Berriak Kultura eta Hizkuntza Politika

Zupiria sailburua Bilboko Arte Ederren Museoaren eta BBVA Fundazioaren arteko lankidetza-hitzarmen berriaren sinaketan izan da

2017.eko apirilak 26

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua Bilboko Arte Ederren Museoaren eta BBVA Fundazioaren arteko lankidetza-hitzarmenaren sinaketan izan da gaur. Erakunde biek beren arteko akordio hau berritu dute eta, horren bidez, Bideoarteko eta Sorkuntza Digitaleko Programa sortu dute. Programari hasiera emateko, Beatriz Caravaggio artistaren Different Trains obra egongo da ikusgai, Steve Reich konpositorearen izen bereko musika-piezan oinarrituta.

Bi erakundeen arteko lankidetza 2002. urtean hasi zen. BBVA Fundazioak museoarekin duen konpromisoa (Patronatuko kide ere bada) kultura babesteko ildoaren barruan dago sartuta; hain zuzen ere, fundazioa zenbait erakunderekin konprometitu da, gure garaiko adierazpen artistikorik berritzaileenak eta bereizgarrienak sortzen eta zabaltzen laguntzeko asmoz.

Azken urteotan, BBVA Fundazioak bideoartearen eta sorkuntza digitalaren sustapena eta zabalkundea sartu du bere ardatzen artean; izan ere, formatu horrek –mugitzen den irudiarenak, alegia– erabat garaikidea den sorkuntza-ildo berria ireki du. Alabaina, bideoarteak sentsibilitate kolektiboari egindako ekarpenak ez du behar bezalako babesik eta aitortzarik jaso, eta BBVA Fundazioak hutsune hori bete nahi du. Horretarako, Multibertso Beken deialdi irekia egiten du urtero, bai eta enkargu bereziak ere, tartean Beatriz Caravaggiori egindakoa.

Different Trains apirilaren 26tik irailaren 25era bitartean egongo da ikusgai Arte Ederren Museoko 33. aretoan.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak