Berriak Herrizaingoa
Eu

Terrorismoaren biktimei osoko laguntza emateko sistema garatzen duen Dekretua onartu dute (2010-11-09(e)ko Kointseiluan hartutako erabakia)

2010.eko azaroak 09

Dekretua, terrorismoaren biktimei laguntza integrala emateko sistema garatzekoa.

Terrorismoaren biktimei osoko laguntza emateko sistema garatzen duen Dekretua onartu du gaur Gobernu Kontseiluak. Horrela, terrorismoaren biktimak izan dezakeen beharrizan bakoitza betetzeko osoko babes eta laguntza sistema bat garatzea lortu da, Terrorismoaren Biktimei Aitorpena eta Erreparazioa Egiteko Legean aurrikusi zen bezala.

Herrizaingo, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa, Justizia eta Herri Administrazioa, Etxebizitza eta Herri-Lan eta Garraio sailburuek proposatutakoa da Eusko Jaurlaritzak gaur onartu duen Dekretua. Herri Administrazioari dagozkion esparruetan terrorismoaren biktimen beharrizanak arintzeko osoko laguntza sistema bat garatzea du helburu.

Biktimei eman beharreko laguntzei buruzko Legeak ezartzen dituen aurrikuspenak osatu eta garatu egiten ditu Dekretu berriak: diru-laguntzen zenbatekoa eta prozedura edo antolaketa bezalako gaiak zehazten ditu. Halaber, xede bera duten sorospen, babes eta onarpen moduak ere garatzen ditu, esaterako, babes juridikoarekin zerikusia dutenak.

Proposamen orokor gisa, gaur onartutako Dekretuak ekintza terroristek eragindako kalteen aurrean administrazioak hartu beharreko neurriak eta biktimei eskaini beharreko laguntzak zehazten ditu. Horrela, biktimei itzultzea posible den guztia osorik bueltatuko zaiela eta betiko bizitza berreskuratzeko behar duten laguntza guztia emango zaiela bermatu nahi da.

Dekretuan biltzen diren laguntzen artean, ekintza terroristek eragindako kalte zuzenak konpontzea xede dutenak zehazten dira. Etxebizitzek; ibilgailuek; industria eta saltoki-guneek edo alderdi politikoen, sindikatuen eta gizarte erakundeen egoitzek jasandako kalte materialak babestuko dituzte laguntzek eta baita halako kasuetan biktimen lekualdatzeak eta behin-behineko ostatuak suposatzen duen gastuei aurre egiteko ere. Era berean, prebentzio neurri gisa segurtasun sistemak jartzeko ere diru-laguntzak emango dira.

Terrorismo delituetan biktimen laguntza juridikoa bermatzeko diru-laguntzak emango zaizkie, defentsa lanek dakartzaten gastuei aurre egiteko eta epaiketa penaletan akusazio bezala aurkezteko ordezkaritza juridikoa izan dezaten ziurtatzeko.

Osasunaren esparruan, ekintza terroristen ondorioz biktimek jasandako zauri fisiko eta kalte psikologiko guztiak sendatzeko beharrezko beste diru-laguntza emango direla aurrikusten du dekretuak. Halako sorospena osasun sistemaren zentroetan emango da, eta egoeraren larritasunak hala eskatzen badu, itundu gabeko erietxe pribatuetan.

Heziketa arloari begira, ikasketa-gastuak ordaintzeko diru-laguntzak emango dira, bekak eta ikasketa-laguntzak barne, eta akademia-espedienteen lekualdatzeak erraztuko dira.

Lanbideari dagokionez, biktimak lan mundura itzularazteko neurriak bultzatuko dira. Funtzionari publikoen kasuan, lantokiz aldatzeko erraztasunak emango zaizkie eta baita lan-utzialdiak, lanaldi-laburtzeak eta bestelakoak hartzen laguntzeko neurriak bultzatuko dira.

Etxebizitza sailean hainbat neurri aurrikusi dira: ezintasunen bat duten biktimen etxebizitzak doitzeko, alokairurako laguntzak eskaintzea, etab.

Laguntza orokorren barruan aipatu ez diren kasuetarako laguntza bereziak emateko aukera ere jasotzen da Dekretuan.

Dekretuak, azkenik, laguntza ezberdinak lortzeko bete beharreko ezaugarriak, eskaerak aurkezteko epeak eta beren tramitazioan kontuan hartu beharreko gorabehera guztiak zehazten ditu. Era berean, aipatutako laguntzak bestelako administrazioek eskaintzen dituztenekin bateragarriak izan daitezkeela ere adierazten du Dekretuak. Beti ere, laguntza horiekin jasotako diruak ezingo du gainditu kaltearen beraren kostua, ordaindu beharreko ekintzarena eta ezingo da noski, laguntza bera birritan jaso.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan