Eu

Beatriz Artolazabal:“Europako Batzordeak Eskubide Sozialen Zutabearekin proposatutako birdefinizio sozialak Batasuna kohesionatzen du”

2017.eko apirilak 26

 

  • Bruselak Eskubide Sozialen Europako Zutabea aurkeztu du.
  • Herrialde eta eskualdeek protagonismo aktiboa dute bertan.
  • Printzipio eta eskubideek aukera-berdintasuna eta lan-merkaturatzeko aukera, bidezko lan-baldintzak eta gizarte-babesa eta gizarteratzea dituzte ardatz.
  • Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak herrialde eta eskualdeen ekarpena nabarmendu du.
  • Gurasoek eta zaintzaileek lan-bizitza eta familia bateragarri egitea sustatzeko ekimena da.
  • Europar Batasunak munduko gizarte-babeserako sistema aurreratuenetako bat dauka, baita jardunbide egoki eta gizarte-berrikuntza sorta zabala ere.
  •  “Aurrekaririk gabeko aldaketa sozialei aurre egin eta horietara egokitu behar gara”.

 

VG 26 04 17

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuaren ustez “Europako Batzordeak Eskubide Sozialen Zutabeari esker proposatzen duen birdefinizio sozialak Batasuna bera eta bertako herrialde eta eskualdeak kohesionatzen ditu”. Europako Batzordeak gaur goizean aurkeztu ditu Bruselan “Eskubide sozialen Zutabea” deiturikoaren oinarriak. Bertan ezartzen ditu lan-merkatuak eta bidezko gizarte-babeserako sistemak sustatzeko oinarrizko hogei printzipio eta eskubide. Zutabe horren bidez, bateratze-prozesu berriari emango zaio bide, Europan bizi- eta lan-baldintza hobeak lortzea helburu, “eurogunean” eta EBeko Estatu kide guztietan edo EBekoak izan nahi duten estatuetan.

 Artolazabalek nabarmendu duenez, “Eskubide Sozialen Europako Zutabeak hainbat alderdi azpimarratzen ditu, esaterako, guraso eta zaintzaileen lan-bizitza eta familia bateragarri egitea, langileen informazioa eta gizarte-babesa eta lanerako denbora izateko aukerak”.

 Europako Batzordeko presidente Jean-Claude Junckerrek adierazi duenez, “lehentasun sozialak Europako ekintzen erdigunea izaten saiatu gara, leku hori baitagokie. Eskubide Sozialen Zutabe horri eta horrekin batera proposatutako lehen ekimen-sortari esker, elkarrekin idatzitako kapituluari ekin diogu: estatuek EBeko erakundeek, gizarte-solaskideek eta gizarte zibilak idatzi dugu, ardurak gure gain hartuta. Urtea amaitzerako, Zutabe horrek babesa maila politiko altuenean jasotzea gustatuko litzaidake”.

 Eskubide Sozialen Europako Zutabea Batzordeak prestatu du, Dombrovskis presidenteordearen eta Thyssen komisarioaren zuzendaritzapean. Gizarte-eragile eta erakundeekin harreman estua izan dute horretarako. Zutabe horrek jada EBean ditugun eskubideak berretsi eta osatu egin ditu, errealitate berriak kontuan hartzeko. Zutabean bildutako printzipio eta eskubideak hiru kategoriatan banatuta daude: aukera-berdintasuna eta lan-merkaturatzeko aukera, bidezko lan-baldintzak eta gizarte-babesa eta gizarteratzea. Lan-munduaren eta gizartearen bilakaera nola jorratu azpimarratzen du, oso lehiakorra den eta enplegu osoa eta aurrerapen soziala izateko joera duen merkatu-ekonomia sozialaren Itunek agindutakoa betetzeko.

 Batzordeak adierazi duenez, “Europako erakundeek gaiaren esparrua ezarriko dute eta Zutabe hori ezartzeko bidea gidatuko dute. Horretarako, Estatu kideen eskumenak eta elkarrizketa sozialaren tradizioak errespetatuko dira. Zutabearen hainbat printzipio eta eskubidek bestelako lege-ekimenak beharko dituzte behar bezala aplikatu ahal izateko. Beharrezkoa denean, indarrean dagoen EBeko Zuzenbidea egokitu eta osatuko da eta behar bezala aplikatuko da”.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak