua sustatzea helburu hartuta, eta gizarte-politikak eta funtsezko zerbitzu publikoak babestearren.

Lehendakariak berriro dio eguneratze hori onesteko, aurretik hiru pauso eman behar direla: azkeneko hiru urteotan zehar aurreko erreformaren emaitzak aztertzea, analisi horretan oinarritutako erreforma bat proposatzea, eta erreforma hori hiru Lurralde Historikoetako Batzar Nagusietan onestea. Urkulluk gogorarazi duenez, erreformak 2018ko urtarrilaren 1ean sartu behar du indarrean.

Galdera, Julen Arzuaga Gumuzio EH Bildu taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, ETAren armagabetzearen ostean salbuespenezko legedia bertan behera uzteko eman beharreko urratsen inguruan

Iñigo Urkullu Lehendakariak ziurtatu du Zuzen Bidean proposamenak, 2014ko azaroan Eusko Jaurlaritzak aurkeztutakoak, indarra hartu duela legezko armagabetzearen ondoren eta ETAren kontrapartidarik gabe normaltasun-egoera batera itzultzeari begira. Plan horrek, gogorarazi duenez, salbuespenezko egoera baztertzeko proposamenak planteatzen ditu.

Eusko Jaurlaritzaren iritziz, beharrezkoa da espetxe-politikaren inguruko adostasun zabal bat lortzea bai instituzioak bai giza eskubideen nazioarteko organismoak adierazten ari diren gomendio espresuak aplikatu ahal izateko. Zentzu horretan, Espainiako Gobernuarekiko elkarrizketaren alde agertu da Lehendakaria.

 

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @Gob_eus
    2017.eko maiatzak 05

    Comentario de Twitter:
    Pleno de Control (06/05/2017). Respuestas a preguntas e interpelaciones de los grupos parlamentarios ➡ https://t.co/XAjX5HP31o

  • @Gob_eus
    2017.eko maiatzak 05

    Comentario de Twitter:
    Kontrolerako osoko bilkura (2017/05/06). Legebiltzarkideek egin dituzten galderen eta interpelazioen erantzunak ➡ https://t.co/cQstNJg3Mp

Ekitaldiko kargudunak