Eu

Erkorekak ziurtatu du Kupoaren akordioak inbertsio eta enplegu gehiago ekarriko dituela eta beraz “ezin dugu une hau alferrik galdu”

2017.eko maiatzak 03

Eusko Jaurlaritzako bozeramaileari elkarrizketa egin diote Euskadi Irratian

Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu Josu Erkorekak Kupoaren inguruan Espainiako Exekutiboarekin lortu beharreko akordioa berehala itxiko dela espero du, “azkeneko hamar urteetako eta datozen bost urteetarako agertoki finantzarioa argitzeko” balio izango duen akordioa, alegia”. Bozeramailearen iritziz, akordio horrek egonkortasun, inbertsio eta enplegu gehiago ekarriko ditu eta beraz “ezin dugu une hau alferrik galdu”. Hala ziurtatu du gaur goizean Euskadi Irratiko Boulevard saioan emandako elkarrizketa batean.

Gobernu Kontseiluaren atzoko bileraren ondoren aurreratu zuen bezala, Mariano Rajoyren Kabinetearekin izandako negoziazioak oso aurreratuta daude, eta beraz, hemendik gutxira akordio bat iragarri ahal izango dute, euskal Exekutiboarentzat lehentasunezkoak diren bi gairen inguruan: 2007-2011 eta 2012-2016 bosturtekoen Kupo likidazioak, baita 2017rako Kupoa ere. Erkorekaren ustez funtsezko eztabaidagaiak politika publikoak taxutzeko, egonkortasuna emango baitiote euskal esparru finantzarioari.

Ez dira negoziazio errazak izan, bozeramaileak berak gogorarazi duenez. Kupoaren auziak hamar urte daramatza mahai gainean, eta denbora horretan hiru gobernu desberdin izan dira elkarren segidan Espainian eta lau Euskadin; horregatik eusten dio euskal Exekutiboak “alferrik galdu ezin den unea dela”, nagusiki egonkortasuna, inbertsio handiagoak eta enplegu gehiago ekarriko baititu ondorioz, euskal instituzio guztien lehentasun nagusia, azken batean. 

Erkorekak jakinarazi duenez, akordioa gauzatzen denean gardentasun osoz emango dute xehetasun guztien berri.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
  • Josu Erkoreka Gervasio
    Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua eta Gobernuaren bozeramailea (XI legealdia)