Eu

“Euskadi da nagusi Espainiako lehiakortasun programetan”, esan du Retortillok errekonozimenduak banatzeko ekitaldian

2017.eko maiatzak 03

Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak turismoaren sektoreko enpresek egindako ahalegina errekonozitu du, sektorea lehiakorragoa izatea eta Euskadi kalitate handiagoko jomuga berritzaileagoa, eta ingurumenaren ikuspegitik jasangarriagoa, izatea lortzeagatik.

Ekitaldia gaur egin da Donostian, eta Alfredo Retortillo sailburuarekin batera bertan izan dira Turismo eta Merkataritzako sailburuorde Isabel Muela, Turismo eta Ostalaritzako zuzendari Maider Etxebarria, Basquetourreko zuzendari Harkaitz Millán eta beste hainbat ordezkari publiko eta pribatu.

Miramar jauregian banatu dira kalitatearekin, berrikuntzarekin eta ingurumen-jasangarritasunarekin erlazionaturiko lehiakortasun turistikoko programa batean edo gehiagotan 2016an akreditatzea edo ziurtatzea lortu zuten 544 enpresak aintzat hartzeko errekonozimenduak.

“Euskadi da nagusi Espainiako lehiakortasun-programetan, eta halaxe da bai Helmuga Turistikoen Kalitateko jardunbide egokietan, bai teknologien erabileran, bai kalitate turistikoaren Q duten enpresetan”, azaldu du Retortillo sailburuak Estatu idazkariarekin batera Euskadik programa optimizatzeko egiten duen pilotajerari dagokionez.

“Turismoari esker herrialde hobea eta herritar hobeak gara. Bidaiarien herria da gurea, baina baita beste latitude batzuetako bidaiariak hartzeko eta bidaiariek gozatzeko herria ere”, jarraitu du esanez Retortillok.

Alde horretatik, sailburuak azpimarratu nahi izan du “gurera turista gisa iristen diren eta gizarte-sareetan gure enbaxadore eta kronikari bihurtzen diren” pertsonengan uzten dugun arrastoaren garrantzia. Eta esan du bisitariek berehala aitortzen dutela, eta adierazten dutela, “hemen oso ongi prestatutako profesionalek hartzen dituztela, eguneroko lanean bikaintasuna erakusten dutenak, bai eta, eta hau oso garrantzitsua da, bere kulturan abegitsuak eta harkorrak izatea barneratuta duten herritarrek ere”.

Azkenik, Retortillok azpimarratu nahi izan du talde lana eta hobetzeko lana saritu direla, eta bertaratuei esan die “denok ahalegindu zarete horretan, eta zuen enpresak hobetzeko balio izateaz gainera, gure baliabide eta azpiegitura turistikoak bisitatzen eta erabiltzen dituztenen esperientzian Euskadiri balio erantsia emateko ere balio du”.

Horregatik, esan die, “ez da halabeharra Euskadiko turismoak azkenaldian errekor guztiak hautsi izana, kontuan hartuta Aste Santuan % 90etik gorako okupazioa izan dugula eta maiatzeko zubiaren hasieran aurreikuspenak % 86koak zirela”.  

Ziurtagiri programak

Kalitate turistikoaren Q programa da alor honetako zaharrena. Sektoreari ematen zaion kalitate-ziurtagiri espezifikoa da Q saria, eta bere helburua da Euskadiko turismo-enpresen lehiakortasuna hobetzea, kudeaketarako eta kalitatea ziurtatzeko sistema bat ezartzeko beharrezko erremintak emanda eta merkatuari jakinarazita. 2016an guztira 20 enpresak lortu zuten edo berritu zuten Q ziurtagiria.

Gaurko ekitaldian 160 enpresak Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak erabiltzen jardunbide egokiak baliatu izanagatik egindako ahalegina ere aitortu dute. Bertan sortutako programa bat da, eta turismo-enpresek teknologia berriak poliki-poliki ezartzeko oztopoak ezabatzeko xedearekin sortu zen.

Bestalde, 446 enpresak berritu edo akreditatu dute 2016an Helmuga Turistikoen Kalitate Turistikoaren Sistemarekiko konpromisoa, eta jardunbide egokiak ezarri dituzte beren lurralderako, jomugarako edota erakunderako. Q programa baino berriagoa da hau, eta bere helburua da jomugetan sistema orokor bat ezartzea bisitariei ematen zaizkien zerbitzuetan kalitate berdintsua lortzeko asmoarekin.

Ekoetiketa Europarra egiaztagiria 10 enpresari eman zaie. Programa berri samarra da, eta gaur egun 23 enpresa daude ziurtatuta enpresa turistikoetan ingurumen-jasangarritasuna barneratzeagatik.  

Azkenik, lehenengo aldiz eman zaizkie Energia Efizientziaren 11 ziurtagiri turismo-establezimenduei. Ziurtagiri honek Ekoetiketa Europarra programa osatzen du energiaren esparruan.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak