Berriak Segurtasuna
Eu

Euskadin % 1,07 egin du gora delinkuentziak lehenengo hiruhilekoan

2017.eko apirilak 28

Urteko lehenengo hiru hilabeteetan % 9,27 egin du gora erruztapen kopuruak

2017ko lehenengo hiruhilekoan, Ertzaintzak guztira 19.941 arau-hauste jaso ditu, iazko aldi berean baino 212 gehiago (19.729 izan ziren iaz), eta % 1,07 egin dute gora, beraz.  Aurtengo lehenengo hiru hilabeteetan, 1.000 biztanleko arau-hausteen tasa 9,11koa izan da, 2016koa baino hamar hamarren handiagoa. Azken lau urteotako bilakaera kontuan hartuta, lehenengo hiruhileko honetako zifrak 2014koak eta 2015ekoak baino txikiagoak dira nabarmen (21.361 eta 20.062, hurrenez hurren). Urteko lehenengo hiru hilabeteetan, gainera, % 9,27 egin dute gora erruztapenek, eta guztira 6.788 egin dira (2016an 6.212 egin ziren)

Datuen analisitik ateratzen den ondorioa da ondarearen eta ordena sozioekonomikoaren aurkako delituek, arau-hauste guztien % 74,66 direnek, % 1,81 egin dutela behera, eta 15.163tik 14.888ra pasatu dira. Atal honetan behera egin dute indarra erabiliz etxebizitzetan egindako lapurretek (% -17,75) eta indarra eta beldurra erabiliz egindakoek (% -21,63). Jaitsi egin dira ebasketak (% -1,86) eta motordun ibilgailuen lapurretak (% -27,39). Kalteek, iruzurrek eta ondarearen aurkako beste arau-hauste batzuek gora egin dute urteko lehenengo hiruhileko honetan (% +13,09, % +1,53 eta % +20,68, hurrenez hurren).

Delitu larrienen atalean, urteko lehenengo hiruhilekoan bi hilketa izan dira, iaz bezala, eta biak argitu dira eta hiltzaileak atxilotu eta epailearen aurrera eraman ditu Ertzaintzak.

Lesioen atalean, berriz, 2017ko urtarriletik martxora bitartean 214 kasu gehiago izan dira (% +17,41). Familia barruko tratu txarrak 183tik 259ra igo dira (% +41,53), eta familia barruko ohiko tratu txarrak, eta horietan sartzen da genero indarkeria eta/edo etxeko indarkeria, 748tik 684ra jaitsi dira (% -8,56).

Urteko lehenengo hiru hilabeteetan hauteman da sexu-askatasunaren aurkako ekintzak 85etik 110era igo direla (% +29,41), eta horien artean, 2016ko aldi berean baino 14 sexu-eraso gehiago gertatu dira.

Azkenik, eta lehenengo hiruhilekoko estatistika aztertzean, adieraz daiteke gora egin duela segurtasun kolektiboaren aurkako arau-hausteen kopuruak (% +8,30), eta behera, aldiz, droga-trafikoarekin zerikusia dutenenak (% -2,94).

Erruztapen penalak

Erruztapen penalei dagokienez (atxilotuak eta ikerketapean geratu direnak), lehenengo hiruhilekoan Ertzaintzak lortu du, prebentzio eta ikerketa lanen bitartez, 6.788 pertsona erruztatzea, eta hori iaz baino % 9,27 gehiago da, eta, gainera, azken lau urteotako daturik onena ere bada. 

Lurraldeak eta hiriak

Urteko lehenengo hiruhilekoan erruztapen penalek behera egin dute Gipuzkoan (% -0,44), eta Araban eta Bizkaian, aldiz, % 1,69 eta % 1,60 egin dute gora. 50.000 biztanletik gorako udalerriei dagokienez, behera egin dute Vitoria-Gasteizen (% -3,73) eta Barakaldon (% -4,96), eta gora egin dute, aldiz, Getxon (% +0,47), Bilbon (% +5,72), Donostian (% +8,14) eta Irunen (% +10,12).

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @rgartzia
    2017.eko maiatzak 01

    Comentario de Twitter:
    Euskadin % 1,07 egin du gora... https://t.co/GqfYmwddso