Eu

Joxean Muñoz Kulturako sailburuordeak aditzera eman ditu Gure Artea Sarien 2017ko irabazleen izenak

2017.eko apirilak 27

Alaitz Arenzanak eta María Ibarretxek gidatzen duten Sra. Polaroiska proiektua, María Luisa Fernández eta Azala ekimena izan dira aurtengo saridunak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak gaur eman ditu aditzera Gure Artea Sarietako 2017ko irabazleak. Joxean Muñoz Kulturako sailburuordeak Bilboko Arte Ederren Museoan iragarri duenez, emakumeak eta emakumeek gidatutako proiektuak izango dira aurtengo saridunak. Ibilbide artistikoari dagokion modalitatean, María Luisa Fernándezek jasoko du saria. Sorkuntza-lana aitortzeko modalitatean, Sra. Polaroiska ekimena osatzen duten Alaitz Arenzana eta María Ibarretxe dira aurtengo irabazleak. Azkenik, Azala proiektua da aurtengo irabazlea ikusizko arteen arloan egindako lana aitortzen duen modalitatean. Irabazleek ekainaren 15ean Donostiako Tabakaleran egingo den gala batean jasoko dituzte sariak.

Joxean Muñoz sailburuordearekin batera, Ane Rodriguez, Manu Muniategiandikoetxea eta Mabi Revuelta epaimahaikideak izan dira gaur Bilboko Arte Ederren Museoan. Sailburuordeak sari hauen garrantzia azpimarratu du: “Aintzatespen politikaren barruan koka dezakegu proiektu hau, funtsezkotzat hartzen dugun alderdi bat. Eusko Jaurlaritzak bere konfiantza ematen die aditu batzuei erabaki dezaten zeintzuk izango diren artista eta proiektu saridunak; horrek balioa ematen dio sariari. Hortik aurrera, Jaurlaritzak, hiritarren izenean, bere aitortza publiko hori helarazten die artistei. Arreta haiengan jartzen denez, beren lana agerikoagoa egiten da publiko orokorrago batentzat”.

  Epaimahaikideek beren ebazpena irakurri dute gaurko prentsaurrekoan. María Luisa Fernándezen kasuan, bere “indar liluragarria” azpimarratu dute eta Euskal Eskultura Berriaren bidez izandako eragina nabarmendu dute. Bigarrenik, Sra. Polaroiska proiektuari dagokienez, “sormen garaikidearen alorrean egindako ekarpena” nabarmendu dute eta lantzen dituzten esparruen aniztasuna azpimarratu dute. Azkenik, epaimahaikideek Azala guneak artistei eskaintzen dizkien aukerak nabarmendu dituzte: “Leku irekia da, bertan sortze-lanaren edozein fase bizkortzeko prest daude, elkarlanean; partekatu egiten dira artegile guztien sorrera edo ikerketa-prozesuak, eta etengabeko prestakuntzari ere heltzen zaio”.  

Sari hauek sormenaren garapena bultzatzea dute helburu, arte-sorkuntzarako pizgarriak erraztuz eta aitortza eskainiz arte sorkuntzari. Horrez gain, euskal arte garaikidearen hedapena errazteko xedea dute, arte plastiko eta ikusizkoen arloan gizartearen aitortza bideratuz. Guztira 54.000 euro bideratuko dira ekimen honek saritzen dituen hiru modalitateetara: ibilbide artistikoa saritzen duena, sorkuntza-lana aitortzeko asmoa duena eta arte plastiko zein ikusizkoen eragileen sustapenaren ingurukoa. Irabazle bakoitzak 18.000 euro jasoko ditu.

Lehenengo modalitateak, lan eta ibilbide osoa aintzat hartuta “egindako lan sortzaileagatik eta kulturari zein arte garaikideei egindako ekarpenagatik” nabarmentzen den artisten lana saritzen du. Bigarren modalitateak azken urteak hartzen ditu kontuan, eta “bere jarduera artistikoagatik zein sorkuntza garaikideari egindako ekarpenagatik nabarmendu den artista edo artista-taldea” saritzen du. Azkenik, hirugarren modalitateak arte plastiko eta ikusizkoen arloan eragileek egindako sustapen lana saritzen du.

2017ko Gure Artea Sarien epaimahaiburua Arantza Lauzirika izan da. Berarekin batera, Ane Rodriguez, Enrique Martínez Goikoetxea, Mabi Revuelta eta Manu Muniategiandikoetxea izan dira epaimahaikideak. 

3 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @CamiladeEpalzaA
    2017.eko apirilak 28

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: El viceconsejero de Cultura, Joxean Muñoz, ha anunciado los ganadores de los Premios #GureArtea2017 ➡ https://t.co/AwRwn8JASP h…

  • @azalaespazioa
    2017.eko apirilak 27

    Comentario de Twitter:
    RT @tabakalera: Zorionak Sra. Polaroiska (Alaitz eta María), @azalaespazioa eta María Luisa Fernándezi. #GureArtea https://t.co/djVheTDp8w

  • @tabakalera
    2017.eko apirilak 27

    Comentario de Twitter:
    Zorionak Sra. Polaroiska (Alaitz eta María), @azalaespazioa eta María Luisa Fernándezi. #GureArtea https://t.co/djVheTDp8w

Ekitaldiko kargudunak